2010eko udazkena – 78 zk.

Aurkibidea
Artikuluak

Emakunde saria: hautagaiak aurkezteko epea azaroaren 8an bukatzen da

Berdintasunaren aldeko 2010eko Emakunde Sarirako hautagaiak aurkezteko epea datorren azaroaren 8an bukatzen da. Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea. Emakumeek egindako lana aintzat hartzearren eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzearren egindako lanetan nabarmendu diren pertsonei zuzenduta dago saria, edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzearren lan egin dutenei.

Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 eurokoa da. Saria nori esleitu ebazteko, epaimahaiak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan; kasu bakoitzean, ponderazio berbera izango da: Hautagaiak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko lanean egindako ibilbidea; Emakumeen lana aintzat hartzearren eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzearren, edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzearren egindako jardun, ekintza, lan, eta proiektuek berez duten garrantzia; eta jardun, ekintza, lan edo proiektu horiek edo proposatutako pertsona horren ibilbideak gizartean duten oihartzuna eta eragina.

Hautagaiak aurkeztean, hautagai horiek gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde egin duten ekarpena egiaztatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da, bai eta egiaztapen horri dagozkion agiriak ere. Horiek guztiak Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan aurkeztu beharko dira (Manuel Iradier kalea, 36 zk., 01005 Vitoria-Gasteiz), edo posta ziurtatuaren bidez edo administrazio-prozeduraren araudian aurreikusitako moduetako edozeinen bidez igorri helbide horretara bertara.

Deialdia egiten duen Ebazpena irailaren 28ko EHAAN argitaratu zen.

Emakunde Sariaren historia

Emakunde Sariak lau alorretan banatzen ziren 2006ko ediziora arte. 2006an Emakundek pentsatu zuen egokia zela arloen aniztasunaren ikuspegia sartzeko beste modu batzuk antolatzea; hori dela eta, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko ekarpen bakar bat saritzea erabaki zuen, nabarmenena, edozein arlotakoa izanda ere.

Aurreko Emakunde Sariek lau alor saritzen zituzten: komunikabideak, hezkuntza, kirola eta publizitatea. Emakunde Sariak 1990.ean eratu ziren lehenengoz hedabideetako profesionalen lana aitortzeko helburuaz. 1995.ean publizitate arloko saria eratu zen eta 1997an hezkuntza eta kirol arlokoa. Hamabost urtetan zehar, hirurogei pertsona baino gehiago izan dira sarituak eta ehun pertsona inguruk parte hartu dute alor ezberdinetako epaimahaietan.

Sari bakarra ematen denetik hauek izan dira sarituak: Mari Jose Urruzola 2006an, Bagabiltza elkartea 2007an, Bizkaiko Emakumeen Asanblada 2008an eta Lilaton taldea 2009an.

Euskadi, auzolana