2011ko negua – 79 zk.

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Aldizkaria
 
Aurkibidea
Artikuluak

Neskak, sektorerik ahulena krisi ekonomiko globalen aurrean

Trabajo infantil

Lanaren Nazioarteko Erakundearen txostenak haur lana ezabatzearen aldeko aurrerapena atzeratzeko arriskuan dagoela salatzen du munduko krisi ekonomikoaren aurrean, eta herrialde askotan neskak direla sektorerik ahulena bere familiek mutilen hezkuntzari lehentasuna ematen diotelako eta neskak eskola  garaiz uztera behartzen dituztelako beren familiei laguntza ekonomikoa ekar diezaieten. Txostenak dioenez, mundu osoan haurren lanetan aritzen diren neskak 100 milioi inguru dira. Neska askorentzat hezkuntzarako sarbidea zaila da edo ez dute inolaz ere hezkuntza eskuratzerik, eta haien  osasuna, segurtasuna eta moralitatea arriskutan jartzen duten baldintzetan ari dira lanean.
Txostenak munduko leku askotan hezkuntzari dagokionez neskei eta mutilei eskaintzen dizkieten aukeren desberdintasuna aztertzen du. Desberdintasun hauen emaitza alfabetismoari buruzko munduko estatistikak dira. Esaldi sinple bat irakurri edo idatzi ezin duen munduko populazioaren ehuneko 16aren hiru pertsonatik bat emakumeak dira.  Hezkuntza eskura ez dezaketen neska asko adin txikitan behartzen dituzte lan egitera. Nesken aurkako diskriminazioak nerabezarora eta heldutasunera iristean  jarraitzen du. Lan munduan sartu bezain laster neskak nahiko gaizki ordaindutako lanetan aritzen dira eta diskriminazio mota desberdinak jasaten dituzte.

LNEk munduko krisi ekonomiko eta finantzarioak haurren hezkuntzan eta lanean duen eraginaren jakinaren gainean jartzen gaitu. “Mutilen hezkuntzari neskenari baino balio gehiago ematen dieten kulturetan, mutila edo neska eskolatzearen artean aukeratu behar duten familia pobreetan, neska galtzaile izango da”. Txostenaren arabera, ezinbestekoa da krisiaren aurreko erantzunak gastu publikoaren lehentasunen berrantolaketa neurriak jasotzea familia pobre eta ahulei laguntzeko. “ Beharrezkoa da familia pobreek bere seme alabak eskolatik ateratzeko arriskua ezabatzea”.

Azterketak nesken haur lanaren profil zehatza egiten du, ez dagoelako mutilena bezain bistaratua, eskala txikiko nekazaritza lanetan kontzentratzen delako, tailer familiarretan eta bereziki, ordaindu gabeko etxeko lanetan. “Jakina da etxeko lanetan enplegatutako neskek maiz tratu txarrak eta abusu fisikoak jasaten dituztela. Hauetako kasu batzuk argi publikora ateratzen badira ere, lan harremana etxe pribatu batean  gertatzeak tratu txarra askotan ikusten ez dela eta salatzen ez dela esan nahi du. Arazoa etxeko lanetik at doa. Beste lanetan diharduten neskek ere harreman pertsonal gutxi dute gertuko lan inguru horretatik kanpo, eta haien  osasuna zein ongizateari buruzko kezkak sortzen dira. Haurren lan mota txarrenek neskak nahita kanpoko mundutik ezkutatzea ekar dezakete. Esplotazio laboralerako eta prostituziorako erabiltzen diren neskak, adibidez, benetako presoak bezala atxilotuta izaten dituzte batzuetan”.

Badira 53 milioi neska inguru lan arriskutsuak egiten dituztenak, haur lan mota txarrenentzat hartzen direnak. Neska horietatik 20 milioi 12 urtetik beherakoak dira.
LNEk onartzen du zaila dela datu fidagarriak eskuratzea lan arriskutsuak bezalakoak ez diren haur lan mota txarrenak zeintzuk diren finkatzeko (adibidez, esplotazio sexual komertziala, derrigorrezko lana morrontza moduan, eta abar) baina ziurtzat hartzen du gai honi buruzko azterlan zehatzak badaudela lan hauetan diharduten gehienak neskak eta nerabeak direla esateko.

Ikerketa hauen arabera, ekonomikoki aktiboak diren 5 urtetik 14 urte bitarteko nesken %61ek nekazaritzan lan egiten du. Hau da hiru sektoretatik arriskutsuena, heriotza kopuru, istripu, gaixotasun eta sektore honetatik eratorritako lan gaixotasunen arabera. Haurraren adinarekin bat datorren lan arinak alde positiboa izan dezake, heldutasunean erabilgarriak izan ditzakeen trebetasunak eskuratzen laguntzen dion neurrian. Hala eta guztiz ere, pobrezia, esku lan merke eta aldizkakoaren eskaria, familiaren diru zorra morrontzan, kasu askotan, eta halakoen eraginez, neska eta mutil asko argi eta argi arriskutsuak diren lanetan jarduten dira bere adinarekin ados diren beste zereginetan aritu beharrean.

Zerbitzuen sektorean, hirugarrenen etxeetan lan egiten duten neska eta mutilak hartzen dituena, neskak dira guztiaren %30, industriaren %9arekin konparatuz.

Haurrak etxeko lanetan

Ordaindu gabeko etxeko lanetan parte hartzeari dagokionez, neska eta mutilen artean dagoen desberdintasuna handiagoa da Saharapeko Afrikan (%44); Latinoamerikak jarraitzen dio (%29), trantsizio eta herrialde garatuetan (%15) eta Asia eta Pazifikoa (%8). Orokorrean, lan egiten duten 5 urtetik 14 urte bitarteko neskak mutilak baino %15a gehiago  dira.

Enplegu orduak aztertzen dituen analisi batek erakusten duenez, neska eta mutilek ordu kopuru berdintsuak ematen dituzte lanean, baina desberdintasunak nabarmenago agertzen dira etxeko lanen intentsitatea sexuen arabera alderatzen bada. Aztertutako herrialde guztietan neskek mutilek baino ordu gehiago ematen dituzte astean zehar. Astero 28 ordutik gora etxeko lanetan jarduten diren 5 urtetik 11 urtera bitarteko nesken ehunekoa mutikoen ehunekoaren  bikoitza da, eta 15 urtetik 17 urtera bitarteko neska – mutilena baino ia hiru aldiz altuagoa.

LNEk ohartu duenez, mundu osoan gertatzen da haurrak besteen etxeetan lan egitea,  garbiketa, lisaketa, sukaldaritza, beste haurren zaintza eta bestelakoetan. Azterketaren ondorioz argi dago lan gehienak neskek egiten dituztela, lan baldintzak oso gogorrak badira ere. “Neska askok jardunaldi luzeak egiten dituzte, 15 ordu eguneko, kasu askotan, eta beti eskuragarri egon behar dira. Lan karga izugarri honek eta atsedenaldi ezak arazo larriak sor ditzakete beraiengan eta askok nekea eta estresa dute lo gutxi egiten dutelako. Lana helbide pribatuetan egiten dutenez, enplegatzailearen kontrolpean aurkitzen dira neska hauek”.

 

Esku trebeak, buru mantsoak

Mundu mailan diren 218 milioi neska eta mutil langileen %9a (ia 20 milioi) eskulangintzan enplegatuta daude. Ekoizten dituzten produktuen artean, jositako arropa, alfonbrak, jostailuak, pospoloak, brontzezko objektuak, futbol baloiak, suziriak eta eskuz bildutako zigarroak daude. Batzuetan produktu hauek etxean bertan inprobisaturiko tailerretan egiten dira, produkzio lerroan familia osoak parte hartzen duen bitartean.

LNEk salatzen duenez, fabrikazio modu berak haurren partaidetza bultzatu dezake. “Emakume askok kontratista independente gisa lan egiten du jantzien sektorean, somara ordainduta. Egoera horietan, agian, bere alabak laguntzera bultzatzen dituzte  edo etxeko lanak egitera, honela amak produkzioan kontzentratuta egon daitezen. Bi kasuetan ulertzekoa da neskak eskolara joateari uztea.”

Era berean Erakundeak jakitera eman du etxeko produkzioan ia ikuskaritza laboralik ez dagoenez, haur lana oharkabe geratzen dela. “Zenbait enpresarik nahiago du haurrak erabiltzea helduak baino errazago agindu daitezkeelako”. Haurrak, neskak bereziki, mantsoagotzat eta egokiagotzat hartzen dituzte lan aspergarria, errepikagarria eta monotonoa egiteko”.

 

Derrigorrezko lanak

Kalkulatzen denez, munduan 5 eta 17 urte bitarteko milioi bat neska - mutil ari da meategi eta harrobitan lanean, sexu bakoitzerako proportzio berean. Azterketak adierazi duenez, neskak meategi erauzketa, garraio eta prozesamenduan parte hartzen dute, bai eta jarduera horiekin loturiko zereginetan ere, hots, meatzarien elikagaien salmenta eta horniduran, eta guztiok jakina da sektore honetako neskak abusu eta prostituzio arriskuan daudela.

Haurren derrigorrezko lana zigor mehatxupean eta borondaterik gabe dirusari eskasa edo dirusaririk gabe egiten dena da. Gauzak horrela, LNEk salatu duenez, munduko zenbait eskualdetan, nekazaritza sektorean, konponketa arrunta da hau, eta horregatik, morrontza loturak dituzten familietan jaiotzen direnak morrontza erregimenean lan egingo duten neska – mutilak izango dira. “Maiz neskak morrontza lan erregimen honetan sartzen dira beren guraso edo tutoreen zorrak horrela negoziatzen direlako, diru maileguak bitartekoekin egindako kontratuz eskatzen dituztelako. Enplegatzaileek aurrerapenak eskaintzen dizkiete familiako gizonei eta hauek familia osoa lanean jartzen dute. Zorragatiko morrontzak zorra baten menpe den familiako alabak abusuak eta tratu txarrak jasatera eraman ditzake”. 

Txosten honek salatzen duen beste arazo bat haurren eta gazteen salerosketa eta esplotazio sexual komertziala dira. LNEk kalkulatu duenez, mundu osoan gutxienez 1,8 milioi neska – mutil dira esplotazio sexual komertzialaren edo pornografiaren biktima, eta neskak dira guztizko horren gehiengo nabarmena.

Halaber, txostenak jasotzen duenez, gutxienez 250.000 neska – mutil daude mundu osoan indar eta talde armatuekin lotuta. “Gerra garaitan, neskak eta emakume gazteak indarkeria sexual larriaren biktimak izaten dira. Testigantza itsusi ugari dago honen inguruan: neska bahituak, abusu sexualen biktimak, sekulako indarkeria jasan dutenak, gorputz adar moztuak dituztenak, baldintza penagarrietan bizitzera behartuak izan direnak, tropa dibertitzeko esklabo gisa erabiliak izan direnak. Neska hauek, pobreziatik alde egiteko edo arrazoi ekonomikoengatik “borondatez” indar armatuetan sartzen direnak ere, gatazka egoeratan ahulak dira bereziki. Indar eta talde armatuak utzi ondoren neska – mutil hauek beren herrixketara itzultzea era desberdinetan ikus daiteke lekuan leku. Komunitate batzuek neskak bazter ditzakete bortxaketak, esklabutza sexualak eta borrokalari armatuekin izandako harremanen fruitu diren seme-alaben amatasunak dakartzaten estigmagatik”. LNEk gomendatzen du indar eta talde armatuekin lotuta egon diren neskek laguntza berezia eta egokia izatea.

 

Etorkizunari begira, nesketan inbertitzea

Explotación infantil

LNEk adierazten duenez, neskak heztea da pobreziaren aurka egiteko modurik eraginkorrena. “Hezkuntza jaso ahal izan dutenek aukera gehiago izango dute aurrerago bizitza zuzenki irabazteko, geroago ezkontzeko, seme – alaba gutxiago baino osasuntsuagoak izateko eta etxean erabakitzeko boterea izateko.  Hezkuntza jaso duten amek ere beren seme – alabak ikasteko nahia izango dute eta honela, etorkizunean haur lana saihesten laguntzeko”. Txostenaren ondorioen arabera, nesken artean haur lana saihestea eta beren hezkuntzarako eskubidea bermatzea ezinbesteko  puntuak dira garapena sustatzeko estrategia zabalagoen barruan.

Nesken hezkuntzan diren oztopoak ezabatzeko apostua egiten du. “Nesken kasuan, eskola garaiz uzteko arrazoiak hauek izan daitezke: etxetik eskolara dagoen distantzia eta horrek segurtasunean izan dezakeen eragina, osasun instalazio bereiziak ez egotea,  edo andereño kopuru urria, bigarren mailan, bereziki.  Oztopo hauek ezabatzeko eta kalitatezko hezkuntza eskaintzeko, hezkuntza sektoreari finantza baliabide egokiak eman behar zaizkio”.

Bestalde, LNEk argudiatzen du nesken hezkuntzan eta prestakuntzan inbertitzeak izugarrizko garrantzia izan dezakeela pobrezia zikloa hausteko, eta garapen plan eta programetan jaso beharreko lehentasun bat izan beharko lukeela. “Dohaineko, derrigorrezko eta kalitatezko hezkuntza ematea, gutxienez, lan munduan sartzeko adin minimora arte, haur lanari aurka egiteko gobernu batek har dezakeen erabaki politiko garrantzitsuenetarikoa da. Hezkuntzaren zeharkako kostuak murriztea (uniformeak, liburuak, garraioa, elikagaiak, etab.) beste modu eraginkorra da familia pobreei bere seme – alabak  eskolara bidaltzea eragozten dieten oztopoak ezabatzeko”.

Azkenik LNEk gomendatzen du krisiarekiko erantzunak familia pobre eta ahulei lagunduko dien gastu publikoari lehentasun nabarmena ematea. “Beharrezkoa da hauei babesa eskaintzea beren seme - alabak ez ditzaten eskolatik atera, kontuan hartuz neskek arrisku handiagoa dutela”. 

 

Kopuru adierazgarriak

Garapen bidean dauden herrialdeetan bigarren mailako hezkuntzako matrikula %61ekoa da mutilentzat eta %57koa neskentzat.

Garapen txikiko herrialdeetan kopuruak jaisten dira, 32% mutilentzat eta %26 neskentzat. 

Garapen bidean dagoen munduan lehen mailako hezkuntzatik haratago heziketa eskuratzerik ez duen neska asko dago.

Euskadi, auzolana