OHIKO GALDERAK

Zein eremutan aplikatuko dira generoaren araberako eragina ebaluatzeko jarraibideak?

Nork erabakitzen du arau edo egintza bati generoaren araberako eraginari buruzko ebaluazioa egin behar zaion ala ez?

Zer egin behar da arau edo ekintza bat generoaren araberako eraginari buruzko txostena egitetik salbuetsita dagoela iritziz gero?

Zer gertatzen da araua edo administrazio-egintza generoaren araberako eraginari buruzko txostena egitetik salbuetsita badago?

Nork egin behar ditu eraginari buruzko txostenak?

Zer urrats egin behar ditut generoaren araberako eraginari buruzko txosten bat egiteko?

Generoaren araberako eraginari buruzko txostenak kontsultarik badago?

Zer egitura du generoaren araberako eraginari buruzko txosten batek?

Generoaren araberako eraginari buruzko txostena zein hizkuntzatan egin behar da?

Noiz egin behar da generoaren araberako eraginari buruzko txostena?

Noiz eskatu behar da Emakunderen txostena?

Emakundek zer epe du egiaztapen-txostena egiteko?

Emakunderi txostena eskatzeko, zer dokumentazio utzi behar zaio nahitaez?

Emakumeen eta gizonen egoera desberdina aztertzeko, nola aurkeztu behar da Informazioa?

Zer egin daiteke baldin eta generoaren araberako eragina baloratzeko informaziorik ez badago?

Nolako tresna juridikoak hartu behar dira kontuan 10. atalean eskatzen den analisia ‑arauak eta beste tresna juridiko batzuk betetzeari buruzkoa‑ egiteko?

Zer alde dago sexuaren eta generoaren artean?

Zergatik baliatu behar dut sexismorik gabeko hizkera araudia idaztean?

Zer formula egin behar da sexismorik gabeko hizkera erabiltzeko?

Emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatua esatean, zertaz ari gara?


 

Zein eremutan aplikatuko dira generoaren araberako eragina ebaluatzeko jarraibideak?

Jarraibideek Eusko Jaurlaritzaren sailak, erakunde autonomoak eta hari atxikitako edo lotutako erakunde publikoak lotesten dituzte soilik, eta, ondorioz, horietan sortzen den araudia.

 

Nork erabakitzen du arau edo egintza bati generoaren araberako eraginari buruzko ebaluazioa egin behar zaion ala ez?

Jarraibideekin bat etorriz, sail bakoitzeko aholkularitza juridikoko zerbitzuek zehaztu beharko dute izapidetzen ari den ekintzari edo arau-proposamenari generoaren araberako eraginari buruzko txostena egin behar zaion, edo, aitzitik, aurreikusitako salbuespen-kausaren bat aplikatzen den.

 

Zer egin behar da arau edo ekintza bat generoaren araberako eraginari buruzko txostena egitetik salbuetsita dagoela iritziz gero?

Aholkularitza juridikoko zerbitzuek jarraibideetan aurreikusitako salbuespen-kausaren bat aplikatzekoa dela erabakitzen badute, inguruabar hori espedienteko dokumentazioan jaso behar da, eta, luzamendurik gabe, izapideak egiten jarraituko da.

 

Arau-proiektua, emakumeen eta gizonen egoeran duen eragina txikia delako edo eraginik ez duelako, generoaren ikuspuntutik ez dela garrantzitsua uste denean soilik, inguruabar hori txosten baten bidez justifika dezala eskatzen zaio araua sustatu duen organoari; txosten hori ‑arauaren zirriborroarekin batera‑ Emakunderi utzi behar zaio, egiaztatu dezan edo, hala badagokio, eragin-txostena egitea eska dezan.


 

Zer gertatzen da araua edo administrazio-egintza generoaren araberako eraginari buruzko txostena egitetik salbuetsita badago?

Arau juridiko batzuei edo beste administrazio-jarduera batzuei ez zaie generoaren araberako eraginari buruzko txostenik egin behar. Hala ere, arau edo jarduera horiek prestatu behar dituztenek, horien gainean erabaki behar dutenek edo gauzatu behar dituztenek bete egin behar dute mandatu orokorra, hau da, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko helburua sartu behar dute arau, plan eta programa guztietan edo politika publikoak formulatzeko beste tresna batzuetan, diru-laguntzen programetan eta administrazio-egintzetan.

 

Nork egin behar ditu eraginari buruzko txostenak?

Araudia idatzi eta izapidetzeko ardura duten teknikariek egin behar dute  eragin-txostena. Horrenbestez, sailetako berdintasun-unitateei ez dagokie txostenak egitea; bai, ordea, aholku ematea txostena eta dagokion araua edo egintza egiteko.

 

Zer urrats egin behar ditut generoaren araberako eraginari buruzko txosten bat egiteko?

Lehenik eta behin, sartu Emakunderen intraneten, generoaren araberako eraginaren txostenak izeneko atalean: genero-eraginaren aurreko ebaluazioarekin zerikusia duen araudia eta generoaren araberako eraginari buruzko txostenak egiteko material lagungarriak aurkituko dituzu. Lehenago egindako genero-eraginari buruzko beste txosten batzuk ere kontsulta ditzakezu.

Gero, harremanetan jarri zure saileko berdintasun-unitatearekin: txostena planteatzen eta osatzen lagunduko dizu.


 

Generoaren araberako eraginari buruzko txostenak kontsultarik badago?

Bai. Emakunderen intraneten, Generoaren araberako eragina izeneko atala dago, eta horri esker,  EHAAn argitaratutako arauei buruz sailek egindako eragin-txostenak kontsultatu eta ikus dezakete Jaurlaritzako langileek.

Halaber, Eusko Legebiltzarreko web-orrialdean, lege-proiektuak izapidetzeko espedienteak kontsulta daitezke. Espediente horietan, lege-proiektuak izapidetzeko eskatzen den dokumentazio guztia dago; beraz, sailek egiten dituzten generoaren araberako eraginaren txostenak ere bai, eta baita Emakundek egiten dituen egiaztapen-txostenak ere.

 

Zer egitura du generoaren araberako eraginari buruzko txosten batek?

Generoaren araberako eraginari buruzko txostenak 3 zati ditu:

1.       Proiektuaren azalpen orokorra: 5 atal ditu; denak bete behar dira, arauaren edo administrazio-egintzaren datu orokorrak jakiteko.

2.       Generoaren araberako eraginaren aurreko ebaluazioa: arauak edo administrazio-egintzak emakumeengan eta gizonengan izan dezakeen eragina aztertu behar da, 5 galderari erantzunez.

3.       Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko neurriak: banan banan eta ordenatuta adierazi behar dira arauaren testuan edo egintzan sartu diren neurriak eta/edo, onartuz gero, ezartzeko aurreikusten direnak.

Hiru zati horiek, eta horietan dauden atalak, nahitaez bete beharrekoak dira. Eragin positiboa aurreikusten denean ere, eragina sendotzeko neurriak proposa daitezke.


 

Generoaren araberako eraginari buruzko txostena zein hizkuntzatan egin behar da?

Generoaren araberako  eraginari buruzko txostena euskaraz, gaztelaniaz edo hizkuntza bietan egin daiteke, araua sustatzen duen organoak erabakitzen duen moduan. Emakundek, oro har, eraginari buruzko txostena zein hizkuntzatan egin den, hizkuntza horretan edo horietan egingo du bere txostena.

Lege-aurreproiektuen kasuan, euskaraz eta gaztelaniaz egin beharko dira txosten biak, nola sailarena hala Emakunderena.

 

Noiz egin behar da generoaren araberako eraginari buruzko txostena?

Etorkizuneko arauaren funtsezko alderdiak biribilduta daudenean hasi behar da eragin-txostena egiten, idatzi gabe badago ere; beraz, izan dezakeen genero-eragina aurreikus daitekeenean.

Genero-eraginaren ebaluazioak emaitza hobeak izaten ditu erabaki-prozesuaren fase goiztiarrean egiten denean; izan ere, une horretan, behar izanez gero, aldaketak sartzeko aukera egongo da, baita proposamena beste modu batera bideratzeko ere.

 

Noiz eskatu behar da Emakunderen txostena?

Arau juridiko bat baldin bada, generoaren araberako eraginari buruzko txostena “aurreko onarpena” baino lehen idatziko da, hau da, informazio edo entzunaldi publikoaren faseak hasi baino lehen eta nahitaezko txosten eta irizpenak egin baino lehen. Orduan eskatu beharko zaio txostena Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari.

Administrazio-egintzen kasuan, generoaren araberako eraginari buruzko txostena instrukzio-egintzak bete aurreko unean idatziko da, eta orduan egin beharko da Emakunderen txostena.


 

Emakundek zer epe du egiaztapen-txostena egiteko?

Txostena egiteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, non eta xedapen batek edo prozedurako gainerako epeak beteta izateak epe luzeago edo laburrago bat ahalbidetzen edo eskatzen ez duen.

 

Emakunderi txostena eskatzeko, zer dokumentazio utzi behar zaio nahitaez?

Emakundek txostena egin dezan, dokumentu hauek utzi behar zaizkio:

       Arau-proiektua, eranskinak barne direla.

       Generoaren araberako eraginaren txostena

       Behar izanez gero, proiektua argitzeko eta testuinguruan kokatzeko interesagarri izan daitezkeen txostenak eta/edo memoriak.

 

Emakumeen eta gizonen egoera desberdina aztertzeko, nola aurkeztu behar da Informazioa?

Datuak sexuaren arabera bereizita aurkeztu behar dira, eta ahalik eta gehien eguneratuta. Taulak eta grafikoak erabiltzea gomendatzen dugu, datuak hobeto ordenatuta eta argiago aurkeztu ahal izateko. Betiere, datu-maila guztiak eta iturria aipatu behar dira. Halaber, datuak konparazioz aztertzen laguntzeko, gomendagarria da banaketa horizontal eta bertikaleko ehunekoak sexuaren arabera kalkulatzea.

Adibidez:

       Industriaren sektorean okupatuta dauden emakumeen eta gizonen banaketa horizontala: % 20,3 eta % 79,7 hurrenez hurren.

       Okupatuta dauden emakumeen banaketa bertikala, sektoreka: % 87,6, zerbitzuen sektorean; % 10,1 industrian; % 1,5 eraikuntzan, eta % 0,8 nekazaritzan. Gizonen banaketa: % 53,6, % 32,6, % 12,2 eta % 1,6 hurrenez hurren.

 

 

 

Zer egin daiteke baldin eta generoaren araberako eragina baloratzeko informaziorik ez badago?

Datuak sexuaren arabera bereizita ez badaude, eta, ondorioz, emakumeen eta gizonen egoera desberdina den aztertzerik ez badago, eta, ondorioz, arauak edo egintzak eraginik izan dezakeen jakiterik ez badago, datu-basea egokitzea izan liteke neurria, edo analisi edo azterlan espezifiko bat egitea.

 

Nolako tresna juridikoak hartu behar dira kontuan 10. atalean eskatzen den analisia ‑arauak eta beste tresna juridiko batzuk betetzeari buruzkoa‑ egiteko?

Xedapen orokorrak (legeak eta erregelamenduak) ez ezik, Administrazioak emandako beste egintza edo tresna juridiko batzuk ere kontuan hartu behar lirateke. Bereziki planak, bai berdintasunari buruzkoak bai sektorialak, zeren eta dagozkien organo eskudunek onartzen dituztenez, lehentasunak, konpromisoak eta mandatuak ezarri ohi dituzte, dauden eremuetako esku-hartze publikoari dagokionez.

 

Zer alde dago sexuaren eta generoaren artean?

Sexuak emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun fisiko, anatomiko eta fisiologikoak aipatzen ditu, baina ez ditu nahitaez zehazten genero femenino eta maskulinoko jokabideak, gizarteak sexu bakoitzari izendatzen dizkionak, hain zuzen ere.

Adibidez: “generoaren araberako partaidetza orekatua da” esatea okerra litzateke; “emakumeen eta gizonen partaidetza" izango litzateke orekatua.

 


 

Zergatik baliatu behar dut sexismorik gabeko hizkera araudia idaztean?

Hala ezartzen duelako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 18.4 artikuluak, eta, batez ere, emakumeak ere aipatu behar direlako, ez bakarrik gizonak.

Horregatik, beharrezkoa da horrelako argudioak gainditzea:

        Soilik maskulinoz adierazitako terminoak neutroak dira, eta emakumeak ere barne hartzen dituzte. Baina emakumeak ezkutatu eta ikusezin bihurtzen dituzte.

        Maskulinoz eta femeninoz izendatzea errepikakorra da eta irakurmena zailtzen du. Baina nahasmenak eta anbiguotasuna saihesten ditu.

        Femeninoz izendatutako hitz batzuk ez daude edo arraroak dira. Baina hori genero gramatikalak ez jakitearen edo erabilera faltaren erakusle baino ez da.

 

Zer formula egin behar da sexismorik gabeko hizkera erabiltzeko?

Genero gramatikal biak (los técnicos y las técnicas) erabiltzeaz harago, hainbat formula dago sexismorik gabeko hizkera erabiltzeko:

        Generiko errealak erabiltzea (el alumnado)

        Izen abstraktuak erabiltzea (“se requerirá contar con licenciatura en química” esatea, “se requerirá estar licenciado en química” esan ordez; euskarari dagokionez, “legegizon” esan beharrean, “legelari" esatea, esate baterako.

        Aditzen eta izenordainen forma pertsonalak erabiltzea (”cuando uno lee las noticias” esan ordez, “cuando alguien lee las noticia” esan daiteke, edo “al leer las noticia” edo “cuando lees las noticia”).

Barrak (el/la director/a) baliagarri izan daitezke administrazioko dokumentuetan (galdetegiak, eskabide-inprimakiak...); hala ere, formula hori ez da oso gomendagarria, zeren eta testua irakurgaitz bihurtzen da; horretaz gainera, gaztelaniak badu baliabide egokiagorik gure adierazpen beharrei erantzuteko.

 

 

Hizkeraren erabilera ez sexistari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, honako hauek kontsulta ditzakezu:

        Hizkuntzaren erabilera ez sexistarako proposamenak

        Euskararen erabilera ez sexista

        Guía de lenguaje para el ámbito de la empresa y el empleo

        Hezkuntzan erabiltzeko hizkuntza-jarraibideak

        Guía de lenguaje para el ámbito de la cultura

        Guía de lenguaje para el ámbito del deporte

        Guía de lenguaje para el ámbito de la salud

 

Emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatua esatean, zertaz ari gara?

Berdintasunerako 4/2005 Legearen ondorioetarako, emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza orekatutzat joko da sexu biek gutxienez % 40ko ordezkaritza dutenean, 3.7 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

4 kide edo gutxiago dituzten organoetan, sexu biak ordezkatuta badaude, ordezkaritza orekatutzat joko da,  aipatu legearen 20.6 artikuluan xedatuaren arabera.