Desgaitasuna duten emakumeen errealitatea berdintasun politiketan txertatzeko esperientzia aurkeztu du Emakundek Istanbulen

2019-09-11-Estambul.jpg

2019.eko irailak 11

Desgaitasunen bat duten emakumeen eta pertsona gazteen eskubideak zelan bermatu aztertzeko helburuarekin, nazioarteko erakunde eta adituak bildu dira egunotan Istanbulen Nazio Batuetako Biztanleriaren Funtsak (UNFPAk) antolatutako Leaving no-one behind: Ensuring rights for women and young people with disabilities topaketan. Bertan izan da Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida desgaitasunen bat duten emakumeen errealitatea berdintasun politiketan txertatzeko euskal esperientzia azaltzen.  Landaidak azaldu du berdintasun politiketan urteak aurrera egin ahala gero eta argiago eta indartsuago agertu direla desgaitasuna duten emakumeen baldintzak, bereziki Emakume eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea onartu zenetik, eta ondorengo Berdintasun planetan. Berdintasun Legearekin batera neurri konkretuak txertatu ziren botere publikoek diskriminazio bikoitza jasaten duten emakumeen eskubideak bermatu ahal izateko. Emakundeko zuzendariak azpimarratu du urte hauetan desgaitasunaren ikuspegia txertatzen joan dela genero eragina neurtzen duten txostenetan, emakume eta gizonen egoerari buruzko zifren txostenetan, estatistiketan, diru-laguntzetan eta indarkeriaren alorreko baliabideetan. Honekin batera azaldu du emakumeak artatzen dituzten erakunde guztien topagune den erakunde arteko batzordeak bere lan esparruan ikuspegi hirukoitz bat duela giza eskubideak, generoa eta desgaitasuna kontuan hartzen dituena. Era honetara, indarkeria jasan duten emakumeak artatzeko zerbitzu guztiak emakume guztientzat pentsatuak egon daitezen, kontuan hartuz desgaitasunen bat dutenak. Honekin batera gai honen inguruan Emakundek azken urteetan argitaratutako gidak aipatu ditu eta baita indarkeria jasan duten emakumeak artatzen dituzten profesionalei zuzendutako Jabetuz prestakuntza programa, desgaitasuna duten emakumeak artatzeko unitate didaktikoa duelako.

Bestetik, Emakundeko zuzendariak bilera egin du UN Emakumeak-eko Ekialdeko Europa eta Asiako zuzendari nagusia den Alia El-Yassir-ekin eta UN Emakumeak-eko Ekialdeko Europa eta Asiako eskualdeko zuzendaria den Alanna Armitagerekin.  Bileraren helburua izan da elkarlana sustatzea emakumeen kontrako indarkeria, soldata arraila edota Beijingeko plataformaren 25. Urteurrenerako lanen inguruan, besteak beste.

 
Euskadi, auzolana