Euskal Berdintasun politikak eredutzat hartu dituzte Txileko erakundeek

2018-11-05_universidad_alberto_hurtado.jpg

2018.eko azaroak 06

Bidai laburra baina oparoa izan da Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak, Txilera egin duena. Bertan berretsi egin ahal izan du euskal berdintasun politikek nazioartean duten prestigioa, erakunde askorentzat baitira eredu, baita Txileko erakundeentzat ere. Emakundeko delegazioak bat egin du Txilen Iñigo Urkullu lehendakariaren delegazioarekin –Argentina eta Txilera egindako bidai instituzionalean dagoena– eta  Lehendakaria, Emakundeko zuzendariarekin batera, Emakume eta Genero Ekitaterako Ministro Isabel Plarekin batzartu da, eta Txileko Ministerioak eta Emakundek Elkar ulertzeko akordio bat sinatu dute Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren arloan Ideien eta Esperientzien Trukatzea Sustatu eta Sendotzeko. Akordioa sinatu ondoren Lehendakariak topaketa baloratu du, sinaturiko akordioaren xedea berdintasuna eta sentsibilizazioa sustatzea eta emakumeei indarkeriarik gabeko bizitza bat bermatzea bilatzen duten politika publikoak bultzatzeko lankidetza-mekanismo bat ezartzea dela azalduz.

Akordio honen bitartez, jarduera eta proiektu bateratuak egingo dituzte bi erakundeek, adibidez: berdintasunean eta giza eskubideen errespetuan hezteko eta emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko programei buruzko informazioa partekatzea, emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako programen eta zerbitzuen gaineko esperientzien eta ezagutzen trukea sustatzea, berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka gizonak inplikatu daitezen sustatzea eta, besteak beste, genero berdintasuna bermatzen duten laneko jardunbide egokiei buruzko ezagutza trukatzea.

Emakunderen agenda beste hainbat bilera eta agerraldirekin osatu da, zeinetan Emakundek hainbat arlotan berdintasuna sustatzeko dituen programa eta materialak aurkeztu diren. Honela, Emakundeko zuzendariak eta Emakundeko erakundeen arteko kooperazio arduradunak, Ander Bergarak, Alñberto Hurtado Unibertsitateak antolatutako Emakumeen autonomia eta konpetitibitatearen aldeko mintegian parte hartu dute. Bertan, Emakundek enpresetan berdintasuna sustatzeko dituen programe eta ekimenak  aurkeztu dituzte. Hauen artean, enpresetan berdintasun planak eta diagnostikoak egiteko diru-laguntzak, laguntza materialak, Berdintasunerako Entitate Laguntzaileen zigilua, edota enpresen arteko sareen eraikitzea. Emakundeko delegazioak bilera egin du baita ere  Unibertsitateko Errektorea den Eduardo Silva Arevalorekin eta dekanoa den Jorge Rodríguez Grossirekin. Bileraren ondoren, hiztarmena sinatu dute bi erakundeek. Emakundek osatutako materialak eredugarritzat jo dituzte eta hitzarmenaren bitartez euren unibertsitatean erabili ahal izango dituzte.

Honekin batera Las Familias fundazioko zuzendaria den Marlene Guzmanekin eta nazio mailako arduradunekin bildu da Emakundeko delegazioa, eta bereziki Gizonduz ekimenaren berri eman diete, gizonak berdintasunaren alde eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurka kontzientziatzeko eta inplikatzeko ekimena, hain zuzen ere.  Fundazioak mintegi bat antolatu du “Gizonak ta berdintasuna” izenburupean, eta bertan Gizonduz ekimenaren berri eman da.

 
Euskadi, auzolana