2010eko udazkena – 78 zk.

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Aldizkaria
 
Aurkibidea
Artikuluak

Lourdes Oñederra: "Idaztea konstante bat da nire bizitzan"

Testua eta argazkiak: Arantzazu Fernández Iglesias

Lourdes Oñederra
Lourdes Oñederra Euskaltzaindiak izendatutako azken bazkide osoa dugu. Egun EHUko irakaslea da. Donostiakoak dira haren haurtzaroko karrikak eta paisaiak. Filologia Hispanica ikasi ondoren Iowan Hizkuntzalaritzan murgildu zen master bat eginez. Harrezkero ordu asko dedikatu dizkio Fonologiari. Mitxelenaren zuzendaritzapean Euskal palatalizazioari buruzko tesia, Unibertsitateko eskolak, ikerketak eta argitalpen ugari ditugu haren lanaren lekuko. Fonetika eta Fonologia hitzez hitz (2004) liburuaren egilea da baina lagun askok “Eta sugeari emakumeari esan zion” nobelaren idazlea izategatik ezagutzen dute.

Loudes Oñederra entzuten hasi ahala pertsona arduratsuen seriotasun eta kortesiaz hitz egiten duela begi bistakoa da. Hala, Fonologia arloko bere ikerketako lanak zertan dautzan galdetzean pazientziaz eta era errazenean azaltzen saiatzen da: “maila teokikoan aritzen naizelako batik bat baina hizkuntzen berezko soinuen inbentarioa, euskararena hain zuzen, aztertzen ari gara, horrek, hizkuntzaren mamiaren osagarietako batera, atal batera… eramango gaituen esperoan. Soinuek hizkuntza tipoarekin funtsezko lotura diren ikertzen ari da orain”.

Hizkuntzalaritza esparruko ikertzaileaz gain irakasle ona dela antzematen zaio, azalpenak argi, poliki eta oso ondo egituratuak eskaintzen dizkigunean, jakin badakielako, entzuleak non edo zer ez du argi ulertuko. “Hizkuntz tipoa aipatzen dugunean”, jarraitzen du, “ soinuei aplikatutako estatistika eta hizkuntzen konparazioaz ari garela ulertzen du jendeak baina ez da hori”. Horregatik azalpena pixka bat luzatuko du: “Hawaiko unibertsitateko Patricia Donegan eta David Stampe irakasleen teorien arabera erritmoa izango litzateke hizkuntzen patroiaren markatzailea; zaila da erritmoa isolatzea denboraz aldatzen delako, eta aldi berean zatika aldatzen delako baina horren guztiaren oinarriak soinuak dira, eta horien bitartez heldu nahi diogu”. Beste emakumezko fonologo baten izena aditzean parada ematen digu Fonologia arloan emakumeen presentziaz galdetzeko. “Badira 25 urte kongresuetara joaten naizela eta , bai, aldaketa egon da, gero eta emakume gehiago dago, presentzia handia dugu Hizkuntzalaritzako esparru honetan baina, egia da, sona handiko izenak , oro har, gizonezkoenak dira”.

Emakumeak eta euskararen irupena

Hori esan eta gero Patricia Donegan izena ez ezik Katarzyna Dziubalska, Carmen Pensado eta Legorretako Oroitz Jauregirenen berri ematen du. Azken honi buruz, euskaraz idatziriko doktorego tesientzako Koldo Mitxelena Sariaren irabazlea dela harro dio, eta baita ere, tesia zuzendu ziola diosku. “Ikertzaileen mundua, Hizkuntzalaritzako mundua lehiakortasun handikoa da, bestalde, ikerketa on bat garatzeak dedikazio osoa eskatzen du. Solasaldiak aurrera egiten du euskararen erabilera hizpide duela. Hizkuntza gutxitua dela kontuan harturik haren iraupenean emakumeen paperari buruz mintzatzen gara; auzi honen inguruan bi pentsamolde daudela generrake: batzuek diote belaunaldiz belaunaldiko transmisioaren zaintzaileak amak direla, aitzitik, beste batzuen ustetan, emakumeok hizkuntz prestigioaren karietara erdarara jotzen ohi dugu. “Ez dakit” esaten du, “ez dakit zer pentsatu” errepikatzen du, erantzuna akaso soziologoek izango dutela gehitzen du. Ildo honetatik jarraituz, hura, esaterako EITBrako euskararen zaintzailea izan dela eta Euskaltzaindiko osoko bazkidea dela gogoarazten diogu. “Telebistan ez zuten fonologo bat bereziki behar, zerabiltzaten euskara aztertzeko lan batzorde bat osatuta zuten eta deitu ninduten. Eta zaintzailea ez, aholkulariak nintzen” zehazten du, “agian ahoskera batzordeko lanak aurkezten egon nintzelako hots egin zidaten. Behardada Miren Azkaratek ere lagundu zuen: berak izan zuen nik baino lehenago erantzukizun hori EITB.” Zer-nolako lanak burutu zituen esplikatuko digu : batzuetan saioren bat aztertu, beste batzuetan esatari baten jardunari erreparatu, betiere, euskara erabilera berrietara egokitzen laguntzeko aldera. Komunikabideek haien hizkuntzen estiloa eta kalitatea zaintzeko zer egiten duten mintzagai izan ondoren, berriro ere Euskaltzaindiaz dihardugu. Ahoskera Lan taldeko partaide eta buru izan da Lourdes Oñederra 1994-1998 bitartean. Egun - talde horrek bere lana bukatu baitzuen- ez dago halakorik Euskaltzaindian, “Orain zain nago, ea onartzen didaten Ahoskera Batzorde bat osatzeko proposamena”. Begiek diz-diz egin diote momentu batean, “A!, ahoskera inguruko taldean partaide guztiak emakumeak izango gara, orain konturatzen naiz” adierazi digu alaitasun puntu batekin. Zabaltze lanei ekin nahi dietela azaltzen digunean lanean hasteko gogoa antzematen zaio eta euskara batuari buruz mintzatzen hasten da, euskara hori eta non erabili behar den ondo ulertarazi behar dela dio, perspektiba inpositibotik at, ahozko euskara formala zaindu behar delako ustekoa da Lourdes Oñederra. “Agian mentalitatea da falta zaiguna. Era zainduan hitz egiteko mentalitatea, frantsesek eta ingelesek dutena”, dio, “frantsesek eskolatik ahozko diskurtsoa ondo egituratzen dute, harakinak mintzaira dotorea du, hemen berriz, ez da hori usu arkitzen”

Literaturarekin harreman estua

Lourdes OñederraDenborak aurrera egiten du eta ez gara Literaturaz mintzatu. Oh Euskadi! aldizkariko partaidea izan zen Lourdes Oñederra unibertsitateko ikaslea zelarik. Garai horietan Txuma Lasagabasterren eskoletarako Ehun Metrori buruzko lan bat egin zuen, gero liburu horren epilogoa izango zena; harrezkero, literaturarekin beti mantendu izan du lotura estua. 1999an argitaratu zuen eleberriaren gainean abiatuko da solasaldia. Eta sugeari emakumeari esan zion, Lourdes Oñederraren lehen nobelak arrakasta handia izan zuen, bai kritika bai irakurlegoaren harrera ezin hobea. “ Liburua nirea izan ez balitz bezala sentitzen dut, iruzkin horiek nirekiko izan ez balira bezala”, dio, eta besaburuak altxatuz, “ez nuen halako oihartzunik espero” azaltzen du. Kritikak haren estiloa goraipatzean Margarite Duras idazle frantziarraren izena aipatu zuen eta protagonistaren psikologia ezagutarazteko teknika literarioen erabilera bikaina. Emakume idazleek sortutako emakumezko pertsonaiak zenbait gizonezko kritikok zein era erredukzionistatan ulertzen duten gaiaz hitz egiteko parada dago. “Saizarbitoria, esate baterako, gizonezko pertsonaiaren bat aztertzen dutenean ez dute gizon guztien isla edo ordezko moduan hartzen, emakume idazleen kasuan askotan bai”. Idazle moduan esperientziaren bat edo beste izan du non nobelari buruz galdetu beharrean faktore ez-literarioei galdetzen zizkiotenean, gizonei egiten ez zaien eran. “Gizalegez jokatu nahi duzu eta ezeroso sentitzen zara, alde egiteko gogoz”, dio. Nobela hori eta gero “Anderson anderearen gutizia” eta “Beranduegi” errelatoak argitaratu dizkiote. Beste testuren bat plazaratzeko gogoz dagoen galdetuta “horretan dabilela” ihardetsi digu, idazketa ez dela tarteka lantzen duen zerbait “konstante bat da nire bizitzan” eta labean zerbait duela baieztatzen duenean egosaldi mantsoa behar dutenetakoa dela aitortzen du. Soinuen poesiari buruz jarraitzen du hizketak. Airearen uhinek gure agurra eramango dute: laster arte, ur lasterren dama den horri.

Euskadi, auzolana