Elkarrizketa Octavio Salazarri

 

Konstituzio Zuzenbideko katedraduna Kordobako Unibertsitatean, eta ikertzaile aditua genero-berdintasunean eta maskulinitateetan. Besteren artean, liburu hauen egilea da: "Masculinidades y ciudadanía. Los hombres también tenemos género" eta "El hombre que no deberíamos ser".

 

 

1. Azken garaiotan, nabarmen areagotu dira emakumeen eta gizonen berdintasunaren eta maskulinitateen gaia jorratzen duten liburuak, artikuluak eta elkarrizketak. Zure ustez, moda hutsa da ala benetan ari dira gero eta gizon gehiago kezkatzen eta gizarte parekide eta ez-sexista lortzeko inplikatzen? Hala bada, zure ustean zein arlotan ari da izaten aldaketa zehatzagoa, egiazkoagoa?

Denetarik dagoela uste dut. Ezinbestean, mugimendu feministaren gorakada baliatuta, argitaletxe batzuk produktu jakin batzuk merkaturatzen ari dira; nolabait kausarekin bat egin eta egoera aprobetxatzen duten ahotsak sortu dira. Hori saihestezina da, eta edozein gizarte-fenomenoren aurrean gertatzen da.  Hala ere, egia da, gutxika eta niri gustatuko litzaidakeena baino gutxiago, ahots maskulino kritikoak agertzen hasi direla, ahots konprometituak, berdintasunezko diskurtsoa egituratzen hasi direnak eta hegemonia matxista hautsi nahi dutenak. Nolanahi ere, sentsazioa daukat gertatzen ari denaren aurrean gizon gehiago daudela kokatu gabe, berdintasunarekin benetan konprometituta dauden gizonak baino. Sentsazioa daukat, adibidez, gizon batzuei beren jarrerak eta jokaerak berrikusarazi diela familia-errealitate berriak. Beharbada, aldaketa batzuk hauteman ditzakegu erantzunkidetasun-maila oraindik herabe horietan. Eta, jakina, lehen ontzat ematen genituen gauza batzuk arbuiatzen hasi izanean ere –gutxienez formalki– ikus daitezke aldaketak. Alabaina, ez dut uste eremu publikoan edota botere-egituretan aldaketak hain nabarmenak direnik. Hor bai, hor sentipena dut guztiak gutxi gorabehera berdin jarraitzen duela. Edo ia berdin.

 

2. Zenbaitetan azpimarratu izan duzu oraindik egiteko dagoen iraultza maskulinoa behar dela. Gizonok zein eremu nagusitan egin behar dugu iraultza hori? Zein dira horretarako behar diren bitartekoak?

Elkarri lotuta dauden askotariko eremuetan proiektatu beharko litzatekeen iraultza da. Iraultza horretan, pribilegioei uko egin beharko genieke (batez ere, eremu publikoan), eta erantzukizunak geure gain hartu. Boterearekin zerikusia daukan iraultza da, zentzu guztietan, baina baita eremu pertsonalenarekin ere. Geure burua nola eraikitzen dugun eta harremanak nola sortzen ditugun, horrekin ere zerikusia dauka. Hortaz, gure gorputzekin, maitasunarekin eta sexualitatearekin ere zerikusia daukan iraultza da.

Bitartekoei dagokienez, gizonengan orain arte egin ez duten bezala eragingo duten politika publikoak behar dira, jakina. Baina, batez ere, oraindik ere baldintzatzen gaituen kultura matxista aldatu behar da. Hezkuntza, hezkuntza, hezkuntza gehiago. Eta, dagoeneko, ez nuke berdintasunerako hezkuntza edo hezkidetza esango. Ez, hezkuntza feminista behar dugu. Eraldatzailea eta emantzipatzailea.  Eta ez ahaztu kultura, zientzia eta jakintzak ere botereak direla. Eta eremu horiek guztiek jarraitzen dutela izaten maskulinoak, matxistak eta androzentrikoak. Horregatik behar dira, premiaz, emakumeentzako ekintza positiboak, pedagogia feminista asko eta gizonen ekintza zehatzak; beti protagonistak izateari uko egiteko ekintzak, hain zuzen ere.

 

3. Gizonezkoen edo beren burua termino horrekin identifikatzen dutenen gaur egungo egoera aztertzean, maskulinitateaz, maskulinitateez ala maskulinitate berriez hitz egin behar dugu? Nola erlazionatzen dugu identitate maskulinoetan egon den aldaketa sexu-aniztasunarekin eta genero-identitateekin?

Nola ez, pluralean hitz egin behar dugu, maskulinitateez. Ez dago eredu bakarrik, baina hegemonia duen eredu batez hitz egin dezakegu: maskulinitate matxista eta biolentoaz, alegia. Edonola ere, ez dira etniaren, kulturaren, gizarte-klasearen, sexualitateen eta abarren intersekzioak ahaztu behar. Ezin dezakegu hanka sartu, oso sarritan gertatzen denez, eta begirada etnozentrikoan eta subjektu argi eta garbi pribilegiatuan oinarritutako diskurtsoa planteatu, edo, are okerragoa dena, horrelako estrategiak planteatu.  Pluraltasun horretan, logikoki, aintzat hartu behar dira askotariko sexualitateak eta identitateak, patriarkatuaren oinarrizko arau bati erantzuten baitiete horiek; hau da, heteronormatibitateari.  Mugimendu feministaren eta LGTBIQ+ mugimenduaren artean konplizitate handiagoa egotea gustatuko litzaidake, eta, batzuetan, kolektibo horrek ordena klasikoa iraultzen baino gehiago ordena hori iraunarazten laguntzen duela hautematen dut.

Ez naiz "maskulinitate berriak" terminoaren aldekoa. Etiketa erakargarri baina faltsua iruditzen zait. Non daude gizon berri horiek? Aldaketa-prozesuan gaude batzuk, baina ez gara mugara iritsi. Terminoa gure menderakuntzaren justifikazio bihurtzeko arriskua daukagu; are, termino hori gure prestigio soziala handituko duen nolabaiteko domina bihurtzeko arriskua dugu. Nire ustez, epe oso luzera begira, hain juxtu ere "maskulinitate" etiketa desagerraraztea da xedea.

 

4. Azken garaiotan, zenbait epai edo prozesu judizialen harira adierazi duzu justiziaren zati handia jotzen duzula patriarkatuaren defendatzailetzat. Zein neurritan alda daiteke hori? Gaur egungo ordena juridikoak emakumeen eta gizonen berdintasuna, sexu-aniztasuna eta genero-identitateen aniztasuna babestu ditzake? Zein bitarteko behar dira horretarako?

Zuzenbidea beti izan da patriarkatuaren tresna bat; gizonari, eta, zehatzago, gizon heterosexualari mesede egiten dion ordenari eusteko tresna. Demokraziaren 40 urte hauetan, aurrera egin dugu, baina generoa aintzat hartzen ez duen sistema juridikoa eta –batez ere– justizia-administrazioa dauzkagu oraindik ere. Sistema horrek, gainera, are gutxiago hartzen du kontuan feminismo juridikoak kategoria tradizionalei aurre egiteko bultzagarritzat planteatzen duena. Ez dut uste legeen arazoa denik; kultura juridikoaren arazoa da (kultura juridiko matxistarena, jakina). Eragile juridiko guztien prestakuntzan sartu behar da genero-ikuspegia. Emakume eta gizon feminista gehiago behar ditugu epaiak ematen. Hala ere, agerikoa da baliabideak falta direla; adibidez, indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko, prebentziorako eta sozializaziorako.

 

5. El hombre que no deberíamos ser duzu azken liburua, eta, bertan, «gizonak ispiluaren aurrean jarri nahi gaituzula» diozu, «izan beharko ez genukeen horretaz guztiaz hausnar dezagun eta geure burua beste modu batean eraikitzeko jarraitu behar dugun ibilbidea adieraz diezaguzun». Zein da ibilbide zuzena?  Bakarra ala askotarikoa da?

Ez dut uste ibilbide bakarra dagoenik. Suposatzen dut gizon bakoitzak, bere inguruabarren eta bizi-egoeraren arabera, bidaia modu batean ala bestean egitea pentsatuko duela. Abiapuntua eta helmuga, ordea, argi eduki behar ditugu. Gure toki pribilegiatuaren gaineko kontzientzia hartzea litzateke abiapuntua, eta toki horrek berdintasun-gabezian nola eragiten duen ikustea. Gizarte-itun berri bat litzateke helmuga, non emakumeak eta gizonak azkenean baliokideak izango garen.

 

6. Elkarrizketaren batean adierazi izan duzunez, maskulinitate "berriaren" eredu bakarra sortzeko arriskua dago, aitatasuna maskulinitatearen berdintasunezko mistika berritzat jotzen duen maskulinitate baztertzaile, zuri, heterosexuala... sortzekoa. Non hautematen dituzu arrisku horiek berdintasunaren alde lan egiten duten eta antolatzen diren gizonen diskurtsoetan?

Aurreko erantzun batean aipatu dut.  Askotan, gure errealitatean oso zentratuta dagoen diskurtsoa eraikitzen dugu, eta, are, beharbada "beste" gizon batzuentzat balio ez duten estrategiak diseinatzen ditugu. Horregatik da hain premiazkoa askotariko gizonak sar daitezela borroka honetara eta beren ñabardurak erants ditzatela. Ez dezagun oker egin eta beren izenean hitz egin. Eta bai, egia da; sarritan, eta mea culpa intonatzen dut hemen, gehiegizko protagonismoa hartzeko arriskua daukagu, politikoki zuzenak diren ideietan geratzekoa, eta ekintza zehatzek huts egiten digute. Edo, are okerragoa dena, aldarrikatzen dugunaren eta egunerokotasunean egiten dugunaren arteko sintoniak ere huts egiten du askotan.

 

7. Azkenik, zure adierazpenetan beti esaten duzu gizon feminista zarela, eta gizonak feminismora hurbiltzeko premia dagoela azpimarratzen dugu. Garrantzitsua al da gizon askok beren burua feministatzat jotzeari dioten beldurra desagertzea? Zuretzat zer da zeure burua feministatzat jotzea?

Niri beti gustatzen zait esatea feminista izateko bidean nagoela... Ikasteko asko daukat oraindik, eta, batez ere, barruan daramadan matxistarengandik asko daukat desikasteko. Prozesu luzea da, baina liluragarria. Baina bai, terminoa aldarrikatzen dut, gero eta gehiago, eta ondo sentitzen naiz bertan. Feminista terminoa debaluatzen tematzen diren aurreiritzi horiek guztiak kendu behar direla uste dut. Horregatik erabili eta aldarrikatu beharko genuke gizonok ere. Baina, hori bai, zertaz ari garen jakinda, eta ez modan dagoelako edo horrela besteen aurrean ondo geratzen garelako.

Niretzat, feminismoa bizitzeko modu bat da, etika bat, konpromiso bat. Hartuz gero utzi ezin duzun trena. Eta, niretzat, poztasuna ere bada, poz handia. Batzuek uste dutenaren kontrara, feministak ez dira aspergarriak, histerikoak, ernegatuak edo puritanoak. Ezta aliatuak diren gizon oraingoz gutxi horiek ere. Feminismoak zoriontsuagoa egiten nau, eta tipo hobea, uste dut. Eta, feminismoari esker, askoz ere gehiago gozatzen dut bizitzaz, eta pertsona zoragarriekin egiten dut topo bidean.

Euskadi, auzolana