2010eko udazkena – 78 zk.

Aurkibidea
Artikuluak

Ama izatea arriskutsua da oraindik herrialde askotan

Urtero 350.000 emakume hiltzen dira erditzean edo haurdunaldian zehar.

Umea pisatzenUrtero 350.000 emakume inguru hiltzen dira haurdunaldian zehar edo erditzean suertatzen diren zailtasunen artean; 50 milioi amek erditzen dute medikuntza laguntzarik gabe eta milioi bat haur hiltzen dira jaiotzaren bitartean; bost urtetik beherako 8’8 milioi ume hiltzen dira erraz aurre ikusi edo tratatu daitezkeen gaixotasunen eraginez. Datu hauek Save The Childrenek urtero 160 herrialdetan (43 garatu eta 116 garatzeko bidean) egiten duen txostenean jasotzen dira. Dokumentu honetan ama izateko leku onenak eta txarrenak aztertzen dira. Bikainena, Norvegia, okerrena, Afganistan. Espainia 13. postuan dago. Azterketa hau aurrera eramateko, GKE estatubatuar hau hamar adierazletan oinarritu da, amen eta haurren osasuna, hezkuntza eta baldintza ekonomikoekin lotuta. Txostenak kostu baxuko eta teknologia sofistikatu gabeko irtenbideak proposatzen ditu ama eta haurtxoen heriotza tasak gutxiagotzeko, adibidez, emakumezko osasun langile gehiago bertaratzea.

Txostenean jasotzen diren zifren arabera, alde izugarria dago Norvegian edo Afganistanen jaiotzearen artean, amak eta haurtxoak osasun arreta eskuratzeko duten erraztasunaren arabera. Afganistanen %14 jaiotzek besterik ez dute osasun arreta jasotzen. Emakume afganiarrak emakumezko medikura soilik joango dira – sekula ez gizonezko batera- zailtasunak daudenean eta zortzitik bat erditze bitartean hil egingo da. Lau haurretik bat baino gehiago hil egiten da bost urte bete baino lehen. Afganistaneko haur populazioaren %39 gaizki elikatuta dago eta %78k ez du ur edangarria lortzerik. Hiru haurretatik bi neska besterik ez doaz lehen hezkuntzako eskolara, hau da, lau urtez jasotzen dituzte eskolak. Emakumeen bizi-itxaropena ez doa 44 urtetik aurrera. Emankortasun ratioa 5,5 erditze emakume bakoitzeko bada ere, plangintza familiarra nahiko onartuta dago eta %16k kontrazepzio sistema moderno bat erabiltzen du.

Norvegia da jaiotzeko lekurik abantailatsuena eta jaiotze bakoitzak osasun zerbitzuko langileen arreta du. Ia ez dago erditzean ama edo haurtxoa hiltzeko arriskurik. Emakume norvegiar batek hezkuntza arautua 18 urtez jasotzen du eta batez beste, 83 urte biziko da. % 82k kontrazepzio sistema moderno bat erabiltzen du eta 132tik batek besterik ez du bere haurra galduko bost urte bete aurretik. Norvegiar estatuak ama langileei 56 aste ematen die soldataren %80arekin edo 46 aste soldataren %100arekin. Emakumeari erditzearen aurretik hiru aste gordetzen dizkio eta ondorengo sei. Beste 10 aste aitarentzat soilik dira (ez baditu hartzen, galtzen dira). Gainerakoa gurasoek nahi duten eran banatzen dute. 970 koro (122 euro) jasotzen dituzte hilean haur bakoitzeko 18 urte bete arte. Prestazio honek ez du diru sarreren mailarekin zerikusirik.

Bizitzak salbatzea helburu

Cesareaz erditzenAzterlanaren arabera, ama eta haurren heriotza tasa handiena duten herrialdeak osasun langile gabezia handiena dutenak dira. Bost urtetik beherako haurren eta amen heriotzen bi heren 12 herrialdetan gertatzen dira, horietako batzuk populazio handikoak direnak, Txina, India eta Pakistan bezala. Beste herrialde batzuetan haurtxoen eta amen heriotzak oso altuak dira, Afganistan eta Kongoko Errepublika Demokratikoan bezala, eta Nigerian bi gauzak gertatzen dira: hilkortasun altua eta populazio ugaria. Osasun langileen gabezi guztien %77 (medikuak, erizainak, eta emaginak) 12 herrialde horiek jasaten dute.

Azterlanean adierazten denez, ez dira inbertsio handiak egin behar isolatutako landa komunitateetan emakume eta haurren osasunaren arretari dagokionez. Frogatu dutenez, oso emankorra izan daiteke bizitzak salbatzeko, komunitateko pertsonei behar bezalako prestakuntza eta laguntza ematea haur gaixotasunak diagnostikatzeko eta tratatzeko gai izan daitezen, txertaketa kanpainak antolatzeko, eta elikaduraren hobekuntza eta amatasunaren segurtasunerako zein jaioberrien oinarrizko zaintzak sustatzeko.

Save the Childrenen kalkuluen arabera, amen bizitzen

% 74a salba zitezkeen emakume guztiek erditzeko orduan edo obstetrizia konplikazio unetan osasun langileen laguntza izango balute. Bost urte bete aurretik hiltzen diren haurren %63a bizirik iraun zitezkeen jaiotzean arreta sanitario egokia balute, txertatuak izango balira, eta pneumonia, diarrea eta malariarako tratamenduak izango balituzte. Zenbaki absolututan, azterlanak ondorioztatzen du, 250.000 emakume eta bost milioi eta erdi haur salbatuko liratekeela.

Zergatik emakume gehiago osasun arretan?

GKE estatubatuar honen ikerketaren ondorioen arabera, emakumeek zeregin funtsezkoa dute eremu honetan. Oztopo sozial edo kulturalen ondorioz emakumeak ez dira gizonezko sendigilera joaten, gaixorik edota laguntza beharrean badaude ere. Landa munduan, bereziki, senarrak eta familiako ahaide nagusiak dira emakumeak etxetik kanpoko osasun laguntza eskatu dezakeen ala ez erabakitzen dutenak, eta baimena ukatu dezakete osasun langilea gizonezkoa bada.

Garapen bidean dauden 41 herrialdetan, emakumezko osasun langileen aukerarik ez duten emakumeen laurden batek ez zuen erditu osasun zentro batean (datuak 2009koak dira, Demografia eta Osasuna Galdaketa).

Azterketak adibideak jartzen ditu, hala nola, emakume afganiarrena, tetanosaren txertaketa jartzen ez dutenak, gizonezko osasun langileen aurrean besoa biluzik erakustea lotsagarria iruditzen zaielako; edo Etiopiako iparraldean bizi direnak, malariari aurre egiteko laguntzarik nahi ez dutenak, osasun langile gehienak gizonezkoak direlako.

Esperientzia positiboak

Bangladeshen frogatu zenez, jaioberrien heriotza tasa %34eraino jaitsi egin zen emakumezko osasun langileak sei astebetez prestatzeari esker.

Nepal, India eta Boliviako leku urrutietan emakume taldeak harremanetan jarri dira haurdunaldia, erditzea eta haurtxoaren arretarekin loturiko arazoak konpontzeko. Ahalegin hauei esker, emaitza onak lortu dira jaio aurreko zaintzan, erditzearen osasun arretan, elikadura prozesuan eta hilkortasunaren murrizketan, %45era iritsiz.

Thailandian erditzeko arreta unibertsaleko programa arrakastatsua martxan jarri zuten 2001ean abiatutako emakumezko osasun langileekin. 1971an 10.000 erizain eta emagin izatetik 85.000era igaro ziren 2002an.

Garatutako herrialdeen paradoxak

Lehen 10 herrialdek, oro har, oso balio handiak lortzen dituzte ama eta haurtxoen osasun, hezkuntza eta ekonomia estatusean. Norvegia, Australia, Islandia, Suedia, Danimarka, Zeelanda Berria, Finlandia, Holanda, Belgika eta Alemania dira herrialde hauek.

Baina zerrenda hau osatzen duten herrialdeen lehen blokean begiratzen badugu, hau da, herrialde garatuenetan, atentzioa deitzen du Estatu Batuak, munduko lehen potentzia, 28. postuan egotea. Hala da amaren hilkortasun arriskuagatik (4.800etik bat) eta bost urte bete aurretiko haurren hilkortasunagatik (jaiotako milatik zortzi) eta ehuneko hauek mundu garatuko altuenetarikoak dira. Bada zerrenda honetan eragin negatiboa duen beste faktore bat. Paradoxikoki, Estatu Batuetako amatasun bajen politikak herrialde aberatsen artean diren eskasenak dira: bi hilabete ordaindu, erditzearen ondoren, eta amek beste hilabete bat nahi badute, hala eska dezakete, beti ere haien oporraldian edo gaixotasun bezala finkatutako egunetan. Espainia 13. postuan dago herrialde pribilegiatuen zerrenda honetan, Frantziaren azpian eta Erresuma Batuaren gainean. Amaren hilkortasun arriskua 16.400etik batekoa da, eta bost urte bete aurretik hiltzen diren adin txikikoen portzentaia, milako bat da. Emakume espainolen batezbesteko hezkuntza 17 urtetan dago eta bizi itxaropena 84 urtetan, munduko aluenetarikoa. Espainiako emakumeen %62k antisorgailu metodoak erabiltzen ditu. Hobetzeko dagoen puntu ahul bat Estatuak ematen duen amatasun bajaren iraupenarekin lotuta dago: 16 aste, norvegiarrek dituzten 56 aste, daniar eta britainiarren 52 aste, edo suediarren 480 egunen aldean.

Euskadi, auzolana