2011ko negua – 79 zk.

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Aldizkaria
 
Aurkibidea
Artikuluak

Romi Bidean: ijito eta ijito ez diren emakumeen arteko elkarbizitzaren eredua

Ijitoak eta ijito ez diren emakumeak elkarrekin ari dira Romi Bidean deritzon elkartean, oztopoak eta estereotipoak ezabatzeko. Elkartearen lokala Donostiako Intxaurrondo auzoan dago eta bertan elkartzen ohi dira Donostia, Hernani, Andoain, Irun, Errenteria eta Zumarragatik datozen 35 bazkideak. Han sortzen dira proiektuak, gehienak, prestakuntzarako eta lan mundurako emakumeen sarbidea errazteko.

Elkarteak aukeratutako izena bi hizkuntza eta bi herrien arteko elkarbizitzaren sinboloa da. Izan ere, calo hizkuntzaz romi “emakumeak” esan nahi du, eta hortik dator Romi Bidean.

“Elkartea emakume ijitoek gure espazioa aldarrikatzeko beharretik sortu da” dio Silvana Jimenezek frantses kutsu batekin. Silvana Baionan sortu eta hazi zen, bere gurasoak, ijito etniakoak, hara joan zirelako etorkizun bila. Duela zortzi urte Hernanin bizi da. Ijitoa ere den Angelekin ezkonduta, bi seme eta alaba bat ditu eta Caritasen lan egiten du. Diharduen programa arrisku edo babesik gabeko egoeran dauden adin txikikoen ijito familiei arreta emateko eratu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Haurtzaro, Nerabezaro eta Gazteria Zerbitzuaren hitzarmenarekin. Gainera, eskola graduatua eskuratzeko prestatzen ari da eta egunen batean psikologia ikastea gustatuko litzaiokeela esaten du.

Mónica Guitera Caritaseko gizarte langilea da duela bederatzi urte eta ez da ijitoa. Bere esanetan “ezjakintasunak beldur absurdoak sortzen ditu eta kalte handia egiten die bai ijito herriari bai ijitoa ez den herriari ere”. Berak bizi izan zuen aurreiritziak hausteko prozesu hau eta onartzen duenez, gerturatzeko lehen pausoak ematen dituzunean “harritzen zara nola,  funtsean,  uste dugun baino berdinagoak garen eta emakumeek arazo berdintsuak ditugun”.

Elkartea abiatzea ez zen erraza izan. 2003an Euskal Herrian Ijito Herriaren Sustapen Integrala eta Parte Hartze Sozialerako Kontseilua sortu zen ijitoen nahiak eta eskaerak jasotzeko helburuaz. Urtebete geroago, Lehen Plana onartu zen Eusko Jaurlaritzako zenbait sail, zuzendaritza eta erakunderen lankidetzarekin. Horien artean Emakunde, foru aldundiak, udalak, mankomunitateak eta ijitoen komunitatearekin loturiko erakundeak zeuden. Caritasen lan egiten zuten emakume ijitoek beren nahi eta eskaera bereziak jasota geratzea nahi zuten eta horregatik erabaki zuten, azkenik, 2008an eratu zuten elkarte hau osatzea. Orain, Kontseiluan parte har dezakete abian jarri den Bigarren Planari begira eta duela urte eta erdi alokatutako egoitza ezin hobeki dabil.

Bazkide guztiak jabetzen dira emakume ijitoen bizitza hobetzeko prestakuntzak, gizarteratzeak eta lan munduan sartzeak duen garrantziaz. Horregatik, sustatzen dituzten jarduera gehienak arlo horietan fokatzen dira.

Juncal Dualek badaki, esperientzia pertsonalagatik,  ikasketarik ez izateak ateak ixten dituela. 15 urte zituela eskola utzi zuen eta orain prestakuntza prozesuan dabil eskola graduatua lortzeko, baina bere seme nerabeak Institutuan ikastea lortu du. Bera Zumarragako emakumeen taldekoa da neskatila zenetik. “Orain langabezian nago eta Donostiara joaten naiz ostegunero Romi Bidean taldearen bileretara. Emakume ijito banandu bat naiz, hiru alaba eta seme bat ditut. Elkarteko jardueraren bat dudan bakoitzean nire amarekin geratzen dira. Asko laguntzen dit eta bera ere Zumarragako taldekoa da. Bertan autoestimu eta antzerki tailerrak, bai eta joskintza eta sukaldaritza ikastaroak ere egin ditugu. Orain emakume ijitoek egindako errezeta liburu bat argitaratu nahi dugu”.

Romi Bidean sustatutako jarduerekin jarraituz, Silvanak esaten duenez, espazio honek emakume ijitoak motibatzeko balio du. “Etxekoandre, ama, eta familia zaindari eginkizunetik ateratzera bultzatzen ditu; eta erakusten die beste aukerak badirela, horien artean hauta dezaten, behintzat. Pentsamoldeak zabaltzeko eta pentsarazteko ere balio du”. Hirurek gogoratzen dute nola egindako lehenetariko bilera batean adinekoentzako alfabetatze ikastaroen beharra planteatu zela. Ikastaro horretan lau emakumek eman dute izena. Astean lau orduz gogoz ari dira irakurtzen eta idazten ikasten. Era berean, eta emakumeek hala eskatuta, sukaldaritza tailerra eskaini zuten eta bertan elikadura osasuntsua, orekatua eta ekonomikoarekin loturiko gaiak aztertu ziren.

Oso harrera ona izan duen beste jardueretako bat eskolatzean zailtasunak dituzten haurrei eskaintzen dieten laguntza izan da. “Bi talde daude” azaltzen du Monicak. “Bata egoitzan bertan dago, 7tik 12 urte bitarteko ijito neska-mutilentzako, irakasle boluntarioekin, eta bestea, mistoa da (ijitoak eta ijitoak ez direnak) Intxaurrondoko Ikastolan ematen dena“.

Emakume ijitoen zereginari buruzko hiru jardunaldi antolatu dituzte Donostian eta bat Zumarragan. Halaber, kulturen arteko tailerrak antolatzen dituzte ikastetxeetan eta horiekin ijitoen kultura jakitera ematen dute bere egunerokotasunean. Bestalde, edozein arrazoiengatik eskola utzi duten nerabeekin topaketak antolatzen dituzte beren bizitzak prestakuntzara bideratzeko asmoz. “Orokorrean neska ijitoek ez dute bigarren hezkuntza amaitzen eta hamabi edo hamahiru urte dituztela gehiago ikasi nahi ez dutela hasten dira esaten” dio Juncalek. “Noski, honek etxeko giroarekin zerikusi handia du. Horregatik da hain garrantzitsua amen zeregina”.

“Diferentzia handia dago gure amen belaunaldiaren eta gurearen artean” gehitzen du Silvanak. “Lehen, eskolatzea eta hezkuntza ez ziren beharrezkotzat jotzen. Baina oraindik ere,  badira berehalakoak diren gauzei lehentasuna ematen dieten familiak, adibidez, mutilek txatarra negozioan edo merkatu txikian laguntzea eta neskek amari etxean laguntzea eta ijito komunitateak begi onekin ikustea helburu dutenak. Hala eta guztiz ere, familia aurrera eramaten duen eta hezkuntzaren garrantzia azpimarratzen duen emakume bat baldin badago, aurrerapauso handiak eman ditzakegu”.

Recuadro de apoyo

Ijito Herriaren Sustapen Integrala eta Parte Hartze Sozialerako Kontseiluan dauden emakumeen elkarteak:
‘Amuge’ Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartea. Egoitza Bilbon du asociacionamuge@yahoo.es  
‘Chanelamos Adikerar’ Euskal Herriko Emakume Ijitoen Elkartea, egoitza Bilbon du. gitanasvascas@yahoo.es 
‘Sim Romí’, egoitza Bilbon du.  sim.romi@yahoo.es 
Romí Bidean, egoitza Donostian du. romibidean@live.com  

Beste emakume ijitoen talde egonkor, batzuk emakume elkarte bezala eratuak, besteak eratzeko prozesuan direnak, eta beste batzuk oraingoz eratzeko asmorik ez dutenak:
‘I-Romí’ emakume ijito eta ijito ez diren emakumeen elkartea, egoitza Irunen du. programagitanoirun@caritasgi.org
‘Kalé dor Kayikó’ Elkartearen Emakumearen Saila, egoitza nagusia Bilbon du romi@kaledorkayiko.org
‘Gao Lacho Drom’ Ijitoen Elkarteko emakumeen taldea, egoitza Gasteizen du.
 rosa@gaolacho.com
Fundación Secretariado Gitano ‘Romí Sineló’ fundazioaren emakume ijitoen taldea, egoitza Sestaon du.
 fsgsestao@gitanos.org
‘Gazteleku’ Elkartearen emakumeen taldea, egoitza Bilbon du.  kaligune@gazteleku.org
‘Flamenco del Norte’ Kultur Elkartea, egoitza Irunen du.   asociacionculturalflamencodelnorte@hotmail.com
‘A una sola voz’ Emakumeen Elkartea, egoitza Bilbon du. 688814748.

Euskadi, auzolana