2012ko udaberria – 84. zk

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Aldizkaria
Aurkibidea
Artikuluak
Emakunde martxan

Genero-berdintasuna ekonomia adimendunaren parte da

“Emakumeentzako eta neskentzako aukera eta baldintza hobeak sortzen dituzten herrialdeek produktibitatea handitu dezakete, haurtzaroko emaitzak hobetu ditzakete, erakunde esanguratsuagoak lor ditzakete eta pertsona ororentzako garatze-perspektibak hobetu ditzakete”, segurtatzen du Munduko Bankuko 2012ko Txostenak, Munduko Garapenari buruzkoak. Aipatutako aurtengo txostena mundu osoko genero-berdintasunean oinarritzen da.

46 orrialdetan zehar, ikerketak datuak eskaintzen ditu, emakumeek eta neskatilek aurre egin behar dieten ezberdintasunei buruzkoak, nahiz eta garapen bidean sartu zirenetik hamarkadak igaro diren. Ikerketaren arabera garapen ekonomikoa ez da nahikoa generoaren araberako ezberdintasun guztiak gutxitzeko: “politika zuzentzaileak behar dira berariaz zuzen ditzaten oraindik dirauten genero-ezberdintasunak”.

Aurrera egiten lagunduko duten lehentasunezko lau eremu azaltzen ditu. Lehena, giza-kapitalean genero-ezberdintasunak gutxitzea, bereziki emakumezkoen heriotza-tasari eta heziketari dagozkienean. Bigarrena, genero- ezberdintasunak gutxitzea aukera ekonomikoei, diru-sarrerei eta produktibitateari dagozkienean. Hirugarrena, genero-ezberdintasunak gutxitzea emakumezkoak gizartean beren ahotsa entzuteari eta beren ekintzarako gaitasunari dagozkienean. Laugarrena, genero-ezberdintasunaren erreprodukzioa mugatzea belaunaldi ezberdinen artean. Lau eremu horietan diru-sarreren handitze hutsak eragin eskasa izanen du genero-ezberdintasunen gutxitzean, baina ongi bideratutako politikek eragin erreala izan dezakete.

Gaur egun, 136 herrialdetako konstituzioek jadanik jasota dituzte berariazko bermeak, herritartasunaren berdintasunarenak eta emakume eta gizonen arteko diskriminazio ezarenak. Azken bi hamarkadetako errepaso azkar batean, non emakumeek aurrekaririk gabeko eskubideak lortu dituzten hezkuntzari, osasunari eta lanerako eta bizibiderako sarbideei dagozkienean, txostenak zehazten du aurrerapen hori ez dela berdin iritsi emakume guztiengana eta aurrerapen horrek ez dituela genero-berdintasunaren dimentsio guztiak bereganatu. Adibide gisa, jasotzen du oraindik konparagarriak direla Afrikan, Sahararen hegoaldean, eta Asiaren hegoaldeko leku batzuetan erditzean emakume batek hiltzeko dituen aukerak eta XIX. mendeko Ipar Europan zituenak.

Garapenak pobrezia ekonomikoaren gutxitzea edo justiziarako sarbide hobe bat izatea dakarren moduan, emakume eta gizonen ongizatearen arteko ezberdintasunak gutxitzea ere ekarri beharko lukeela ondorioztatzen du txostenak.

Genero-berdintasunak eraginkortasun ekonomikoa handitu dezake

Azterketak sakondu egiten du eta genero-berdintasuna ekonomia adimendunaren parte dela dio, eraginkortasun ekonomikoa handitu dezakeelako eta  garapenaren arloan beste emaitza batzuk hobetu ditzakeelako hiru modutan. “Lehenengoa: emakumezkoek hezkuntzarako, aukera ekonomikoetarako eta produkzio-sargaietarako gizonezkoen sarbide bera izatea ezinezkoa egiten duten oztopoak kentzeak ekar dezake produkzioaren handitze orokorra, hain zuzen ere mundu gero eta lehiakor eta globalizatu batean hain garrantzitsua dena. Bigarrena: emakumeen estatusa hobetzeak garapen alorrean emaitza asko sustatzen ditu, hala nola beren seme-alabak ukitzen dituztenak. Hirugarrena: balantzaren orekak – emakumezkoek eta gizonezkoek aukera berdinak izan ditzaten jarduera sozial eta politiko bat izateko, erabakiak hartzeko eta politikak finkatzeko– ahalbidetuko du denborarekin erakunde eta  aukera politiko esanguratsuagoak eta bateratzaileagoak sortzea, eta, beraz, garapenerako bide egokiago batetara bideratzea.


Trebetasunen esleipen hobea eta emakumeen gaitasunak

Emakumeek munduko lan-indarraren %40 ordezkatzen dute, nekazaritzako eskulanaren %43 eta mundu mailako unibertsitateko matrikulen erdia baino gehiago, baina munduko aberastasunaren %1 bakarrik daukate. Ekonomia batek bere potentzial guztia aprobetxa dezan, emakumeen trebetasunak eta gaitasunak bideratu behar dira ahalmen horien erabilera optimoa egingo den jardueretan. Baina hori ez da beti horrela izaten. Kreditu-merkatuetako diskriminazioaren ondorioz eta produkzio-sargaietarako sarbideei dagozkien bestelako genero-ezberdintasunen ondorioz emakumeek zuzendutako enpresek zailtasunak dituzte gizonezkoek zuzendutako enpresak bezain produktiboak eta errentagarriak izateko.

Beste kapitulu batean aztertzen du emakumeen ekintzarako  gaitasunak eta erabaki indibidual eta kolektiboetarako gaitasunak gizartearentzako  efektu eraldatzailea duela eta erakundeetan, merkatuetan, gizarteko arauetan eta politikarako aukeretan eragina izan dezakeela. Adibide gisa, India aipatzen du; toki-mailan emakumeei boterea eman zitzaien, kuota politikoak ezarriz, eta horrek ondasun publikoen horniketan gehikuntza ekarri zuen –hala nola emakumeek gustukoen zituzten ondasunetan, ura eta saneamenduan, baita gizonezkoek gustukoen zituztenetan ere,  ihinztatzean eta eskoletan– eta ustelkeriak behera egin zuen. Emakumeak buru ziren herrialdeetan gizon-emakumeek ordaintzen zituzten eroskeriak gizonezkoak buru ziren herrialdeetan baino txikiagoak ziren – %2,7 eta %3,2ren  artean–.

Haurren heziketa

Hezkuntzan egon diren genero ezberdintasunak gainditzeko aurrerakuntzak nabarmentzen ditu, ikaskuntzako maila guztietan finkoak eta iraunkorrak izan diren ezberdintasunak: lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza eta hirugarren mailako hezkuntza. Herrialde askotan, goi mailako hezkuntzan batez ere, ezberdintasun horiek alderantzikatzen ari dira ; 60 herrialdetan emakumezkoen kopurua gizonezkoena baino handiagoa da unibertsitatean. Lurralde guztien bi herenetan, lehen hezkuntzan matrikulatu diren nesken kopurua, mutikoenaren parekoa da. Lurralde hauen heren batean, bigarren hezkuntzan matrikulatutako nesken kopurua, mutikoen baino askoz handiagoa da. Baina etnia arabera, datu hauek jaisten dira; eskolara ez doazen neskatoen bi heren, talde etniko gutxiengodunekoak dira.

Soldata ezberdintasuna

Nahiz eta garapen - bidean dauden herrialdeetan, azkeneko urteetan emakumeek etxetik kanpo lanean hasi, ez dituzte gizonek izan dituzten aukera berdinak izan lana aurkitzerakoan, ezta soldata parekotasuna ere ez. Emakumeek eta gizonek sektore ezberdinetan egin dute lan normalean eta hori gutxi aldatu da urte hauetan.

Herrialde gehienetan emakumeek etxeko lanetan edota ez ordaindutako lanetan bukatzeko aukera gehiago dituzte. Nekazal munduan, emakumeek lur zati txikiagoak izan eta diru gutxiago ematen duten laborantzetara dedikatzen diren bitartean, enpresa munduan ere, zuzentzen dituzten eragiketen tamaina gizonezkoena baino txikiagoa da eta onura gutxiago ematen dituzte. Ondorioz, lurralde guztietan, emakumeek gizonek baino gutxiago irabazten dute. 

Alemanian, soldatako langile emakumeek 62 zentabo irabazten dituzte gizonek irabazten duten dolar bakoitzeko, Indian 64 eta Mexiko eta Egipton 80 zentabo. Enpresa munduan ere desberdintasunak daude: Etiopian 34 zentabo irabazten dituzte gizonezkoen dolar bakoitzeko eta 12 bakarrik, Bangladeshen.

Ekonomia – jardueran genero arabera egiten diren bereizitasun hauek eta ondorioz dakarten diru sarreren diferentziaren zergatiei dagokienez, txostenean argi geratzen da denboraren erabileran dauden ezberdintasunak, jabetza eta kreditura heltzeko zailtasunak eta merkatu eta erakundeek emakumeei emandako tratua (zuzenbide eta erregelamendu – esparrua barne), hauen aukerak murrizten dituzten faktoreak direla. 

Herrialde gehienetan, diru sarrera kontutan hartu gabe, emakumeek ardura gehiago dituzte gizonekin konparatuta etxeko lanei eta pertsonei zaintzeari dagokionez: emakumeek gizonek baino ordu bat eta hiru ordu bitartean dedikatzen dituzte etxeko lanak egiteko, seme – alaba eta zaharren zainketan emandako denbora bitik hamarrera biderkatzen da gizonekin konparatuz. Etxetik kanpo ordez, ordu bat eta lau ordu bitartean gutxiago dedikatzen dute emakumeek.

 
Hilkortasuna

Emakumeek eta neskatilek, gizonek eta mutikoek baino hiltzeko aukera gehiago dituzte errenta baxu eta erdiko lurraldeetan, 60 urtetik beherako 3,9 miloi emakume eta neskato «desagertzen» direlarik. Gutxienez, neskato horietako %40a ez da inoiz jaio, seiren bat haurtzaroan hiltzen dira eta beste herena, adin ugalkorrean. Afganistan, Txad, Ginea Bissau, Liberia, Mali, Niger, Sierra Leona eta Somalian, 25 emakumeetako bat haurdunaldian edo erditzean izango dituen arazoen ondorioz hilko da behintzat, eta epe luzera, are gehiagok jasango dituzte erditzearen ondorioak. Diru sarreraren igoerak ez du hilkortasun – tasaren jaitsiera ekarriko. Indian adibidez, azkeneko urteetan hazkunde ekonomiko izugarria izan badu ere, Sri Lankaren amen hilkortasun – tasa seitan biderkatzen du. Azkeneko bi hamarkadetan bakarrik 90 herrialdetan eman da tasa honen %40ko jaitsiera, beste 23tan igo egin delarik.

Ekialde eta hegoaldeko Afrikako herrialde askotan, GIB / HIESak emakumezkoen hilkortasun – tasan duen eragina lazgarria da.

Etxean eta gizartean entzunak izateko emakumeen ahalmena

Lurralde askotan, behartsuak diren emakumeak batez ere, botere gutxiago dute etxean hartu behar diren erabakiei eta bertako baliabideen kontrolari dagokionez. Herrialde gehienetan, jarduera politiko ofizialean duten parte – hartzea gizonezkoena baino txikiagoa da eta bere ordezkaritza goi mailatan, urria, hala nola sindikatu eta botere judizialean. Eta hau ez da aldatzen herriak aberasten diren neurrian, ze hauetan, 1995 eta 2009urteen bitartean, emakume parlamentarien proportzioa, %10etik %17ra handitu zen soilik.

«Genero berdintasuna oinarrizko helburua da garapenerako berezko eskubidea delako, baina baita ekonomi aldetik ere zentzua duelako. Genero berdintasunak emankortasuna handitu dezake, hurrengo belaunaldietarako garapen arloan emaitzak hobetu, eta erakundeak adierazgarriagoak izatea lortu dezakeelako» da garrantzitsua, irauten duten genero ezberdintasun hauek gainditzea.


Txosten osoa

Euskadi, auzolana