Web Emakunde

euskad.eusen sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Emakunde
 

Argitalpen-data: 2013/05/16

Emakumearen euskal erakundeak bere 25. urteurrena ospatzeko ekitaldian eman du emakunde saria

Bilboko Asistentzia Psikosozialerako Moduluek (Rekaldeberri, Deustu-San Ignacio eta Iralakoek) Berdintasunerako Emakunde Saria jaso zuten Lehendakaritzako egoitzan egingo den ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren eskuetatik. Ekitaldi honetan Emakunderen 25. Urteurrena ospatu zen eta bertan izan ziren erakundearen historian zeresana izan duten hainbat pertsona, besteak beste, aurreko legegintzaldietako Emakundeko zuzendaritzak.

Emakunde saria

Lehendakariaren hitzaldia (pdf, 99 KB)

Izaskun Landaidaren hitzaldia (pdf, 95 KB)

Irekia: Emakundek 25 urte bete ditu

25. urteurrena

Ekitaldi bakar batean Emakundek bere 25. Urteurrena ospatu zuen eta Berdintasunerako Emakunde Sariaren entrega egin zuen. Azken edizio honetan, Bilboko Asistentzia Psikosozialerako Moduluek (Rekaldeberri, Deustu-San Ignacio eta Iralakoek) jaso dute Berdintasunerako Emakunde Saria. Ekitaldian Emakunde existitu den 25 urteetan berdintasunaren alorrean emandako aurrerapausoak nabarmendu dira eta baita oraindik egitekoak azpimarratu ere. Horrekin batera, Emakundek gizartearen begiradak aldatzean izan duen garrantzia azpimarratu zen.

25. urteurrena

Epaimahaiak baloratu du, beste ezaugarri batzuen artean, sarituak izan diren modulu hauek izan duten ezaugarri aitzindaria eta denboran zehar irauteko izan duten gaitasuna, nahiz eta egoera zailetan lan egin behar izan. 70-80 hamarkadetan sortu ziren emakumeen eta auzoko taldeetan diktaduraren ondorengo lehen urte haietako zerbitzu publikoen eskasiaren aurrean. Orduan ez zegoen emakumeak artatzeko zentrorik, ezta familia planifikaziorako edo indarkeriaren biktima izandako emakumeentzako zentrorik. Hau dela eta, auzo ezberdinetako emakumeak antolatu ziren auzo taldeen barnean emakume eta gizonen berdintasunaren alde lan egiteko eta haien aldarrikapen feministen artean antisorgailuetara heltzea, aborturako eskubidea, sexualitate propio bat izatekoa zeuden, eta hauekin batera, tratu txarrak jasandako emakumeei babesa ematea legearen aldetik eta baita hauek artatzen.

25. urteurrena

Rekaldeko modulua 1970. urtean jaio zen, Iralakoa 1982.urtean, eta Deusto-San Ignaciokoa 1983. urtean. Zerbitzu ginekologikoak eskaini dizkiete 75.000 emakume baino gehiagori, zerbitzu psikologikoak 12.000 emakume ingururi, aholku juridikoa 12.000 emakumeri, eta gizarte-bazterketa sufritzeko arriskua duten milaka emakume artatu dituzte. Honekin batera, hitzaldi, tailer eta jardunaldi ugari antolatu dituzte urte hauetan.

25. urteurrena

Epaimahaiak azpimarratu du modulu hauek emakumeen eta auzoko mugimenduen ekimenez sortu izana, eta eredu autogestionatu bat izan dutela, erakundeen laguntzarekin. Beste ekarpen handi bat, epaimahaiaren iritziz, izan da genero ikuspegia txertatu izana eskaintzen dituzten zerbitzuetan eta berdintasunerako hain funtsezkoak diren gaietan egin duten ahalegina, besteak beste, emakumeek euren gorputzen kontrola izan dezaten, euren harremanak erabakitzeko duten eskubidea, berdintasun eza ikustarazten egindako lana, edota emakumeen kontrako indarkeriaren kontrako lana. Honekin batera, epaimahaiak azaldu du era guztietako emakumeekin lan egin dutela, eta baita ere euren ekintzak arlo ezberdinetan banatu direla: artatzea, ikerketa eta prestakuntza, besteak beste. Azkenik, auzoetan komunitatea sortzeko erakutsi duten gaitasuna goraipatu du.

25. urteurrena

Sariaren helburua

Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea; emakumeek egindako lana aintzat hartzea eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzearren egindako lanetan nabarmendu direnak saritzea, edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzearren egindako lanetan nabarmendu direnak ere. Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da

Emakunde Sariak lau alorretan banatzen ziren 2006ko ediziora arte. 2006an Emakundek pentsatu zuen egokia zela arloen aniztasunaren ikuspegia sartzeko beste modu batzuk antolatzea; hori dela eta, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko ekarpen bakar bat saritzea erabaki zuen, nabarmenena, edozein arlotakoa izanda ere. Sari bakarra ematen denetik hauek izan dira sarituak: Mari Jose Urruzola 2006an, Bagabiltza elkartea 2007an, Bizkaiko Emakumeen Asanblada 2008an, Lilaton taldea 2009an, 2010ean Teresa del Valle eta 2011an Irun eta Hondarribiako alarde mistoak.

25 urteko ibilbidea

1988an euskal erakundeek Emakunde sortu zutenetik, institutuak bide berriak ireki ditu berdintasunerantz. Denbora honetan ahalegin handia egin da administrazio publikoetan berdintasunaren aldeko egiturak sortzen, administrazio ezberdinen arteko sareak eraikitzen, arlo pribatuan ere berdintasunaren alde lan egin dezaketen erakunde, entitate eta talde ezberdinak bultzatzen eta laguntzen. Administrazioan berdintasunaren aldeko sareak eta egiturak sortu eta sendotzea izan da Emakunderen zeregin garrantzizkoena urte hauetan, eta honekin batera baita ere administrazioetan berdintasun politikak bultzatzeko gai izateko pertsonak trebatzea. Honen adibide argia dira orain arte egin diren Ekintza Positiborako Planak edo erakundeen artean sortu den elkarlana. Eta ezin ahaztu urte hauetako lorpen handienetakoa: Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea, Emakundek landu zuena eta Eusko Legebiltzarrak 2005. urtean onartu zuena. Honen onarpenarekin hainbat asmo lege bihurtu ziren.

Ondoren, Emakunderen historiako mugarri batzuen errepasoa:


1988

1988. urteko otsailaren 5ean Eusko Legebiltzarrak Emakumearen Euskal Institutuaren sorkuntzarako legea onartu zuen. Institutuak Emakunde izena hartuko zuen gero eta Txaro Arteaga izango zen lehen Zuzendaria eta Itziar Fernández Idazkari Nagusia. Garai hartan Eusko Legebiltzarreko parlamentarien artean 66 ziren gizon eta 9 emakume. Emakumearen Euskal Erakundearen helburuak honakoak ziren: gizarte eta bizitzako arlo guztietan emakume eta gizonezkoen artean benetako berdintasuna lortzea, berdintasunera iristeko bideak bultzatzea, eta emakumeen diskriminazioa ezabatzeko era guztietako neurriak hartzea.


1989

1989ko maiatzaren 22an Emakunderen lehenengo Zuzendaritza Kontseilua bildu zen Jose Antonio Ardanza Lehendakaria buru zelarik. Kontseiluak Institutuaren zuzendaritzak diseinatutako kudeaketa eredua onartu zuen eta baita burutu beharreko programak. Urte honetan ere, Emakunderen mezua hedatzeko asmoarekin, Emakunde aldizkariaren zero zenbakia kaleratu zen.

Hau izan zen baita ere Emakundek Legebiltzarrean egindako lehen agerraldiaren urtea. Giza Eskubideen batzordearen aurrean agertu zen. Honekin batera, martxoaren 8ko lehen kanpaina egin zuen Emakundek urte honetan ?Emakumea, berdintasuna zure eskubidea da? lemapean. Garai honetatik aurrera urtero egin ditu kanpainak Emakundek Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruan.


1990

Emakunde Sariak 1990.ean eratu ziren lehenengoz hedabideetako profesionalen lana aitortzeko helburuaz. 1995.ean publizitate arloko saria eratu zen eta 1997an hezkuntza eta kirol arlokoa. Hamabost urtetan zehar, hirurogei pertsona baino gehiago izan dira sarituak eta ehun pertsona inguruk parte hartu dute alor ezberdinetako epaimahaietan. 2006. urtetik aurrera sari bakarra banatuko da: Berdintasunerako Emakunde Saria.

Berdintasunerako Kudeatzaileen Heziketa hasi zen urte honetan. Kurtso hauen bitartez, emakume eta gizonen arteko aukera berdintasunean jantzitako langileak prestatzen hasi ziren.

Eta abenduan, bi urtez institutuaren egitura eta antolaketa zehaztuz lanean jardun ondoren, Emakunde bere gaur eguneko egoitzara aldatu zen, Gasteizko Manuel Iradier kalera.


1991

1991ko maiatzaren 7an Ekintza Positiborako I. Plana onartu zuen Gobernu Kontseiluak. Ekintza Positiborako planaren helburua herri administrazioa berdintasunaren aldeko lanean inplikatzea da. Ekintza Positiborako planak legegintzaldi bakoitzean euskal herri administrazioak berdintasun alorrean gidatzeko tresnak dira.


1992

Urte hartan Emakundek Sorkunde aurkeztu zuen, diskriminazioaren inguruan aholkuak ematen zizkigun emakumea. Erantzunkidetasunean oinarritutako kanpaina jarri zen martxan telebistan eta hizkuntzaren erabilera sexista edo aurreiritziak bezalako gaiak jorratu ziren zenbait iragarkietan. Sentsibilizaziorako tresna eraginkorra izan zen Sorkunde.


1993

Urte honetan Aholkularitza Batzordea sortu zen, emakumeen talde eta Emakunderen arteko komunikazioa hobetzeko eta baita emakumeen elkartegintza sustatzeko. Batzorde honen helburua emakume talde ezberdinen eta Emakunderen arteko harremana formalizatzea da: Batetik taldeen proposamenak jasotzen dira, eta bestetik, Erakundearen informazioa igorri eta jarduerak antolatzeko behar duten laguntza eskaintzen zaie.

Bestetik, Gobernuko sail ezberdinen arteko koordinazioa hobetu eta Emakunderekin harremanak zuzentzeko Sailarteko Batzordea sortu zen. Batzorde honek legegintzaldi bakoitzaren hasieran sail ezberdinek berdintasunaren alorrean aurrera eraman beharreko ekintzak zehazten dira, eta baita zein baliabide dituzten horretarako.


1994

Urte honetan, ?Aukera Berdintasunean Erakunde Laguntzailea? figura sortu zen. Figura honen helburua euren erakundeetan emakume eta gizonen berdintasunarekin konpromisoa hartzen duten entitateen lana aitortzea da.


1995

Legegintzaldi berriaren hasierarekin, Emakundek Ekintza Positiborako II. Plana aurkeztu zuen. Aurreko planaren ondorioetan oinarritu zen, baina bigarrenean Ekintza Positiboari berari zuzenago ekin behar zitzaiola erabaki zen. Plan berria hezkuntza, kultura eta hedabideen bidez zabaltzen diren estereotipoak baztertzera zuzendu zen.

Bestetik, urte honetan Pekinen egindako Emakumeen Munduko IV Konferentzian parte hartu zuen Emakundek eta laguntza ekonomikoa eskaini zuen konferentzia honetan berrogei euskal emakume inguruk parte hartu zezaten.


1997

Urte honetarako Emakunde jada erreferentea bihurtu da emakumeen egoera aztertzen duten ikerketa, txosten eta giden argitalpenak kaleratzen. Lan honetan gogor saiatu da bere historia guztian zehar, gaur arte. Egun, Emakundek urtero aurkezten du Eusko Legebiltzarraren aurrean Emakume eta gizonen egoerari buruzko txosten bat eta Ekintza Positiborako Planen gauzatzean herri administrazioek egindako ekintzen memoria.


1999

1999an Emakundek Ekintza Positiborako III. Plana osatu zuen. Plan hau osatzeko, ezinbestekoa izan zen hainbat urtetako ibilbidea aztertzea eta aurreko planen ondorioetan sakontzea.

Aldaketa urtea da Emakundeko zuzendaritzan. Juan Jose Ibarretxe Lehendakari izendatua izan ondoren, Emakundeko Zuzendaritza Batzordeko presidente lanetan hasten da eta Izaskun Moyuak Idazkari Nagusiaren kargua hartzen du.


2000

Pekineko Ekintza Plataforma aztertzeko kongresua egin zen New Yorken eta bertan Emakundek parte hartu zuen. Urte honetan ere, Inguruko herrialdeetako emakumeek pairatzen duten egoeraz kezkatuta, Emakundek Saharako Emakumeen Batzar Nazionalak antolatutako emakumeen egoerari buruzko Nazioarteko kongresuan parte hartu zuen. Euskal Herriko hainbat emakumek egin zuen bat ekimen honekin.


2001

2001eko urriaren 18an Euskal Erkidegoko agintari nagusiek tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei arreta hobeagoa eskaintzeko akordioa sinatu zuten. Akordio honek, aurretik hitzartutako beste bat hobetu zuen, eta erakunde publiko ezberdinen parte hartzea bideratu zuen. Besteak beste udalak, osasun zentruak eta epaitegiak.


2003

Nahiko programa sortzen du Emakundek, hezkuntza munduan emakumeen aurkako biolentziaren kontrako prebentzio programak aurrera eramateko. Nahiko tratu txarrak prebenitzeko eskola-egitasmoa da eta bere helburu nagusia da ikasleen etorkizuneko bikote harremanak berdintasunean eraiki daitezen.


2004

Emakundek martxan jartzen du Naro izeneko Berdintasunerako gunea, emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde lan egiten duten erakundeen, taldeen eta elkarteen lana biltzeko, ikusarazteko eta indartzeko asmoarekin.


2005

Emakundek Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen aurreproiektua aurkeztu eta Eusko Jaurlaritzak onartzen du. 2005eko otsailaren 18an Eusko Legebiltzarrak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartzen du osoko bilkuran eta urte horretan bertan hasten da fruituak ematen, izan ere, Eusko Legebiltzarreko emakume parlamentarien portzentajea %52koa izatea lortzen baita. Gure erakundeetan lehenbizikoz orekatua izango da emakume eta gizonen ordezkaritza.

Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Erakundeen Arteko Batzordea sortzen da administrazio ezberdinen arteko koordinazioa areagotzeko emakume eta gizonen berdintasunaren alorrean.

Urte honetan ere Berdinsarea jarri zen martxan. Berdinsarea udalerri ezberdinek osatutako sarea da, eta emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren aldeko eta genero biolentziaren aurkako neurriak koordinatu eta martxan jartzen ditu.

Emakunderen antolaketan ere berrikuntza garrantzitsuak daude. Izaskun Moyua Emakundeko Zuzendari izendatua da eta Miren Arantza Madariaga Idazkari Nagusia.


2006

Urte honetan, Ekintza Positiborako IV. Plana onartu zen. Aurrekoekin hasitako lanari jarraituz, azken hau Berdintasun legeak eragindako aldaketei moldatu behar izan zen.

Horrez gain, Donostiako Kursaal Jauregian Emakundek Nazioarteko Sare kongresua antolatu zuen ?Emakumeak bakeak eraikitzen? lelopean. Bertan, nazioarteko adituek, emakumeek bakegintza prozesuetan duten zeregina aztertu zuten.

Berdintasunerako Legearen ondorioz, Emakunderi atxikitako erakunde berri bat sortzen da: Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Defentsoria. Honen helburua da arlo pribatuan eman ahal diren sexuaren araberako diskriminazio kasuen kontra lan egitea. Maite Erro da Berdintasunerako lehen defentsorea.


2007

Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak Emakunderekin batera Gizonduz programa aurkeztu zuen. Euskal Autonomia Erkidegoan gizonak sexuen arteko berdintasunaren alde kontzientziatzeko eta beren parte-hartzea eta inplikazioa bultzatzeko ekimena da Gizonduz.


2008

Emakundek 20 urte betetzen ditu eta kanpaina bat egiten da telebistan ?20 urteko zirimiria? lemapean.

EUDELekin batera tokiko berdintasun planak egiteko gida aurkezten da, eta honekin batera, tokiko administrazioetan berdintasunezko teknikariak kontratatzeko eredu bat egiten da. Zenbait gida aurkezten dira hizkuntza ez sexistaren inguruan.


2009

Martxoan egindako hauteskundeen ondoren, Emakundek zuzendaritza berrituko du: María Silvestre izango da zuzendari berria eta Arantxa Elizondo idazkari nagusia. Uztailaren 9an Patxi López lehendakariak Emakunderen zuzendaritza berriaren aurkezpena egingo du Lehendakaritzako egoitzan eta bertan aurkeztuko du Genero Indarkeriaren Biktimen zuzendaria, Mariola Serrano.


2010

Emakume eta Gizonen Berdintasunerako V Plana onartzen da.

Emakunderen aldizkaria digitalizatu egiten da.

Adierazi Beldur Barik! Lehiaketa martxan jartzen da Berdinsarearen barruan.


2011

Enpresetan sexu-jazarpenari eta jazarpen sexistari aurre egiteko protokoloa landu zen.

EAEn maila goreneko kirola egiten duten emakumeak omentzeko kanpaina abian jartzen da.

Emakume profesionalen direktorioa sortzen da, hauen lana ikustarazteko eta aitortzeko.

Gobernu Kontseiluak Berdintasun Legearen aurreproiektuaren aldaketa onartzen du Defentsoria Emakunderen barruan kokatzeko.


2012

Hondarribia eta Irungo alarde mistoek Berdintasunerako Emakunde Saria jasotzen dute. Urte honetan Berdintasun-politikak bultzatzeko nazioarteko biltzarra egiten da Bilboko Euskalduna Jauregian (urriaren 17, 18 eta 19an). Lehen mailako nazioarteko adituak biltzen dira bertan.


2013

Iñigo Urkulluren Gobernuak Izaskun Landaida eta Ana Alberdi izendatzen ditu Emakundeko zuzendari eta idazkari nagusi, hurrenez hurren.

Euskadi, auzolana