Beldur Barik 2017 ikus-entzunezko lehiaketa gaur jarri da abian

cartel-2017.jpg

2017.eko irailak 11

Gaur, irailak 11n, Beldur Barik programaren edizio berri bati hasiera emango zaio. Programa hau urtero egiten da gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko asmoarekin. Emakundek antolatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDEL-en babesa eta beste erakunde batzuen laguntza jasotzen du: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila, Enpleguko eta gizarte politiketako sailaren Gazteria Zuzendaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea  (UPV/EHU) eta EITB. Egitasmoa 2009an sortu zen berdintasunaren aldeko euskal udalen Berdinsarea sarearen barruan.

Aurten, Eibar izango da Beldur Barik Herria, bertan ospatuko baita Topaketa, zeinean lehiaketako sariak emango diren eta tailerrak eta beste hainbat ekimen burutuko diren. Hori dela eta, udazkenean ekimen ugari antolatuko dira udalerriko eragileekin batera, urtean zehar gazteekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzeko egindako esku-hartzeak osatuko dituztenak.

Beldur Barik lehiaketa programaren ekintza nagusienetako bat da. Aurtengo edizioko kartelaren eta lehiaketa iragartzeko spotaren protagonistak iazko edizioan parte hartu zuten gazteak dira . 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek erakutsi behar dute nola neska eta mutilek ezberdintasun egoerei aurre egiten dieten Beldur Barik jarrerarekin; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin. Lanak aurkezteko epea irailaren 11an irekitzen da eta azaroaren 13an itxiko da. Parte-hartzeko bi kategoria daude: batetik, 12-17 urte bitartekoak, eta, bestetik, 18-26 bitartekoak. Lehiaketan parte hartu daiteke bakarka edo taldeka (ikastetxe bat, gela bat, elkarte bat). Iazko edizioan 363 lan eta 2.348 gazte aurkeztu ziren. Datuek erakusten dute,beraz, urtean-urtean lehiaketaren harrera ona handitzen doala.

LEHIAKETAREN OINARRIAK

Programak, gainera, web gunea eta sare sozialetan perfilak ditu (facebook, twitter, instagram eta spotify) Beldur Barik jarrera gazteekin batera garatzeko. Aurten, Telegram kanala ireki da. Sortutako eduki eta interaktuazioarekin, hausnarketa eta eztabaida prozesuak ireki nahi dira. Helburua da jarrera eta jokabide sexisten eraldaketarako espazio positibo eta erreferentea sortzea, non kultura matxistarekin hausten duten pertsona eta ekimenak ezagutzera ematen diren.

Beldur Barik Jarrera

Beldur Barik ez da bakarrik ikus-entzunezko lehiaketa soil bat, aurkeztutako lanek Beldur Barik jarrera azaldu behar baitute. Hau da, kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen desberdinak eraldatzeko norbanako zein taldekako konpromisoa isladatu behar dute. Beraz, kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, nesken jabekuntzatik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen matxismoaren aurkako konpromisoa erakusten dutenak.

Adierazpen artistiko mota oro onartuko da, baldin eta ikus-entzunezko formatuan aurkezten bada. Kategoria bakoitzeko 500 euroko lehen sari eta 300 euroko aipamen berezi  bana banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko  herri bozkaketaren bitartez parte-hartze saria emango da. Baita, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratzeko saria ere, 300 euroko saria jasoko duena.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute: proiektua bultzatzen duten instituzioetako ordezkariak; feminismoa, sorkuntza, kultura eta hezkuntza  arloekin lotutako pertsonak; eta aurreko urteetako lehiaketako partaideak. Epaimahaiak kategoria bakoitzeko sariak eta ikus-entzunezko ekoizpen onenaren saria aukeratuko ditu, eta herri bozkaketaren bitartez parte-hartze saria, berriz, Beldur Barik web gunearen bitartez egingo da (azaroaren 24tik azaroaren 27ra).

Eibar, Beldur Barik Herria

Aurten, saritutako lanak abenduaren 2an ezagutuko dira, Eibarren ospatuko den Beldur Barik Topaketan. Urtero antolatzen den topaketa da, zeinetan jai giroan eztabaidak, prestakuntza tailerrak eta bestelako ekintzak antolatzen diren. 

 
Euskadi, auzolana