Testuingurua

Emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko, nahitaezkoa da emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasunak desagerraraztea, hori baita bortizkeriaren oinarria.

Horretarako, behar-beharrezkoa da sozializazio-prozesuan aritzen diren erakunde eta mekanismo guztietan eragitea (familian, eskolan, komunikabideetan, publizitatean, hizkuntzan...), nagusi diren genero-rol eta -estereotipoak aldatuz eta sexuen arteko berdintasunean eta errespetuan oinarritutako balioak eta ereduak sustatuz.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak -2005eko otsailean onartuak- hezkuntzaren eremuan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko jarduerak arautzen ditu (III. kapitulua, 1. atala). Hain zuzen ere 29. artikuluan, hezkidetzako proiektuak egitea aipatzen du, beste alderdi batzuen artean, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzen laguntzeko; eta horretarako, aniztasunean eta emakumeen eta gizonen eskubide eta aukera berdintasunaren errespetuan oinarritzen diren bizikidetza-ereduak irakatsi behar dira, besteak beste.

Pertsonen balioen berdintasuna oinarri hartuta heztea; hori esan nahi du hezkidetzak. Hezkuntzan esku hartzeko metodo bat da, nesken eta mutilen gaitasunak eta banakotasunak -sexua gorabehera- aitortzea oinarri duena. Sexuaren araberako estereotipoak eta rolak kontuan hartu gabe, pertsona osoki garatu nahi da, eta emakumeen aurkako indarkeria eta bereizkeria modu oro arbuiatu.

Testuinguru horretan, Emakundek 2003an abian jarri zuen NAHIKO programa, berdintasuna, errespetua eta indarkeriarik eza lortzeko hezkidetza-programa. Egun ere programa horrekin lan egiten da. Programa giza eskubideetan oinarritzen da, eta helburu du hezkidetzaren bidez emakumeen aurkako indarkeria prebenitzen lan egitea hezkuntzaren eremuan. Azken urteotan egindako lanaren jarraipena da, eta beste urrats bat da hezkidetza bultzatzeko aurrerabidean.

NAHIKO programaren oinarrian daude esperimentazioa, ikerketa eta ikasle, ikastetxeetako irakasle eta familiek elkarrekin egin beharreko jarduera.

Programa 2003an hasi zen, eta lehenengo fasean, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetara bideratu zen. Programa pilotua izan zen, eta 3 ikastetxek parte hartu zuten. Programa pilotuaren emaitzak ikusita, bigarren esperimentazio-fasea jarri zen abian, zabalagoa, 2005-2006 eta 2006-2007 ikasturteetan: 37 ikastetxek, 67 taldek, hezkuntzako 100 profesional inguruk, eta 1.500 ikaslek eta horien familiek parte hartu zuten. Gero, materialak eta baliabideak diseinatu ziren programa Lehen Hezkuntzako bigarren ziklora hedatzeko, hau da 3. eta 4. mailetara. Beste esperientzia pilotu bat egin zen 2007-2008 eta 2008-2009 ikasturteetan: 11 ikastetxek, 21 taldek eta 460 ikaslek eta horien familiek parte hartu zuten.

Azkenik, Lehen Hezkuntzako lehen zikloko, hau da, 1. eta 2. mailetako edukiak eta materiala landu ziren. Maila horietan beste esperientzia esperimental bat egin zen 2010-2011 eta 2011-2012 ikasturteetan. Guztira, 29 ikastetxek, 55 taldek eta 1000 ikasle baino gehiagok eta haien familiek hartu zuten parte.

Zikloka urte horietan egindako lanaren eta esperimentazioaren ondoren, Lehen Hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren zikloetako ikasleekin esku hartzeko proposamen oso bat egin da, eta material eta baliabide ugari bildu. Horrela, proiektu integral bat osatu da hezkuntza-etapa horretarako.

2013-2014 eta 2015-2016 ikasturteetan, hau da, 2013/2015 edizioan, beste 26 ikastetxetan ezarri eta landu ziren lehen hezkuntzako hiru zikloetako programa eta materialak; 110 ikasle-taldek eta 2300 ikaste baino gehiagok eta haien familiek hartu zuten parte.

2015/2017 edizioan, lehen hezkuntzako hiru zikloetako maila guztietan aplikatu da Nahiko programa. Hain zuzen ere; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako beste 35 ikastetxetan inplementatu da 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetan; guztira, 132 ikasle-taldek eta ia 2.685 ikaslek eta haien familiek hartu dute parte.

Gainera, unitate didaktikoetako materiala digitalizatu egin da 2015-2016 ikasturtean (jokoak, irakasleen gidak eta ikasle eta familien koadernoak). Hartara, familiak eta ikasleak zein irakasleak ordenagailuaren bidez ibili al dira jolasean eta landu ahal izango dituzte Nahiko programako edukiak; honako materiala eskuragarri izango da Emakunderen web orrian.

Euskadi, auzolana