Publizitate eta komunikazioan sexismoa antzemateko eta kexak bidaltzeko mugikorretako aplikazio bat aurkeztu du Emakundek

2017.eko uztailak 19

  • Begira app-ren helburu nagusia hiritarra, agentziak eta medioak sentsibilizatzea da, berdintasunean oinarritutako publizitate eta komunikazio baten alde
  • Begira batzordeak enpresei iradokizunak bidali eta euren neurrirako prestakuntza saioak eskaintzen dizkie 

 

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak Begira, Publizitate eta Komunikazio ez sexista erabiltzeko Aholku Batzordearen bitartez,  gailu mugikorretarako aplikazioa bat eguneratu eta martxan jarri dute (2.0 Android sistemarako eta 2.0 IOSerako), herritar orok publizitatearen eta komunikazioaren eremuetan erabilera sexistak antzeman, identifikatu eta kexak aurkeztu ahal ditzan. BEGIRA app-a doako aplikazioa da, jardunbide txarrak erraz antzemateko balio duena, eta publizitatean eta komunikazioan egon daitezkeen erabilera sexistei buruz kexak bidaltzeko, edozein lekutatik eta nahi denean.

Aplikazioaren bitartez, iragarkia edo berria deskriba daiteke, zergatik iruditu zaigun sexista azaldu, irudi bat erantsi eta kexa bidali. Gainera, aplikazioak menu bat dauka hainbat aukerekin: hizkuntza, iruzkinak eta dokumentuak eta helbide osagarriak. Jasotako kexak dagozkien organo eta erakundeetara bideratzen dira, publizitate eta komunikazio dekalogoetan oinarritutako gomendioak emateko eta kexekin bat egiten duten prestakuntza- eta sentsibilizazio-saioak planteatzeko.

 

Prestakuntza eta sentsibilizazioa

Begira-ren zeregina nagusiki prestakuntza eta aholkularitza ematea eta sentsibilizatzea eta ikertzea da, baina, horretaz gainera, herritarrek publizitatearen eta komunikazioaren eremuetan antzeman dituzten eduki eta mezu sexisten inguruko kexakjasotzeko eta tramitatzeko bidea ere izan da.

Iaz jasotako kexa gehienak honako gaiei buruzkoak izan ziren: estereotipo eta rolen indartzea, gaztetasunarekin, argaltasunarekin eta gorputzaren perfekzioarekin zerikusia duen edertasun eredu bakarra aurkeztea. Komunikazioaren arloan, horrez gain, kexak emakumeen kontrako indarkeriaren tratamendu informatiboari buruzkoak izan dira.

Begira-ren beste eginkizunetako bat da publizitate eta komunikazio ez-sexistaren inguruan sentsibilizatzea eta horri buruzko prestakuntza eta aholkularitza ematea. Batzordea sortu zenetik, bere proiekturik nabarmenena izan da espazio partekatu bat sortzea hedabide eta publizitate-agentziekin,Kode Deontologikoa eta Autorregulazio Kodea egiteko lankidetza-prozesu batean. Lan horren fruitu dira Kode deontologikoa eta bere dekalogoak, bat komunikazioaren arlorako, bestea publizitate arlorako.

Kodeari bere atxikimendua erakutsi ondoren, medioek bere eguneroko jardunean kodeetan agertzen diren irizpideak jarraitu ditzaten, eskatu duten medio guztien egoitzetan prestakuntza programa bat jarri du abian Begira batzordeak.

 
Euskadi, auzolana