Prentsa digitalaren foroetako iruzkin anonimoetako matxismoa aztertu du Emakunderen beka jaso duen ikerketa batek

2017.eko abenduak 13

  • Iruzkinok bereziki zalantzan jartzen dituzte genero indarkeria, pobreziaren feminizazioa eta emakumeen lan diskriminazioaren existentzia
  • Indarkeriari dagokionez, askotan jartzen da zalantzan biktimaren testigantza
  • El Correo, Noticias de Alava, Gara-Naiz eta Berria-ko komentarioak aztertu dira eta ezberdintasunak daude haietako foroen artean

 

Rut Iturbide, Patricia Amigot eta Maria Isabel Menendezek landutako Emakumeen notizien inguruko neomatxismoa. Publikoaren parte hartzea EAEko foro mediatikoetan izenburuko ikerketak Emakunderen berdintasunaren aldeko beka jaso du eta honen helburua izan da prentsa digitalean irakurleek egiten dituzten iruzkinak genero ikuspegi batetik ikertzea. EAEko lau egunkari digitaletako iruzkinak aztertu dira, 2016ko abuztua eta 2017ko martxoa bitartean: El Correo, Noticias de Álava, Gara Naiz eta Berria.

Ikerketak argi erakusten du emakume eta gizonen berdintasun eza zalantzan jartzen duten iruzkin matxista asko agertzen direla zenbait foroetako irakurleen iruzkinetan. Zalantzan jartzen da berdintasun eza, baita hura gainditzeko egiten diren ekintza guztiak ere, eta batzuetan gizonak biktima balira bezala agertzen dira. Honekin batera, mugimendu feministak eta erakundeek berdintasunaren alde egiten dituzten ekintzak zalantzan jartzen dira.

Bereziki jartzen dira zalantzan berdintasunarekin zerikusia duten honako gai hauek: genero indarkeria, pobreziaren feminizazioa eta emakumeen lan diskriminazioa. Batetik, hauen existentzia ukatzen da, eta bestetik, genero indarkeriaren kasuan bereziki, biktimaren sinesgarritasuna kolokan jartzen da. Emakumeen testigantzak askotan agertzen dira susmagarri bezala, edo asmatutako zerbait bezala gizonei min egiteko. Aztertzen den kasuetako bat, adibidez, San Ferminetako talde bortxaketarena da, eta kasu honetan, berria argitaratu berritan, asko izan ziren biktimaren testigantza kolokan jarri zuten iruzkinak.

Sexismoa eta gorrotoa erakusten duten iruzkinez gain, gehien agertzen direnak, hala ere, sotilagoak dira eta emakumeen gaitasunen aitorpenen kontrakoak dira. Zalantzan jartzen da haien ahalmena zenbait gauza egiteko edo arrakasta izateko. Emakumeen jakintzaren ukapen hau, askotan dator mansplaning bezala izendatua izan den fenomenoarekin batera: «Gizon batek norbaiti, normalean emakume bati, zeozer azaltzea kondeszendentziaz edo gurasokeriaz».

Honekin batera, troll-en existentzia ere egiaztatzen du ikerketak, batzuk askotan agertzen baitira gai berdintsuak iruzkintzen, emakume eta gizonen berdintasun eza ukatzen beti ere.

 

Foroen arteko diferentziak

Ikerketak azaltzen duenez, diferentzia nabarmenak daude komunikabide ezberdinetako foroen artean. Hala, El Correo eta Noticias de Álava-ko foroetan erreakzio ugari sortu dituzte genero indarkeriari buruzko notiziek, eta  Gara Naiz eta Berria-n aldiz, ez da hainbeste erreakzio sortu, salbuespen batzuk kenduta. Hala ere, guztietan, azken bi hauetan ere, lan diskriminazioa eta soldata arrailaren existentzia jartzen dute kolokan iruzkinetako batzuek.  

 
Euskadi, auzolana