Emakundek aurten ere erakutsi dio bere babesa Hondarribiako alardeko Jaizkibel konpainiari

alarde.jpg

2017.eko irailak 08

Emakunde Hondarribian izan da gaur, aurten bere sorrerarik 20 urte betetzen dituen Jaizkibel konpainia mistoari bere babesa eskaintzeko eta jaietan emakume eta gizonen parte hartzea berdintasunean oinarritutakoa izatearen aldeko euren errebindikazioarekin bat egiteko. Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, eta idazkari nagusiak, Zuriñe Elordik euren babesa eman diote alarde mistoari Udaletxeko arkupeetatik.

Landaidak adierazi du bihar jai giroa, errespetua eta bizikidetza nagusi izatea espero duela eta  gogoratu  du gero eta herri gehiago direla herritarren laguntzarekin euren tradizioak egokitu dituztenak emakume eta gizonen berdintasuna bermatzeko. Emakunderen ustetan tradizioak herrien giza kohesiorako funtsezko elementuak dira, testuinguru jakin batean sortzen diren tradizioak, baina eboluzionatu egin behar dute garai berrietara egokitzeko. Honek ez du tradizioen kontra egitea suposatzen, aberastea baizik, emakume eta gizonei eskubide berdinak emanez.

Emakunderen ustetan, elkarrizketa da bide eraginkorrena errespetuan eta emakume eta gizonen arteko berdintasunean aurrerapausoak emateko. Emakunderen iritziz elkarrizketa lehen pausoa da, ezinbestekoa, elkarbizitza lortzeko eta gogoratu du herriaren gehiengoak erakunde publikoei eskatzen diela jarrera aktibo bat izan dezaten konponbide batera heldu ahal izateko. Hau dela eta, deia egin die udaleko talde politikoei elkarrizketa prozesua bultzatu dezaten.

Emakundek gogoratu nahi du berdintasuna balore soziala eta demokraziaren oinarrizko ardatza dela, eta erakunde publikoek oztopoak gainditu eta beharrezkoak diren neurriak bultzatzeko obligazioa dutela emakumeek ospakizun honetan parte hartu ahal izan dezaten gizonek dituzten baldintza berberekin. Horretarako ikusten du elkarrizketa, elkarlana eta akordioa direla arazo hau konpontzeko tresnak. Eta hain justu tresna horiek erabiltzen jarraituko du Emakundek, orain arte egin duen bezala, hainbat herrietan egin dutena ikusita, posible delako tradizioak egokitzea.    

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 
Euskadi, auzolana