2018ko Berdintasunerako Emakunde saria UPV-EHU-ko Berdintasuneko eta Deustuko emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko masterrei

2018.eko abenduak 13

  • Berdintasuneko eta emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko politiken eremuan goi-prestakuntzako profesionalizazioari egiten dioten ekarpena azpimarratu du epaimahaiak
  • Bi masterrek Euskaditik kanpora eta Euskadin bertan berdintasun-politiken arloan gizarte-erreferente bilakatu direla nabarmendu du baita ere

 

Berdintasunerako Emakunde Saria, azken edizioan, honako hauek eskuratu dute: UPV/EHUko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna: Berdintasunaren Eragileak Masterrak eta Deustuko Unibertsitateko Emakumeen Kontrako Indarkerian Esku hartzeko Masterrak, 2001ean eta 2003an sortutakoak, hurrenez hurren. Epaimahaiak nabarmendu du gaur egun berdintasun-politiketan lan egiten dutenek, master horien bidez, beren lana goi-mailako prestakuntzarekin bete dezaketela eta beren jardueran beharrezko genero-ikuspegia sar dezaketela. Bi master horietako arduradunek saria Lehendakariaren eskutik jasoko dute, apirilaren erdialdean.

 

Berdintasunerako Emakunde Sariaren epaimahaiak gehiengoz adostu du 2018ko edizioan Berdintasunerako Emakunde Saria honako hauei ematea: UPV/EHUko “Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna: Berdintasunaren Eragileak” Masterrari eta Deustuko Unibertsitateko Emakumeen Kontrako Indarkerian Esku hartzeko Masterrari. Hala erabaki du, berdintasuneko eta emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko politiken eremuan goi-prestakuntzako profesionalizazioari egiten dioten ekarpenagatik.

UPV-EHUko Berdintasunaren masterra 2001ean sortu zen eta, harrezkero, erreferente akademikoa da gaian, eta diziplinarteko prestakuntza teoriko eta praktiko zabala du, ikuspegi feministatik. Bereziki sakontzen du berdintasun-politiketan, eta, horretarako, erakunde-eremuan erabiltzen diren tresnak eta neurri zehatzak ematen ditu ezagutzera. Halaber, erakunde publiko edo pribatuetan berdintasun-agente diren edo izateko aukera edukiko duten ikasleek prestakuntza hobea izateko zeharkako beste gaikuntza batzuk eskaintzen ditu. Gainera, master horren esparruan emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko lanean inplikatuta dauden pertsonen sarea sortu da.

Deustuko Unibertsitateko Emakumeen Kontrako Indarkerian Esku hartzeko Masterra, 2003tik, erreferente aitzindaria eta paregabea da emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko arloko prestakuntza berezia eskaintzen, gaian dagoen gizarte-eskari handiari erantzuteko.  Hori horrela, honetan ere diziplinarteko ikuspegitik, ikasleei gaikuntza ematen die ikuspegi holistikotik esku-hartzeak diseinatzeko, planifikatzeko, kudeatzeko, gauzatzeko eta ebaluatzeko beharrezko gaitasunak berengana ditzaten. Gaian ikerlan aplikatu eta hausnarketa-lan ugari sortu ditu, masterreko amaierako tesinen bidez. 

Epaimahaiak, hori guztia kontuan hartuta, honako hau nabarmendu du: batetik, berdintasuneko eta emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko prestakuntza espezializatuaren eta kalitateko prestakuntzaren aldeko apustua. Era berean, master horiek duten eragin biderkatzailea nabarmendu du, izan ere, horrek laguntzen du gaur egun berdintasun-politiketan –bai sektore publikoan, bai pribatuan– lan egiten duten pertsona askoren lanbide-eginkizuna goi-mailako prestakuntzarekin eta prestigioarekin egin ahal izateko eta jardueran behar den genero-ikuspegia txertatzeko. Gainera, bestetik, irakasleen artean eta ikasleen artean ezagutza feministaren eta akademikoaren eremuan aliantzak sortu direla nabarmendu du. Azkenik, bi master horiek Euskaditik kanpora eta Euskadin bertan berdintasun-politiken arloan gizarte-erreferente bilakatu dira.

Sari honen bidez, epaimahaiak, gainera, aintzatespena egin nahi die, halaber, modu batera edo bestera bi master horietan parte hartu duten edo parte hartzen duten pertsona guztiei, bereziki ikasleei, beren eragin-eremuetan goi-mailako prestakuntza, profesionalizazioa eta kontzientzia duten aldaketa-eragileak izateko prestakuntza hori berenganatzea erabaki dutelako.

 

Sariaren helburua

Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea; emakumeek egindako lana aintzat hartzea eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzearren egindako lanetan nabarmendu direnak saritzea, edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzearren egindako lanetan nabarmendu direnak ere. Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da.  Kasu honetan, bi masterren artean banatuko da.  

Emakunde Sariak lau alorretan banatzen ziren 2006ko ediziora arte. 2006an Emakundek pentsatu zuen egokia zela arloen aniztasunaren ikuspegia sartzeko beste modu batzuk antolatzea; hori dela eta, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko ekarpen bakar bat saritzea erabaki zuen, nabarmenena, edozein arlotakoa izanda ere.  Sari bakarra ematen denetik hauek izan dira sarituak: Mari Jose Urruzola 2006an, Bagabiltza elkartea 2007an, Bizkaiko Emakumeen Asanblada 2008an, Lilaton taldea 2009an, 2010ean Teresa del Valle, 2011an Irun eta Hondarribiako alarde mistoak, 2012an Bilboko Modulo psikosozialak. 2013an La Posada de los abrazos elkartea, 2014an María de Maeztu Fórum Feminista, 2015ean Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sarea eta Hitzez Baserriko Emakumeen Elkartea, 2016an Marta Macho, matematiketan doktorea eta 2017an Virginia Imaz klown eta aktorea.

 
Euskadi, auzolana