Martxoak 8

MARTXOAREN 8KO KANPAINAK NESKEN ETA MUTILEN ARTEAN DESBERDINTASUNAK ERAGITEN DITUZTEN MEZUEN GAINEAN OHARTARAZIKO DU

 

Bideoa ikusi (Irekia)Bideoa ikusi (Youtube)

 

Spot 1 (Irekia) | Spot 2 (Irekia)

1 kartela (JPG) | 2 kartela (JPG) | 3 kartela (JPG) | 4 kartela (JPG)

Aurtengo Martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, Emakundek arreta jarri du neskek eta mutilek egunero jasotzen dituzten mezu sexistetan, generoen arteko botere-harremanak bere horretan betikotzen dituztelako. Kanpainaren leloa honakoa da: «Berdintasun eza ez da berez sortzen, egin egiten dugu. Aldatu dezagu. Egin dezagun berdintasuna».

Kanpainak salatzen du neskek, besteak beste, edertasunari, ontasunari, diskrezioari, zaintzari eta otzantasunari buruzko mezuak jasotzen dituztela, eta mutilek, berriz, agresibitateari, arrakastari, anbizioari edo sentimenduak ukatzeari buruzkoak. Kontu beragatik neskei «ez zaite marisarjento izan» esaten zaie eta mutilei, berriz, «liderra izateko gaitasuna» dutela. Neskak, nagusiki, ederragatik balioesten dira, eta besteekin atsegina izateko hezten dira («Bai polita nire neska!»); mutilek, aldiz, ahalduntze-mezuak jasotzen dituzte («Nire txapelduna!»). Neskak babesa behar duten ustean hezten dira; mutilak, buruaskiak direnekoan. Neskei esaten zaie ezer baino lehen daudela maitasuna eta zaintza; mutilei, sentimenduak ukatu behar dituztela («Mutilek ez dute negar egiten» edo  “Ez egin negar nesken antzera”) eta esparru publikoan arrakasta lortu behar dutela.

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak azpimarratu duenez, gazteek egunero jasotzen dituzten mezuez jabetu behar gara, nortasuna eraikitzen dutelako jasotako tratuaren arabera: emakume eta gizon izaten ikasten dute eragile gizarteratzaileek, tartean, familia, eskola, lagunak, komunikabideak, publizitatea, helarazitako mezuen bitartez. Gizarteratze-prozesuak bizitza osoan irauten du, gogorarazi du Landaidak, baina eragin handia du bereziki haurtzaroan eta nerabezaroan, adin horretan ikasten direlako batzuengandik eta besteengandik espero diren jokabideak, onartzen direnak eta zigortzen direnak. Emakundeko zuzendariak nabarmendu du antzeratze- eta identifikazio-mekanismoen bitartez ikasten dugula pertsonek eta familiak horretan duen garrantzia azpimarratu du, lehen eragile gizarteratzailea den aldetik. «Gogoeta egin behar dugu helarazten dizkiegun mezuei buruz, erakusten ari gatzaizkien ereduei buruz. Desberdintasuna ikasi egiten da, egitearen ondorio da. Horrenbestez, ohartu behar gara nork bere esparruan berdintasuna landu dezakeela; alegia, gizartea osatzen dugun guztion egitekoa dela».

Kanpainaren helburua da egunez egunekoan dauden desberdintasunak hautematea. Aurreko kanpainetan erabilitako claimari eutsi zaio, «Berdin gehiago da», berdintasunak gizarte osoari onura ekartzen diolako ideia azpimarratzeko.

Kanpainak martxoaren 1etik 15era iraungo du eta kartelak, irrati-iragarki laburrak, bannerrak eta bideo bat erabiliko dira, kanpaina kanpoko euskarrien, komunikabideen eta sare sozialen bidez jendarteratzeko. Gainera, kartelak bidali zaizkie erakundeei, ikastetxeei, osasun-zentroei, elkarteei, enpresei, kultura-zentroei, liburutegiei, etab.

Euskadi, auzolana