Lehendakariak Berdintasunerako Emakunde Sariaren entrega egin die Fórum Feminista María de Maeztuko kideei

2015.eko martxoak 25

  • Emakundek emakumeen elkarteak bildu ditu giza eskubideak eta genero ikuspegiari buruz hausnartzeko   
  • Alda Facio nazioarteko adituak 300 emakumeen aurrean azaldu ditu euren eskubideak defendatzeko nazioartean dauden tresnak 

Emakundek EAEko emakume elkarteetako 300 emakume bildu ditu gaur goizean Gasteizko Artium museoan Emakumeen herritartasuna: emakumeen giza eskubideak eta nazioarteko mekanismoak izeneko jardunaldian.  Bilkuraren helburu nagusietako bat emakumeen eskubideak defendatzeko eta gauzatzeko nazioartean zer tresna dauden aztertzea da.  Bertan, genero kontuetan nazioarteko aditua den Alda Faciok “Emakumeen giza eskubideak, erabateko herritartasunaren oinarriak” hitzaldia eskaini du. 

Hitzaldiaren ostean, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak Berdintasunerako Emakunde sariaren entrega egin diote Fórum Feminista María de Maezturi feminismoaren aldeko borrokan egin duen 25 urtetik gorako ibilbidea aitortzeko. Epaimahaiak goraipatu du emakumeen eskubideetan atzerapausoa suposatzen duten egoeren aurrean egin duen salaketa, emakumeekin eta beste elkarte batzuekin sarean egindako lana eta EAEn berdintasun erakunde bat sortzeko bere garaian alderdi politikoetan izan zuten eragina, besteak beste. 

Sari emanaldiaren ondoren, emakumeen elkarteetako ordezkariaek lan jardunaldia jarraitu dute mahai inguru batekin eta zenbait tailerretan parte hartuz. Hauetan gehiago sakondu dute emakumeen eskubideak defendatzeko nazioartean dauden tresnei buruz eta nola hauek islatu daitezkeen tokian tokiko eremuetan.

Bestetik, Alda Faciok bihar, martxoaren 26an, hiritar guztientzat irekia izango den hitzaldi bat eskainiko du Bilboko Artxibo Historikoan, arratsaldeko zazpietatik aurrera “Emakumeen eskubideak: nola lortu, nola galdu, nola defenditzen diren” izenburupean. Costa Ricako Alda Facio legelari eta idazlea genero eta emakumeen eskubideen alorrean nazioarteko aditu nagusietakoa da. Ikerketa lanak eta emakumeen mugimenduko aktibismo lanak uztartu ditu bere bizitzan. Nazio Batuetako CEDAW-ko (Emakumeen kontrako diskriminazio mota guztien eliminaziorako batzordea)   hizlari berezia da eta Nazio Batuetako Idazkari Nagusiaren emakumeen kontrako indarkeriari buruzko aholkularia izan da. 

 
Euskadi, auzolana