2011ko negua – 79 zk.

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Aldizkaria
 
Aurkibidea
Artikuluak

Azken eguneratzea: 2011/02/03

Esplotazio sexualerako emakumeak saldu eta erostearen aurkako Foroa sortu da Nafarroan

Nafarroako Erkidego Autonomoak kontsulta foro bat sortu du esplotazio sexualerako emakumeen salerosketaren aurka,  salerosketa sareek esplotatzen dituzten emakumeen egoera ezagutzeko, erakundeetatik arazo honi aurre egiteko eta behar bezala aurrera eraman daitezkeen ekimenak proposatzeko. Gizarte Saileko kontseilari den Maribel Garcíaren esanetan, “emakumeen aurkako indarkeria” mota honi aurka egiteko gaur egun ez dago analisirik.
Foroak lau betebehar ezarri ditu, horien artean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak zuzenduko duen talde-lan teknikoa sortzea, erakunde hau osatzen duten entitateen ordezkariak barne bilduz,  prostituzioaren diagnosia egiteko, emakume prostitutei laguntzeko eta horretarako programak garatzeko orduan ekimen sozialeko erakundeek eta publikoek aurkitzen dituzten zailtasunaz azpimarratzeko. Erakunde nafar honek, halaber, beste erkidegoen egoera ere aztertuko du, administrazio publikoen eta ekimen sozialeko entitateen arteko komunikazioa errazteko bideak jarriz.
Foroaren barne honako erakunde hauek daude: Gizarte Gaiak, Erakundeen arteko Harremanak, Osasuna, Justizia, Barne Saila, Nafarroako Berdintasunerako Institutua, Gobernuaren Ordezkotza, Polizia Forala, Guardia Zibila, Polizia Nazionala, Iruñako Udal Polizia,  Caritaseko Betania Zentroa, Itxaropen Gune Elkartea, Abiatze Elkartea, Nafarroako Munduko Medikuak, eta Villa Teresita Erakundea.
Ekimen hau Nafarroako Foru Erkidegoko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I Planaren barruan jasotzen da (2006-2010) eta “Emakumeen aurkako indarkeriaren arreta eta prebentziorako koordinazio eraginkorreko erakunde arteko Akordioan” aurre ikusitakoari dagokio. Hitzarmen hau 2010eko abenduaren 17an sinatu zen. Foroak landuko duen txostena maiatzean burutuko da eta erakunde arteko hitzarmen honen jarraipen batzordeak jasoko du.
Salerosketa sareek esplotatutako emakumeen datu zehatzik ez badago ere, Gizarte Gaietarako kontseilariaren aburuz, gai honek prostituzioarekin zerikusi zuzena dauka eta Nafarroan prostituzioan diharduten emakumeei buruzko datu estatistikoak eman zituen, 500 eta 775 artean daudela kalkulatuz. %90 Latinoamerika, Karibe, Afrika edo Europako Ekialdeko herrialdeetakoak dira. Horietatik % 85 klubetan dihardu, %10 etxebizitzetan, eta %5 kalean. Emakume hauek, gehienetan, ez dute bertan bizitzeko edo lan egiteko baimenik, eta horregatik dira talde mafioso eta proxeneten biktima errazak. Nafarroaren barruan  prostituzioa Iruña, Tutera, Tafalla eta Lizarran kontzentratzen da eta ia klub guztiak gehien erabilitako errepideetako ardatzetan daude: Iruña - Zaragoza, Iruña - Gasteiz eta Iruña – Irun.

Euskadi, auzolana