2010eko udazkena – 78 zk.

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Aldizkaria
 
Aurkibidea
Artikuluak

Aitaren abizenaren lehentasuna bertan behera utziko du lege proiektu berriak

Hemendik bi urte barru indarrean egon daitekeen lege berriaren arabera, parekotasun oinarria aintzakotzat hartuta, aitaren abizenak amarenaren aldean lehentasuna izateari utziko dio. Gauzak horrela, gurasoek erabaki beharko dute zein izango den abizenen hurrenkera, eta adostasunik  egon ezean hurrenkera alfabetikoa lehenetsiko da. Iristear dagoen lege horren 49. artikuluaren arabera, seme-alaba zaharrentzat gurasoek erabakitzen duten abizenen hurrenkera mantendu beharko da beste jaioberriekin.
Baina akordiorik lortu ezean edo izena-ematearen eskaeran abizenak jartzen ez direnean zer gertatuko den ez dago oso argi. Hasieran erregistro Zibileko arduradunaren zeregina zela esan zuten, betiere, hurrenkera alfabetikoari jarraitzen ziola, baina, sortu den ezbaia ikusita, gobernuak emandako formula birplanteatuko duela dirudi.
Joan den uztailean onetsia eta orain Parlamentuan tramiterako onartua izan den lege berri honek beste kasu berezi bat kontuan hartu izan du: indarkeria matxistaren biktimek larritasunezko prozeduraz, eta Espainiako Justizia Ministerioaren agindu baten bidez, abizen aldaketa eska dezakete  bestelako tramiterik gabe.
Erregistro Zibilak izango duen erreformak sistema informatikoaren taxuzko berriztapena eskatuko du. Ohiko familia liburuak desagertuko dira eta fitxa bakarra irekiko da non pertsona bakoitzaren historia zibila egongo baita. Proiektuak Erregistro Zibilaren ohiko zatiketa sistemari amaiera ekarriko dio. Horrela ohiko sailak – jaiotzak, ezkontzak, heriotzak, tutoretzak, eta ordezkapen legalak-  bertan behera utziko ditu eta erregistro indibiduala sortuko du. Pertsona bakoitzari,  jaiotzen den momentutik  edo nazionalitatea hartzen duenetik “hiritartasun kodigo pertsonal”  bana egokituko zaio. Gainera, Estatu mailako informatizaturiko eta elektronikoki eskuragarria izango den Erregistro Zibila bakarra aurreikusten da. Datu base bakar moduan konfiguratuko dute, informazio batasuna, lurralde bakoitzeko kudeaketa  eta sarbide unibertsala ahalbideratuko da.
Lege proiektu honek , berriz, ez du kontuan hartu bakarrik dauden amen arazoa: zenbait erregistrotan aitaren kasila bete beharra. Aitzitik, 1999ko erreforma jasotzen ez zuen gai bat aintzakotzat hartu du: ezkontza barneko edo ezkontzaz kanpoko seme-alaben aipamena. Tramitatzeko bidean dagoen arau honek ez du gurasoen egoera zibilaren aipamena jasoko.
Orain arte, 1999ean eginiko erreformari esker, abizenen hurrenkera erabakitzen uzten zuten, baldin eta gurasoak ados jartzen baziren. Adostasuna lortu ezean aitarenak zuen lehentasuna. Abizenen hurrenkera beranduago aldatzeak tramite luze bat eskatzen zuen Erregistro Zibilean edo Justizia Ministerioan. Lege berriak tramite hori malgutu nahi du abizenen aldaketa arrazoi justifikatuengatik errazteko, eta  abizenak, norberaren identifikazio elementuak direla kontuan hartuta.     
Parlamentariek deboluzio edo osoko zuzenketak aurkez ditzaten epea azaroaren 10ean bukatuko da. Talde sozialistak ez luke arazorik izan beharko haren proiektuak aurrera egin dezan ezta hura onartuta izateko.

Europako aukerak

Europako herrialde gehienetan aitaren abizenak lehentasuna du baina azken urteotan ia herrialde guztietan seme-alabek izango duten abizena aukeratzeko hauta dago.

Portugalen bi abizen erabiltzen dituzte, aitarena lehenbizi eta amarena bigarren nahiz eta bigarren belaunaldiri aitarena bakarrik pasatzen dioten. Ezkontzan bai emakumeek bai gizonek ezkontidearen abizena har dezakete hirugarren abizen moduan.

Frantzian, 2005 urte bitartean aitarena nahitaez jasotzen zuten. Urte horretatik aurrera aita eta amarena aukera dezakete edo biak jarri nahi duten hurrenkeran. Ezkontzean emakumeek haien abizena legalki  mantentzea badute baina oso errotuta dagoen ohitura dela medio emakumeek euren abizena galtzen dute.

Britainia Handian  aitaren abizena erabiltzen zuten soilik baina bikotekide atzerritarra dutenen artean askotan atzerriko formulari jarraitzen diote.  Emakumeek, ezkontzen direnean, senarraren abizena har dezakete eta  halaber dibortziatu ondoren mantendu.

Italian abizen bakar batekin, aitarenarekin, erregistratzen dituzte umeak. Orain dela urte bat amarena ere gehitzea badago baina ia urte bateko tramitea gainditu ondoren. Lotsagarria edota arrazoi pertsonalak direla medio ere aldatzea badago. 

Suitzarrek abizen bakarra dute, orain dela  gutxi arte, aitarena izaten zena. Orain dela zenbait urte askatasuna dago ama edo aitaren artekoetan hartzeko.

Holandan abizen bakar bat dute - aitarena zein amarena izan daitekeena-  eta ondorengo guztiengan mantenduko dena. Espainian egiten den moduan, bi abizen erabiltzea zilegi da, taxuzko arrazoiak ematen baldin badira. 

Belgikan ere abizen bakar bat erabiltzen dute, aitarena. Emakumeei aukera ematen diete seme-alabak bere abizenez erregistratzeko, esaterako, ezkondu gabeko emakumeei. 2005ean bi abizenak erabiltzeko aukera proposatu zen baina ekimenak ez zuen aurrera egin. 

Alemanian senar-emazteek, familia izen moduan, abizen bakar bat aukeratzen dute eta bikotekideen artekoetan aukera dezakete. Ezkontzan bikotekide batek bestearen abizena hartzen duela askotan gertatzen da, horrela umeak izaten dituztenean, abizena erabakita dago. 

Errusian abizen bakarra dago, aitarena edo amarena. Adin nagusitasunera helduta abizena alda dezakete. Bikotekideak ezkontzen direnean zer egin nahi duten galdetzen diete. Legeak aukeratzen uzten du baina, emakumeak senarraren inskripzioaren  alde egitea da ohitura.

Euskadi, auzolana