Genero indarkeria jasan duten bederatzi emakumeen testigantzak jasotzen dituen filmea aurkeztu du Emakundek

volar.jpg

2017.eko abuztuak 30

Emakunde-Emakumearen Euskal Institutuak “Volar” pelikula aurkeztuko du Donostiako Zinemaldian. Bertha Gaztelumendik zuzendutako pelikulan, indarkeria jasan duten bederatzi emakumeren testigantzak jasotzen dira. Ekimena emakumeek beraiek beraien testigantzak publiko egiteko sentitutako beharretik sortu da eta genero indarkeriaren aurkako lan ausarta eta konprometitua da.

Astebetez elkarrekin biziko dira bederatzi emakumeak euren etxeetatik urrun dagoen baserri batean. Giro horretan, aukera izango dute lasaitasunez hitz egiteko euren bizitzei buruz, eta azaldu ahalko dute indarkeriak euren bizitzak nola baldintzatu dituen.

Emakundek pelikula honen sorkuntza sustatu du emakume hauen testigantzak aldaketarako pizgarri izan daitezen, eta emakumeen kontrako indarkeriaren atzean zer dagoen azaltzeko ahalegina egiteko: nola eragiten die indarkeriak emakume hauen bizitzei eta euren ingurukoei, eta zein ondorio dakartzan. Pelikulako protagonistek gertatu zaiena kontatu nahi dute, gizarteak ulertu dezan zer den bizi izan dutena.

Pelikulak indarkeria jasaten duten emakumeen dibertsitatea erakusten du baita ere. Era honetara, protagonistak oso ezberdinak dira. Euren artean daude arkitektoa, unibertsitateko irakaslea, garbitzailea, gaztelaniazko irakaslea, historialaria, adinekoen zaintzailea, ikaslea eta boluntario lanak egiten dituen emakumea.

Adin eta zeregin desberdinak dituzte baina elkar ezagutzeko gai dira hitzen beharrik izan gabe. Biolentziazko infernu horri aurre egiteko kuraiak batzen ditu baita pairatutako sufrimenduari zentzu bat eman nahi izateak ere. Eta euren bizi-esperientzia eskaintzen diete beste emakumeei eta gizarteari, eta ozen esaten diete inoiz izan direla indarkeriaren biktima baina gaur gainditu dutela eta beste emakume batzuentzako lagungarri izan daitezkeela. Pelikularekin, indarkeria jasan duten emakume guztiei eta indarkeriari aurre egiten ari diren guztiei egin nahi zaie omenaldia.

PELIKULAREN TRAILERRA

 
Euskadi, auzolana