2011ko negua – 79 zk.

Aurkibidea
Artikuluak

Enpresetan sexu-jazarpenari eta jazarpen sexistari aurre egiteko protokoloa landu du Emakundek

Emakundek Enpresetan sexu-jazarpenari eta jazarpen sexistari aurre egiteko protokoloa aurkeztu du. Protokolo hau Emakume eta Gizonen Berdintasun Legeari erantzunez egin da (enpresetan sexu-jazarpena eta jazarpen sexistari aurre egiteko obligazioa dute)  eta baita ere gai honetan egindako eskera eta beharrei, honelako egoeretan jarraitu beharreko pausuak zehazteko tresna bat baita. Protokoloak gai honen inguruan dagoen araudiaren errepasoa egiten du, definitu egiten du zer den sexu-jazarpena eta zer den jazarpen sexista, eta hauek argiago ikusteko adibideak aurkezten ditu.
Honekin batera, enpresetan Aholkulari Konfidentziala-ren figura sortzeko iradokizuna egiten du. Aholkularia hautatu ondoren, enpresako langile guztiei jakinaraziko zaie nor den, bai eta aholkulariarekin harremanetan nola jarri ere.
Protokoloak prozedura informala eta formala bereizten ditu: lehena jazarpen arinetan aplikatzekoa eta bigarrena jazarpenak larrian direnean. Prozedura formalaren kasuan langileei gogorarazten die Lan Ikuskaritzan, auzibide zibilean eta lan-auzibidean salatzeko edo auzibide penalean kereila jartzeko eskubidea ere badaukatela.
Jazarpen larrien artean honako hauek daude: Sexu-xantaia, giro-jazarpena eta jazarpen sexista, eta errepresaliak hartzea jazarpenak salatzen dituzten lagunen kontra. Eta jazarpen arinen artean honakoak daude: adierazpen iradokitzaileak eta desatseginak, tankera edo itxurari buruzko txisteak edo adierazpenak, eta nahita egindako hitzezko abusu lizunak; edo lanlekuetan irudi edo poster pornografikoak jartzea.
Faltak oso larriak direnean, honelako ondorioak izan ditzakete: enplegu- eta soldata-etendura, hamasei egunetik hirurogeira; kategoria-galera 6 hil eta egun 1etik behin betikora; lekuz aldatzea hiru hiletik urtebetera; edo behin betiko lekualdatzea eta kaleratzea.
Protokoloak jasotzen duenez, Aholkulari konfidentzialak aurkeztutako salaketak eta espedienteen ebazpena kontrolatuko ditu, eta bi urtean behin jarraipen-txosten bat egingo du. Txosten hori zuzendaritzari aurkeztuko zaio, ordezkaritza bateratuko eta sindikatuen ordezkaritzako organoei eta lan-arriskuak prebenitzearen alorreko ordezkaritza-organoei. Biurteko txostena Emakunderi ere aurkeztuko zaio, erakunde honek txosten orokor bat egiteko aukera izan dezan, Euskadin enpleguaren alorreko indarkeria prebenitzeko prozedurak ezartzeari buruz.
Berez protokoloa 50 langile baino gehiago dituzten enpresei zuzendua dago, baina, hala ere, langile gutxiago dituzten enpresek ere erabili dezakete.

Euskadi, auzolana