Web Emakunde

euskad.eusen sartu

Atxikitako Organoak

Honako hauek dira Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari atxikita eta/edo lotuta dauden organoak:

 

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunareko Defentsa Erakundea

Defentsa Erakundearen ardura Euskal Autonomia Erkidegoan sexuaren ziozko diskriminazio-kasuetan biztanleak defenditzea eta emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioaren betetzea sustatzea da.

Defentsa-erakundeak erabateko autonomia du Administrazioaren beste atalekiko, bere eginkizunak betetzeko, eta Emakunde-Emakumenaren Euskal Erakundeari atxikita dago, Administrazioaren egitura hierarkikoan txertatu gabe.

 

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordea

Erakunde arteko Batzordea Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta foru-eta toki administrazioek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan garatzen dituzten politikak eta programak koordinatzeko ardura duen organoa da.

Hauexek dira Erakunde arteko Batzordeko kideak:

a) Batzordeburua: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.

b) Batzordekideak:

  • Eusko Jaurlaritzaren ordez lau pertsona, sailburuorde maila dutenak, honako alor hauen ardura dutenak: herri administrazioa, lana, gizarte gaiak eta ingurumena. Dagozkien sailburuek izendatzen dituzte pertsona horiek.
  • Foru Aldundien ordez, alde batetik, pertsona bat, diputatu maila duena, aldundian horretarako agintea duen organoak izendatzen duena, eta, beste aldetik eta maila berberarekin, foru aldundi bakoitzean berdintasun-politika bultzatzeko ardura duen organo edo unitateko burua.
  • 6 pertsona, zinegotzi maila dutenak, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriak ordezkatzen dituen elkarteak izendatutakoak. Horietako hiru gutxienez, dagokion toki administrazioan berdintasun-politika bultzatzeko ardura duen organo edo unitateko buruak izango beharko dira.

Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordeak honako eginkizunak ditu:

  • Euskal herri administrazioen arteko elkarrizketarako organoa izango da emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan; horrez gainera, sailen arteko sinergiak sortaraztea helburu duten esperientziak eta proposamenak elkarrekin konpartitzeko espazioa ere izango da, betiere berdintasunerako politiken kudeaketa eta emaitzak hobetzeko asmoarekin.
  • Emakume eta gizonen berdintasunaren arloan proposamenak egitea eta jarraibideak ezartzea, euskal herri administrazioen eskuartze eta jarduerak koordinatzeko, bai berariazko politikei dagokienez bai politika sektorialetan berdintasun-printzipioa sartzeari dagokionez.
  • 4/2005 Legean ezarritakoa aplikatzerakoan euskal herri administrazioen artean sor daitezkeen gatazkak konpontzeko irizpideak proposatzea.
  • Autonomia, foru eta toki administrazioek 4/2005 Legea eta bere 15. artikuluan araututako berdintasunerako planen erabilpen eraginkorra bultzatzea eta koordinatzea bai eta kasu bakoitzean erabilpenaren ardura duten erakunde eta organoekin elkarlanean aritzea.
  • Administrazioei proposamenak egitea, 4/2005 Legean eta berdintasunerako plan edo egitarauetan ezarritakoa modu eraginkorrean bete eta garatzeko beharrezko arauak eman eta bestelako egintzak buru ditzaten bai eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Administrazioak hiru mailetan eskuartzeko modua hobetu dezan ere.
  • Euskal herri-aginteen jarduerak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan jarraitu beharreko ildoak eta jarraibideak jasoko dituzten plan orokorrak gertatzeko prozesuan eskuartzea, 4/2005 Legearen 15.1 artikuluaren arabera.
  • 4/2005 Legearen betearazpen, garapen eta erabilpenaren jarraipena egitea, Lehenengo Xedapen Gehigarrian aurreikusitakoaren arabera.

Erakunde arteko Batzordeko kideei beharrezko laguntza eta aholkularitza teknikoa emateko eta euren eginkizunak ondo bete ditzaten, Erakunde arteko Talde Teknikoa sortu da. Hamazortzi teknikarik osatzen dute, batzordekideko bana eta batzordekideek berek izendatuta. Ahal dela, dagokion erakundean emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzen eta horretaz aholkuak ematen lan egiten duten teknikarietako bat izango da.

Horrez gain, Erakunde arteko Batzordeak lantalde teknikoak sor ditzake gai batzuk berariaz edo arlo jakin baten ikuspuntutik aztertzeko. Taldeok iraunkorrak zein aldi baterakoak izan daitezke.

 

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordea

Sailarteko Batzordearen helburua Eusko Jaurlaritzak —administrazio orokorra zein administrazio instituzionala, biak barne— emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egiten dituen jarduketak koordinatzea da. Batzorde honek, ekainaren 15eko 251/1999 Dekretuaren bitartez araututako Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeentzako Ekintza Positiboko Planaren exekuzioa koordinatzeko Sailarteko Batzordeak egidako lanari jarraipena ematen dio.

Hauexek dira Sailarteko Batzordeko kideak:

a) Batzordeburua: Lehendakaria.

b) Batzordeburuordea: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.

c) Batzordekideak:

  • Lehendakaritzako idazkari nagusia.
  • Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzak ordezkari bat du Batzordean, hain zuzen ere, sailburuak izendatutako sailburuorde bat.

d) Idazkaria: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Idazkaritza Nagusiaren titularra.

Batzordeak eginkizun hauek ditu:

  • Eusko Jaurlaritzako sailen arteko eztabaida-organoa izango da emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan; horrez gainera, sailen arteko sinergiak sortaraztea helburu duten esperientziak eta proposamenak elkarrekin konpartitzeko espazioa ere izango da, betiere berdintasunerako politiken kudeaketa eta emaitzak hobetzeko asmoarekin.
  • Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi guztien hasieran onetsi behar duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plan Orokorraren prestakuntzan parte hartzea, 4/2005 Legearen 15.1 artikuluan xedatutakoari jarraiki.
  • 4/2005 Legearen 15.2 artikuluan aurreikusitako plan eta programak burutzeko irizpideak, nahiz plan zein programa horien oinarrizko edukia ere, ezarriko ditu. Lortu beharreko helburuak, garatuko diren ekintza zehatzak, aurreikusitako burutze-egutegia, aurrekontu estimatua eta gauzatzeko ezarritako baliabideak jaso beharko ditu, ezinbestez, eduki horrek.
  • Sailek eta eurei atxikitako edo euren menpeko erakunde autonomiadunek edo herri-enteek, nahiz 4/2005 Legea nahiz Lege horren 15.1 eta 15.2 artikuluetan aurreikusitako berdintasunerako plan edo programak, zehatz-mehatz betetzea bultzatu eta koordinatuko du. Irizpideak ezarriz, ekintza-proposamenak landuz eta, dagokionean, sail desberdinen artean gerta daitezkeen eskuduntza-gatazkak ebazteko arauak proposatuz, kasu bakoitzean aplikazioaren ardura duten organoekin lankidetzan arituko da.
  • 4/2005 Legearen 15.2 artikuluan agindutakoaren arabera sailek osatu behar dituzten plan edo programen aurreikuspenei dagozkien burututako ekintzen eta erabilitako bitarteko zein baliabideen jarraipen-txostena urtero landuko du.

Sailarteko Batzordeko kideei beharrezko laguntza eta aholkularitza teknikoa emateko eta euren eginkizunak ondo bete ditzaten, Sailarteko Talde Teknikoa sortu da. Batzordekideko kide bana osatzen dute eta batzordekideek berek izendatuta. Ahal dela, dagokion erakundean emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzen eta horretaz aholkuak ematen lan egiten duten teknikarietako bat izango da.

Horrez gain, Sailarteko Batzordeak lantalde teknikoak sor ditzake gai batzuk berariaz edo arlo jakin baten ikuspuntutik aztertzeko. Taldeok iraunkorrak zein aldi baterakoak izan daitezke.

 

Begira-Berdintasuna Garatzeko Iragarkien Aholkularitza

Berdintasuna Garatzeko Iragarkien Aholkularitza, Begira, honako pertsona hauek osatzen dute:

a) Lehendakaria: Emakundeko Idazkari Nagusia.

b) Batzordekideak:

  • Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza ordezkatuz, Sailarteko Publizitate Batzordean ordezkaria den pertsona bat.
  • Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila ordezkatuz pertsona bat.
  • Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Saila ordezkatuz pertsona bat.
  • Euskal Herriko Unibertsitateko Informazio Zientzietako Fakultateko bi irakasle.
  • Batzorde Aholku Emaileko emakumeen Elkarteetako bi ordezkari.
  • Kontsumitzaileen Elkarteak edo bere Federazioek aukeratutako pertsona bat.
  • Publizitatean eta Komunikazioan aditua den pertsona bat.
  • Emakundeko teknikari bi. Hauetako batek idazkari lana egingo du.

Berdintasuna Garatzeko Iragarkien Aholkularitzari, Begirari, honako funtzio hauek dagozkio:

  • Eskatzen den aholkularitza eskaintzea, planteatutako publizitate-ekimenetan sexismoa saihesteko irizpideak eta aukera desberdinak azalduz.
  • Euskadiko Autonomia Erkidegoan ematen diren iragarkien eta kanpainen jarraiketa eta azterketa jarraia egitea estereotipatu gabeko irudiak eta ereduak azaltzen dituzten publizitate-aukera desberdinak planteatzeko asmoz.
  • Publizitate sexistari dagokionez jasotzen diren salaketak kanalizatzeko bide bezala balio izatea.

 

Emakundeko Aholku Batzordea

Emakundek, 1993an, esperientzia pilotu bat bultzatu zuen emakume elkarteen partaidetza bultzatze aldera. Gerora, arrakasta ikusita, Emakundeko Aholku Batzordea sortu zen esperientzia horretatik. Aholku Batzordea Emakunderi atxikita dago, eta ekainaren 8ko 103/1998 Dekretuak arautzen du. Batzorde honen xedea emakume elkarteen eta Erakundearen arteko komunikazio bidea izatea izan da, hartara, Erkidegoko berdintasun politikei proposamenak, kritikak eta ekarpenak egiteko gune komuna ahalbidetu zezan, eta sektore honetako elkartegintza bultzatzeko eta dinamizatzeko tresna izan zedin.

Honako egiteko hauek dagozkio aholku-batzorde horri:

  • Emakunderen helburuak betetzeko beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzeko proposamenak egitea.
  • Jardute plana, ebaluazio txostena eta botere publikoen ihardute memoria ezagutzea. Emakundek landuko ditu eta aholku-batzordeak horiei buruzko txostena emango du, baina ez da loteslea izango.
  • Emakunderen kudeaketa, jardute-moduari buruzko memoria eta erakunde horren aurrekontuen aurreproiektua ezagutzea. Horiei buruzko txostena emango du, baina ez da loteslea izango.
  • Giza-emakumeen arteko berdintasuna eta emakumezkoek, politika-, kultura-, ekonomi- eta gizarte-bizitzan izan behar duten partaidetza indartzeko eta sustatzeko komenigarritzat jotako neurriak Emakuknderi proposatzea.

Honako hauek parte hartu ahal dute Emakunderen Aholku-Batzordean: Euskal Autonomia Erkidegokoak izan eta eskabidea aurkeztu dezaten emakumezkoen elkarte eta fundazioek. Emakumezkoen defentsa eta sustapena egitea izan behar dute helburu bakarra eta Emakunderen onarpena izan.

Horretarako sortzen diren lau arloetako bati atxiki beharko zaizkio elkarteak eta fundazioak, hala nahi baldin badute: arlo sozio-kulturala; hezkuntza arloa, asistentzia-sanitate arloa edo feminismoari buruzko azterketa arloa.

Aholku-Batzordearen ihardute-modua, pleno eta azpibatzorde sektorialen bidezkoa izango da.

Honako hauek osatzen dute plenoa:

a) Lehendakaria: Emakundeko zuzendaria.

b) Lehendakariordea: Emakundeko idazkari nagusia.

c) Bokalak: 12 bokal, Aholku-Batzordean parte hartzen duten elkarte eta fundazioen ordezkotza eginez, hau da, lehenago aipatu diren ihardute-arlo bakoitzeko bat lurralde historiko bakoitzean. Azpibatzorde sektorial bakoitzeko lehendakariak izango dira kide.

– Emakundeko Ikerketa, Planifikazio eta Agirien arduraduna eta Hezkuntza-arduraduna.

d) Idazkaria: Emakundeko Informazio eta Elkarteen arduraduna.

Aholku-Batzordeko kide diren elkarte eta fundazioek osatuko dituzten azpibatzorde sektorialak 12 izango dira, ihardute-arlo bakoitzeko bat lurralde historiko bakoitzean. Lehendakari bat eta idazkari bat aukeratu beharko dituzte bertako kideen artetik. Lehendakaria, azpibatzordeak plenoan duen ordezkari-bokala izango da.

 

Etxeko tratu txar eta sexu erasoen biktima diren emakumeei eskaintzen zaien laguntza hobetzeko Erakundeen arteko Akordioaren Jarraipen Batzordea

Erakunde arteko Akordio hau gure herriko agintari gorenek 2001eko urriaren 18an izenpetu zuten. Batzorde honen egitekoa da Akordioan ezarritako jarraibide eta irizpideak benetan aplikatzen direla ziurtatzea eta arlo honetan diharduten erakundeek hartutako konpromisoak nola gauzatzen diren zaintzea.

Etxeko tratu txarrak eta sexu-erasoak jasaten dituzten biktimei laguntza ematen dieten erakundeen arteko koordinazioa hobetzea du xede, biktimei babes osoa emate aldera, den osasunaren aldetik, poliziaren babesaren aldetik, epaileen aldetik edo gizarte-laguntzen aldetik. Horretarako, kasu hauetan jarduteko orduan profesionalek jarraitu beharreko jarraibideak eta irizpideak zehaztu dira, bai profesional bakoitzak bere esparruan egin beharreko lanerako, bai erakundeen arteko harremanetarako ere.

Honako hauek osatzen dute Jarraipen Batzordea:

a) Burua: Emakundeko zuzendaria.

b) Kideak: sailburuorde maila —edo antzekoa— duten pertsonek, erakunde hauek ordezkatuz:

  • Aginte Judizialaren Kontseilu Gorena
  • Fiskaltza
  • Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila
  • Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
  • Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila
  • Arabako Foru Aldundia
  • Bizkaiko Foru Aldundia
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Eudel / Euskal Herriko Udalen Elkartea
  • Abokatuen Euskal Kontseilua
  • Euskadiko Sendagile Elkarte Nagusia

c) Idazkaria: Emakundeko idazkari nagusia.

Jarraipen Batzordeak eginkizun hauek ditu:

  • Koordinazio akordio honetako edukiak nola gauzatzen diren aztertzea.
  • Erakunde izenpetzaileei, jarduera protokoloan jasotako neurri eta ildoak benetan gauzatze aldera, egoki deritzen ekintza guztiak proposatzea.
  • Erakunde izenpetzaileek elkarrekin jarduerak egin ditzaten proposamenak egitea, bai eta koordinazio akordio honen xedearen gaietan hainbat erakunderi eragiten dieten esku‑hartzeak eta jarduerak koordinatzeko ere.
  • Jarduera protokoloak akordio honen indarraldian sortzen diren ekimen edo egoera berrietara egokitzeko proposamenak egitea.
  • Ekitaldi bakoitzaren bukaeran, koordinazio akordio honetako edukiak nola gauzatu diren zaindu eta balioztatzeko txostena egitea.
Euskadi, auzolana