Berdintasunerako aurreko planak

Euskadiko emakumeentzako ekintza positiboko planak emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiken bizkarrezurra izan ziren 2005. urtera arte: I. PLANA (1991-1994); II. PLANA (1995-1998), III. PLANA (1999-2005).

Lehenengo Planak (PDF, 50 MB) aukera-berdintasunaren filosofiari erantzuten zion nagusiki eta, ildo horretan, emakumeen eskubideetan eta sustapenean, emakumeen parte-hartzea txikia zen esparruetarako sarbidea ahalbidetzean zentratu zituen bere ahaleginak, eta emakumeak esparru horietan sartzea eragozten edo zailtzen zuten oztopoak kentzen saiatu zen. Politiken helburua emakumeak beraiek ziren, beren diskriminazio-egoera zuzentzea, alegia.

Egoera horiek ugaltzea saihesteko, jarduteko premia ere kontuan hartu zen lehenengo plan hartan. Honakoak nabarmentzen ziren bertan: politika publikoek, beren osotasunean, emakumeei eragiten dietela, eskumen esparru desberdinetatik zeharka jarduteko premia dagoela eta emakume zein gizonek esparru publikoan eta pribatuan parte-hartze orekatuagoa izateko gizarte-antolaketa berria behar dela.

Haren ebaluazioak agerian utzi zituen, alde batetik, egindako jarduera mordoa eta, bestetik, esku-hartze publikoa bere osotasunean aztertzeko premia indartu zuten errealitate berriak, haratago joanez eta aukera-berdintasunera bideratutako berariazko politika eta neurrien osagarri gisa.

Horregatik, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren helburua politikaren esfera guztietan eta gobernu-maila guztietan sartzea sustatzea eta indartzea izango litzateke Bigarren Planaren (PDF, 43 MB) ardatzetako bat, eta lehenengo planean ezarritako aukera-berdintasuneko helburuak ere mantenduko lituzke. Baina, horrez gain, Bigarren Planak funtsezko aldaketa kualitatiboa egiten du, berdintasunaren ikuspegi berri bat dakar.

Sarreran adierazten duenez, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, eskubide justua eta demokratikoa ez ezik, premia estrategikoa da Euskal Autonomia Erkidegoko eraikuntza politiko, sozial eta ekonomikorako.

Halaber, ideia hori izan zen 1995ean Pekinen izan zen Mundu Konferentzian emakumeentzat egin zen aurrerapen kualitatibo esanguratsuenetakoa; etorkizuneko gizarteak behin betiko kontzientzia hartzea eta garapen ekonomiko eta sozial osoa ez dira etorriko emakumeen erabateko parte-hartzerik gabe eta, beraz, beharrezkoa da haien jabekuntza.

Bigarren Planaren ebaluazioak, 1999an egin zenak, Emakundek egindako sustapen-lanari esker, erakundeak berak ez ezik, gobernuko sailek, foru aldundiek eta geroz eta udal gehiagok emakume eta gizonen berdintasunerako lanean parte hartzea lortzen ari zirela erakutsi zuen. 2.840 jarduera identifikatu eta aztertu ziren; lehenengo planari dagokion aurreko aldian egindakoen bikoitza baino askoz ere gehiago.

Lan handia egin zen, baina berariazko neurriak garatzeko joera handiagoa eta emakume eta gizonen berdintasunaren helburua politika publiko guztietan sartzeko ildoan aurrera egiteko erresistentzia edo zailtasun handiagoa ere ikusten zen. Ildo horretan aurrera egitea izan zen, beraz, Euskadiko Emakumeentzako Ekintza Positiboko Hirugarren Plana (PDF, 55 MB) prestatzerakoan lortu nahi izan zen helburu nagusietako bat. 1999an onartu zen plana, eta haren izenburuan “politika publikoetako genero-ikuspegia” adierazpena sartu zen, ardura publikoetan ikuspegi honen premia nabarmentzeko xedez. Jarduteko modu hau izendatzeko Mainstreaming hitzaren erabilera zabaltzen hasi zen. Jakina, Hirugarren Planak ez zuen ahaztuta uzten emakumeen eskubideen, haien jabekuntzaren eta parte?hartze sozial eta politikoaren aldeko ekintza positiboarekin jarraitzeko premia, ezta bizitzako esparru guztiei –kultura, hezkuntza, enplegua, osasuna, etab.– loturiko beste neurri asko ere.

Hirugarren Planaren ebaluazioak erakutsi zuen EAEko Administrazioak lanean jarraitzen zuela, bere jarduketak zabalduz eta dibertsifikatuz. 4.500 jarduketa inguru egin dira, aurreko aldiarekin alderatuta % 70 inguruko gehikuntza izan da, jarduketak nabarmen dibertsifikatu dira, politika eta baliabideetan koordinazioa handiagoa da, politika sektorial eta orokorretan bada nolabaiteko mainstreaming-a, oraindik ahul samarra den arren, eta enpresen eta erakunde pribatuen esparruan emakumeak eta berdintasuna barneratzeko geroz eta interes eta inplikazio handiagoa dago.

Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren interesaz eta gizarte-onuraz jabetzearen inguruan eginiko sentsibilizazio-lan handiak, profesionalen prestakuntzak, koordinaziora bideratutako erakunde-mekanismoak sortzeak eta berdintasunerako politikak garatzeak behar adina baldintza jarri dituzte 2005ean Eusko Legebiltzarrak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartzeko.

2005eko otsailean sartu zen indarrean Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea, Euskadiko berdintasun-politiken egungo erreferentzia-esparrua. Legea onartzea aurrerabidea da, bai bultzada instituzionalagatik bai gizartean sortzen duen itxaropenagatik.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Plana (PDF, 3 MB) 4/2005 Legea onartu ondoren irekitako esparru berrian onartu zen, 2006ko irailean. Batez ere plangintza, kudeaketa eta ebaluaziora bideratutako dokumentua izatea du ezaugarri.

EAE-ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Plana . IX Legealdirako Jarraibideak (PDF, 2 MB), 2010eko ekainaren 29an onartu zen. Gidaplan bat da, berdintasunaren helburuan aurrera egiteko beharrezkotzat jotzen diren helburu estrategikoak eta operatiboak adierazten dituenez gero. Legealdi honetan emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean botere publikoen jarduna orientatu behar duten jarraibideak eta esku-hartzeko ildoak ezartzen ditu,eta horretarako, datozen lau urteetako lehentasunezko gizarte-aldaketak zeintzuk diren esaten da.

Eredu honen bidez erantzuna eman nahi zaie administrazioek beren plangintza edo programazio estrategikoak diseinatzerakoan izan ditzaketen beharrei, horietan adieraziko baitira zein helburu lortu nahi diren eta helburuak nola eta zein kronogramarekin lortuko diren.

Dokumentuak hiru zati ditu, argiro bereiziak:

  • Lehenengo kapituluan, berdintasunaren aldeko gobernantza hobetzeko neurriak proposatzen dira.
  • Bigarren kapituluan, IX. Legealdirako proposatutako gizarte-aldaketarako erronkak azaltzen dira. Hiru ardatzetan antolatu dira: Emakumeak ahalduntzea eta balioak aldatzea; antolaketa sozial erantzukidea eta emakumeen aurkako indarkeria. Horietako bakoitzean bi edo hiru programa proposatzen dira, lan-jomugak egituratzeko. Gizarte-diagnostikoek programen jarduteko helburu estrategikoak deskribatzen dituzte, genero-alde nagusienak identifikatzen dituzten helburu operatiboak zehaztuta.
  • Hirugarren kapituluan, proposatutako kudeaketa-eredua aipatzen da. Bereziki garrantzitsua da, zeren eta aurreko kapituluetan ezarritako helburuak betetzera bideratutako lan-prozesua ahalbidetzen du. Hor kudeaketa-egiturak taxutu dira, bai eta hiru faseak ere, plangintza, ezarpena eta ebaluazioa, hain zuzen ere.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Planeko Jardueren Gida (PDF, 700 KB)

Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Plana X. Legegintzaldiko Jarraibideak, Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2013ko abenduaren 30ean egindako bilkuran onartu zuen.

Euskadi, auzolana