2011ko negua – 79 zk.

Aurkibidea
Artikuluak

Sexuagatiko bereizketa okupazionala eragin handiena duen faktorea da, % 35era arte, emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakalan

2019.eko ekainak 25

  • Sara de La Rica ekonomialariari enkargatu dio Emakundek Genero-arrakalak Euskadiko lan-merkatuan azterlana
  • Gainera, azterlanean ateratako ondorioaren arabera, orduko soldata-arrakala handiagoa litzateke emakumeen hezkuntza-mailek gizonenak gainditzen dituztelako izango ez balitz

 

 

“Genero-arrakala Euskadiko lan-merkatuan” azterlanak, Emakunderen eskariz Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomiako Katedradun Sara de la Ricak eginak, ondoriotzat atera du sexuagatiko bereizketa okupazionala dela eragin handiena duen faktorea, % 35era arte, emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakalan; bereizketa horrek eraginda, emakumeek eta gizonek genero-rolei lotutako lanbideetan egiten dute lan, eta ziurtatu ahal izan denez soldata-arrakala progresiboki doa handitzen lanbide batean emakumeen kopurua handitu ahala. Azterlanak adierazitakoaren arabera, lanbideen feminizazio/maskulinizazio maila faktore erabakigarria da soldata/orduko arrakalan, nabarmen handitzen baita lanbide batean emakumeen proportzioak gora egin ahala eta alderantziz. Izan ere, lanbide maskulinizatuenetan % 9koa da arrakala; feminizatuenetan, berriz, % 14koa. Azterlanak adierazten duenez, sexuagatik bereizketa okupazionala soldata-arrakalaren % 35aren atzetik doa.

Lucía Gorjón eta Ainhoa Vega ikerlariekin batera egin du azterlana Sara de la Ricak, Euskadiko Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasunen Inkestako datuetan oinarrituta eta Estrategia eta ekintza-plan eragilea Euskadin soldata-arrakala murrizteko estrategiaren esparruan.

Azterlanaren beste ondorioetako bat hau da: adin guztietako emakumeek (gazteak, helduak eta adinekoak) era guztietako hezkuntza-mailekin (derrigorrezko ikasketak, lanbide-heziketa eta goi mailako ikasketak), era guztietako kontratuekin eta jardunekin (mugagabeak eta aldi baterakoak, lanaldi osoa eta partziala) eta lanbide-mota eta -maila guztietan jasaten dute soldata-arrakala. Lortutako emaitzetako batzuk:

Arrakalak hileko soldatan. Hileko soldata, zalantzarik gabe, erosahalmena ondoen islatzen duen aldagaia da. Definizioz, hilean lan egindako orduen eta soldata/orduaren emaitza da. Hileko soldatan ikusten den arrakala % 24koa da, hau da, gizonek batez beste % 24 gehiago irabazten dute hileko, emakumeen aldean. Arrakala hori, alde batetik, lan egindako orduetan ikusten den arrakalak (% 14) eragindakoa da eta, bestetik, orduko soldatan ikusten den arrakalak (% 11) eragindakoa; gizonek % 11 gehiago kobratzen dute lan egindako orduko, emakumeen aldean.

Arrakalak lan egindako orduetan. Arrakala sortzen laguntzen duten faktoreetako bat lan-merkatuan lan egindako orduen kopurua da (% 14ko arrakala). Lanaldi partzialak, Euskadin, gizonen % 7an bakarrik du eragina, emakumeen % 25aren aldean. Partzialtasuna, ondorioz, emakumeen artean gertatzen da ia osorik eta borondatez kontrakoa da gehien-gehienetan, lanaldi partziala duten lau emakumetatik bik bakarrik adierazten baitute egoera horretan daudela lanaldi osoa izateko aukerarik ez dutelako, eta lau emakumetatik batek dio senideak zaindu ahal izateko duela lanaldi partziala.

Arrakalak soldata/orduan eta zehazten duten faktoreak. Soldata/orduan ikusten den arrakala % 11koa da, hau da, gizonek % 11 gehiago kobratzen dute lan egindako ordu bakoitzeko, emakumeen aldean. Ezberdintasun horren eragileak faktore ugari izan daitezke, besteren artean, ezberdintasunak giza kapitalean, lan-baldintzetan, edo datuek atzeman ezin dituzten beste faktore batzuk, soldata-diskriminazio zuzena barnean hartzen ez dutenak. Azterlanean lortutako emaitza nagusietako bat hau da: orduko soldata-arrakala handiagoa litzateke (% 14,7koa % 11koa izan ordez) baldin eta emakumeek gizonek baino goragoko hezkuntza-mailak eskuratuko ez balituzkete. Horrek adierazten du Euskadiko emakumeen hezkuntza-maila handiagoak nabarmen aritzen duela soldata/orduan ikusten den arrakala.

Soldata-arrakala murrizteko, neurri batzuk jasotzen ditu txostenak, gizonen, instituzio publikoen eta enpresen aldetik zainketetan erantzunkidetasun soziala sustatuko dutenak, emakumeen nahi gabeko partzialtasun-tasa handiari aurre egiteko neurriak, baina baita emakumeek eta gizonek lan ordainduan emandako orduak arrazionalizatzen eta orekatzen lagunduko duten neurriak, prestakuntzaren alde apustu egiten jarraitzea lan-munduratzea eta ordainsaria hobetzeko estrategia gisa, batik bat, emakumeen kasuan, ikasketen hautaketa eta bokazio profesionala estereotipoek eta genero-rolek baldintzatuta egoteari uzteko neurriak, eta enpresei eta lan-ikuskaritzari soldaten gardentasuna eskatzea soldata-diskriminazio egoerak detektatzeko.

 
Euskadi, auzolana