Euskal gazteek Gasteizen erakutsiko dute aurten indarkeria sexistaren aurkako gaitzespena

2018-11-22_BELDUR_BARIK_2018-1.jpg

2018.eko azaroak 22

  • Emakundek bultzatutako eta hiru Foru Aldundien eta EUDEL-en parte-hartzearekin Beldur Barik 2018 programaren amaiera ospatuko da azaroaren 24an Vitoria-Gasteizen burutuko den Topaketan.
  • Beldur Barik programak 58 udalerritako 309 ikus-entzunezko lan jaso ditu. Lan horietan neska eta mutilek erakutsi dute nola egiten dieten aurre ezberdintasunezko eta indarkeriazko egoerei, errespetuan, parekidetasunean, askatasunean eta autonomian oinarritutako jarrerekin.
  •  
  • Programak gazteei, indarkeria sexista identifikatzeko eta horiei Beldur Barik Jarrerarekin aurre egiteko tresnak eskaintzen dizkie.
  • Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, erakundeek puntu lila erabiltzera deitu dituzte herritarrak emakumeenganako indarkeriaren aurka daudela erakusteko.

 

Gaur goizean Gasteizen aurkeztu da 2018ko Beldur Barik programa, gazteekin batera, indarkeria sexista prebenitzeko helburua duen urteroko programa. Emakundek bultzatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, zein EUDEL-en babesa jasotzen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EITBren laguntza du. Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendariarekin batera egon dira prentsaurrekoan Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea; Nekane Zeberio, Arabako Diputatu Generalaren Kabineteko zuzendaria; María Guijarro, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako, Lankidetzarako eta Dibertsitaterako zuzendaria; Miren Elgarrezta Gipuzkoako Foru aldundiko Berdintasun Zuzendaria; eta Josune Irabien, EUDELen Batzorde Eragileko ordezkaria eta Amurrioko alkatea.

2018ko Beldur Barik Topaketa Gasteizen ospatuko da azaroaren 24an, larunbatean. Topaketaren jaian, urte osoan zehar, euskal geografia osoan gazteekin garatutako lanari amaiera eman ahal izango zaio. Topaketan Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren (12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa) sariak banatuko dira. Sari-banaketan, ezberdintasun egoerei aurre egiteko errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzunkidetasunean eta indarkeria sexistaren ukapen irmoan oinarritutako jarreren ikus-entzunezko adierazpenak saritzen dira.  

Edizio honetan 300 lan baino gehiago aurkeztu dira eta 58 udalerrik parte-hartu dute. Horietatik %76a lehen kategoriakoak dira, 12 eta 17 urte bitartekoena. Eta lanen %24a bigarren kategoriari dagozkio, 18 eta 26 urte bitartekoena. Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dira: 500 euroko lehen saria eta 300 euroko aipamen berezia. Horietaz gain, beste bi sari ere banatuko dira. Beldur Bariken webgunean egingo den herri bozkaketarekin, partaidetza saria aukeratuko da eta 300 euroko saria jasoko du. Eta, aurten ere, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratuko da 300 euroko sariarekin. Era berean, nabarmentzekoa da tokian-tokiko Beldur Barik lehiaketa ugari antolatu direla. (Beldur Barik webgunean Lehiaketa Lokalei buruzko informazioa eskuragai: : http://beldurbarik.org/eu/2018-lehiaketa-lokalak/ .

 

Indarkeria sexistak eragiten dituen desberdintasun faktoreen identifikazioa

Aurkeztutako lanetan ikusten da gazteek geroz eta hobeto identifikatzen dituztela indarkeria sexista eragin dezaketen desberdintasun faktoreak eta hauei aurre egiteko jarrera agertzen dutela. Aurten jorratutako gaiak oso anitzak izan dira. Jorraturiko zenbait gai hurrengoak izan dira: egunerokotasunean bizitzen dituzten sexismoa eta diskriminazioa, kultura matxistan dauden edertasun kanonei egiten dieten kritika, maitasun erromantikoaren barnean sare sozialen bitartez bizi duten kontrola eta ahalduntze kolektiboaren barnean saretze feministaren garrantzia. Gaiak anitzak izan badira ere, jende gazteak aukeratutako gaien bidez indarkeria sexistari aurre egiteko moduak adierazi dituzte aurrekoetan baino modu sakonagoan.  

Beldur Barik bultzatzen duten erakunde guztiek nabarmendu dute gazteekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzearen garrantzia. Nahiz eta gazteengan indarkeriak eragin handia izaten jarraitu, geroz eta tresna gehiago dituzte erasoak identifikatu ahal izateko.

Beldur Barik bezalako programek laguntza eskaintzen diete gazteei, indarkeria sexistaren identifikaziorako tresna tresnak eskura jarriz. Gazteen jabekuntza eta indartze prozesuak errazten dituzte, eta, gainera, ezberdintasun eta indarkeria egoeren aurrean erantzuteko gaitasuna indartzen dute. Nesken ahalduntzea bultzatzen da eta ere berean hausnarketa prozesu horiekin, mutilek egoera horietan duten protagonismoa eta ardura identifikatzen dute. Jarrera matxista betikotzen duen korporatibismo maskulinoari aurre egiten diete, indarkeria eragiten duenaren gaineko interpelazioaren beharra identifikatuz eta konplizitate eza agertuz. Mutil bezala dituzten pribilegioen birplanteamendu bat egiten dute eta neskekin aliantzak sortzen dituzte benetako berdintasun bat lortu eta indarkeria matxista gainditzeko.

 

 

Vitoria-Gasteiz, Beldur Barik Hiria

Azaroaren 24an Vitoria-Gasteizen ospatuko den topaketan, eztabaidak, prestakuntza tailerrak eta ikuskizun ugari izango dira. Tailerrak El Pilar Gizarte Etxean izango dira eta sari-banaketa Europa Jauregian. Herrietatik gerturatzeko doako autobus zerbitzua erraztuko da, hiru probintzietatik inolako arazorik gabe hurbildu eta bueltatu ahal izateko.

Honako hauek dira programatutako ekintzak:

  • 16:30-17:00 Ongi etorria, autobusen helduera El Pilar Gizarte Etxean.

Silvia Ayerra artistak sortutako Photo Call-a, Komando Clitorix DJekin batera.

  • 17:00-18:30 Tailerrak: Gorputzak eta mugimendua; Maskulinitatearen Tra(n)p-ak; Lodifobia lantzen duen Operación Bikini tailerra; Gorputzak astindu Hip Hoparen bitartez; No me la cuentes: medios, mujeres y música.
  • 18:35 – 19:10 Beldur Barik Kalejira! El Pilar Gizarte Etxetik Europa Jauregira arte. (Gazteei askaria banatuko zaie ibilbidea hasi baino lehen).
  • 19:15-21:15 Sari-banaketa, Zuriñe Hidalgo aurkezlearen eskutik.

Vitoria-Gasteizko Tokiko Lehiaketaren Sari Banaketa

Beldur Barik Lehiaketa Orokorreko Sari Banaketa

Musika emanaldiak: Ziztada &Rlantz

                                 Annita Parker

  • 21:15 – 21:30 Autobusen irteera Europa Jauregitik.

Informazio gehiago www.beldurbarik.eus

 

Puntu Lila

Bestalde, Azaroaren 25 ospatzeko (Emakumearenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna), Beldur Barik programa bultzatzen duten instituzioek dei egiten dute herritarrek puntu lila erabili dezaten. Ikurra publikoki erakusteak oinarrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza duen indarkeriaren aurkako konpromiso aktiboa agertzea suposatzen du.

 
Euskadi, auzolana