2010eko udazkena – 78 zk.

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Aldizkaria
 
Aurkibidea
Artikuluak

Haurdunaldia gorputz-jarreraren berreziketa

Egilea: Jon Pagazaurtundua Isusi. Fisioterapeuta. Gurutzetako ospitalea

Haurdunaldiak dirauen bitartean, ama izango denaren gorputz jarreran aldaketa garrantzitsuak emango dira eta ondorio ezberdinak ager daitezke. Haurdun dagoen emakume baten gorputza modu azkar batean aldatzen da eta lordosis lunbarra (gerri aldeko kurba), emakumeak hartuko duen gorputz jarreraren eraginez, hiperlordosis (bizkar-hezurraren kurbaren gehiegizko handitzea) baten eraldatuko da. Sabelaren handitzeak pertsonaren grabitate-ardatzaren aurrerako desplazamendua eragiten du eta fenomeno honek euskarri oinarria (hanken banaketa) handitu, sorbalda atzeratu eta burua aurreratzeko jarrera dakar.

Aldaketa hauek guztiek emakumea gorputz-jarrera berezi batetara bultzatzen dute eta jarrera honek, egunerokoan, bizkar-hezurreko arazoak ekar ditzake. Sarritan, haurdunaldiak dirauen bitartean, lunbarretako mina zein ziatikak agertzen dira eta gehienetan bizkarreko giharren kontrakzioen ondorio dira. Gorputz-jarrera heziketa on batek aipatu arazoak ekiditen lagunduko du.

1-     GORPUTZ-JARRERAREN HEZIKETA.

1.1-           Zutik: zutik egoterakoan, hankak elkarrengandik hurbil, belaunak luzatuta eta lunbarretan gehiegizko kurba izatea ez da gomendagarria, ezta eskuak lunbarrak eusten izatea ere. Jarrera honek muskuluen uzkurtzea eta mina agertzea  baino ez du ekarriko.

Zaindu beharreko gorputz-jarrera egokia honako hau da: lunbarretako kurba zuzendu ahal izateko pelbisa ondo baskulatu eta gorputzaren pisua hanka batetik bestera txandaka mugitzea. Euskarri hanka ez denak tolestuta egon beharko luke, aurrean dugun aulkitxo baten gainean jarrita esaterako. Honela lunbarren zuzentze pasibo bat, muskuluen luzaketa eta minaren ekiditea lortuko ditugu.

Ibiltzeko modurik hoberena berriz; burua altxatuta, bizkar hezurra zuzenduta, pelbisa ahalik eta neutroen eutsiz eta bizkar-hezurreko kurbak gehiegi handitu gabe daudela da.

1.2-           Eserita: bizkar-hezurra ongi zuzenduta manten dadin ipurdia aulkiaren atzealdearen kontra kokatzea gomendatzen da. Lunbarren aldea aulkiaren atzealdeari ondo itsatsita egon dadin belaun zein aldakak ongi tolestuak egotea ezinbestekoa izango da. Lunbar aldean kuxinik ez da jarri behar, hiperlordosisa handitzea baino ez dakarrelako. Kuxinik jartzekotan dortsal aldean jarri beharko da bizkar-hezurra zuzentzen lagun dezan.

Aulki batetik altxatzea: eserita gauden aulkia zenbat eta baxuagoa izan orduan eta handiagoa izango da altxatzeko egin beharreko ahalegina. Altxatzeko unean oinak belaunen azpian jarriko ditugu, burua zein gorputzarekin aurrera bultzatuz eta belaunen indarraz baliatuta altxatuz.

1.3-           Etzanda:

-         Buruz gora: haurdunaldiak dirauen bitartean hau ez da gorputz-jarrerarik egokiena. Posizio hau hautatuz gero, ez da luzaroan mantendu behar, umeak nerbio zein odol zainak konprimi ditzakeelako eta ondorioz odolaren zirkulazio arazoak eta edema zein kalanbreak sortarazi. Era berean, aldaka eta belaunak 90º tolestu beharko dira lunbarreko lordosisa zuzendu ahal izateko.

-         Ezker aldera begira: har daitekeen posiziorik onena da, odolaren itzulera ahalbidetzen baitu. Hanka bat aurrera ezazu belauna tolestuz eta buruko baten gainean jarriz. Beheko hankaren belaunak pittin bat tolestua egon behar du. Hori bai, besoa zein sorbalda konprimiturik geldi ez daitezen arreta jarri. Beste aukera bat bi hankak batera tolestearena da bien artean kuxina jarriz.

-         Buruz behera: gutxien gomendatzen den posizioa da (haurdun egon edo ez) lordosis lunbarra handitzen baitu.

1.4-           Kotxean:

 Gidariaren laguntzaile gisa:  esertzeko aholkatutako aulkitxoaren antzerakoa erabil ezazu.

 Gidari gisa: bolante zein pedalekiko distantzia zuzen bat mantendu behar da. Pedalei ematerakoan mugimendua aldakatik atera beharko da, bizkarra zertan okertu gabe.

 

2-     HAURDUNALDIAK DIRAUEN BITARTEAN ETA ERDITZE GARAIAN MINA HANDIAGOTZEN DUTEN FAKTOREAK

2.1-           Abdominaletako giharren erlaxatzea: egoera arrunt batetan abdominaletako eta bizkarreko giharren arteko tentsioaren orekak giharrak osasuntsu mantentzen laguntzen dute. Abdominaletako giharren erlaxatzea haurdunaldiaren azkeneko momentuetan umetokiaren garapena ahalbidetzeko beharrezkoa izango da, baina haurdunaldiaren azkeneko momentu horien aurretik indartsu mantendu beharko dira.

Emakumeak oreka mantentze aldera aipatu abdominalak erlaxatuz gero, hiperlordosisa eta bizkarreko giharren gehiegizko lana ekar diezaizkioke, eta ondorioz, lunbarretako kontraktura eta minak eragin.

2.2-           Hiperlordosisa: hiperlordosis batek bizkar-hezurrak normalean eusten duen karga handitu eta batez ere lunbarretako giharren ahalegina handiagotzera behartzen du, kontraktura eta minak eraginez.

2.3-           Ipurmasailen indarrik eza: egoera arrunt batetan ipurmasailek pelbisa egonkortzeaz gain sostengua eskaintzen die lunbarrei. Haurdunaldiak dirauen bitartean, pisua handitu eta bizkar hezurraren  postura aldatu ahala, ipurmasaileko giharrek behar besteko indarrik izan ezean, pelbisa egonkortzea ezinezko bilakatuko du, lunbar eta ipurmasail aldeetan  mina eraginez.

2.4-           Atsedenaldia eta luzaroan eserita egotea: batzutan, arrazoi ginekologikoengatik zenbait emakumek haurdunaldiak dirauen bitartean atsedena hartzea beharrezkoa izango duten arren, atsedenaldia zein luzaroan eserita egotea arrisku-faktore garrantzitsuak dira bizkarrean mina sentitzerako garaian.

Atsedenaldiak postura okerrak inkontzienteki hartu eta giharrek gehiegizko ahalegina egitea errazten du, gihar-masa zein indarra arintasunez galduz eta ondorioz giharren gainkargak edo lesioen agertzea erraztuz.

2.5-           Pisuaren handitzea: pisuaren handitzeak lunbarretako giharren ahalegina handiagotzen du eta kontrakturak izateko aukerak biderkatu. Egoera honi hiperlordosisa eta atsedenaldia erantsiz gero, fisurak, protusioak edo hernia diskalak sortzea ekar lezake eta hauen eraginez ziatikak zein lunbarretako minak agertu.

2.6-           Espazio arazoak: umetokia handitu eta pelbisaren espazioa murriztu izanak eragindako arazoek nerbioen konprimaketa ekar dezakete eta ondorioz ziatikak agertu.

2.7-           Erditzea: erditze garaian zein erditzearen ostean gerri aldean mina izatea egoera nahiko arrunta da. Arrazoiak ugari izan litezke:

-         Giharren ahalegina: zenbait erditzek ahalegin handia egin behar izatea ekar dezakete eta ondorioz egun batzuk iraun ditzakeen gihar-kontrakzioak eragin ditzakete.

-         Pelbisaren artikulazio arazoak: erditzerako unean pelbisa zabaltzeak artikulazioan eragina izan dezake eta ondorioz lunbar zein ipurmasail aldeetan mina edo giharren kontrakturak ager daitezke.

-         Coxiaren luxazioa: erditzeak dirauen bitartean haurrak coxisa eta sakroaren artean dauden ligamentuak luzatu eta hautsiz amaren coxisa atzera bultzatzen badu, coxisa desplazatuta gera liteke.

 

3-     HAURDUNALDIAK DIRAUEN BITARTEAN BIZKARREKO MINAREN PREBENTZIO ETA TRATAMENDUA:

-         Mediku arrazoirik egon ezean,  atsedenaldi luzeak saihestu beharko dira.

-         Gorputz-jarrera egoki batek barne hartzen dituen arauak bete beharko dira.

-         Bizkar-hezurraren funtzionamendu zuzena bermatzen duten giharrak egoera osasuntsuan manten daitezen ariketa ezberdinak egin beharko dira.

4-     BIBLIOGRAFIA:

-         Fraser Kate. El ciudado de tu cuerpo. Ed. Plesa. Madrid 1991

-         Fundacion Kovacs. Guia para el cuidado de la espalda. Madrid 1997.

-         Castillo Sanchez M.D. El cuidado de la espalda. Granada. 1999.

-         Daniels l, Worthinham P. Fisioteapia. Ejercicios correctivos de la alineación del cuerpo humano. Ed. Doyma. Barcelona.

- Robertd Sine, et al. Tecnicas basicas de rehabilitación. Cientifico medica. Barcelona 1979.

Euskadi, auzolana