2012ko udaberria – 84. zk

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Aldizkaria
 
Aurkibidea
Artikuluak
Emakunde martxan

Azken eguneratzea: 2012/05/02

Zifrak 2011

Berdintasun eza erakusten dituzten zifrak aurkeztu ditu Emakundek Legebiltzarrean

Emakundek Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun batzordearen aurrean Euskadiko Emakume eta Gizonen 2011eko egoerari buruzko Zifrak txostena aurkeztu du. Ikerketak demografia, osasuna, politika, lana, indarkeria… eta beste hainbat adierazle ditu kontuan urtero emakume eta gizonen egoera aztertzeko. Aurtengo txostenak erakusten du oraindik ez dagoela berdintasunik gizon eta emakumeen artean. Izan ere, desberdintasunak daude lan munduan, denboraren erabileran eta beste hainbat alorretan. “Euskadiko emakume eta gizonen egoerari buruzko zifrak” ikerketak honako datuak uzten ditu agerian, besteak beste:

Panoramika demografikoa

2010eko datuei jarraiki, 2.178.339 biztanle daude guztira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik, 1.113.631 emakumeak dira, biztanleriaren % 51,1. EAEn gora egin du biztanleriak, eta sexuaren araberako orekari eutsi zaio. Emakumeen eta gizonen bizi-itxaropena berdina ez denez (85,2 urte emakumeena, eta 78,5 gizonena), gizonen eta emakumeen arteko oreka 70 urtetik aurrera hausten da. Euskadin erroldatutako emakumeen % 7,5 eta gizonen % 7,2 Euskaditik eta estatutik kanpo jaiotakoak dira. Amen batez besteko adina 32,2 urtekoa da, eta 2009. urtetik aurrera gelditu egin da ama izateko adinak gora egiteko zuen joera. Dena den, Euskadiko jaiotzen herena 35-39 urteko amen erditzeen ondoriozkoa da.

Lan produktiboa

Pertsonek lan produktiboaren alorrean duten egoerak baldintzatzen du haien autonomia ekonomikoaren maila. 1995etik aurrera emakumeen jarduera-tasak gora egin du –41,3 puntutik 48,3 puntura–, eta, gizonenak, berriz, bere horretan eutsi dio ia –64,8koa zen 1995ean eta 64,0koa 2010ean–. Heziketa-maila eta adina adierazleek azaltzen dute, besteak beste, emakumeek eta gizonek lan-merkatuan bizi duten egoera. Ia ez dago genero-alderik goi-mailako ikasketak izanik lan-merkatuan dauden edo sartu nahi duten pertsonen artean. Lehen mailako ikasketak dituzten pertsonen artean, berriz, gizonen jarduera-tasa emakumeena halako bi da. Beren kargu duten seme-alaben kopuruak ere eragina du jarduera-tasako genero-hesian. Aldeak gora egiten du progresioan seme-alaben kopuruak gora egiten duen heinean: 14,5 puntukoa da seme-alabarik ez badute, eta 21,2koa berriz hiru seme-alaba edo gehiago badituzte.

Atzerritarren jarduera-tasa handiagoa da espainiarrena baino, bai gizonetan, bai emakumeetan, eta generoen arteko aldea ez da murrizten: emakume atzerritarren jarduera-tasa ehuneko 70,7koa da, eta gizon atzerritarren jarduera-tasa, berriz, 18 puntu handiagoa.

Okupazioaren bilakaera jardueraren bilakaeraren antzekoa da: generoen arteko aldea txikiagoa da emakumeen okupazioa handitu eta gizonena txikitu egin delako (krisi ekonomikoak gehiago eragin die gizonei). Heziketa-mailak eragina du generoen arteko aldean, eta heziketa-maila zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa da generoen arteko aldea. 2010. urtean lehen mailako ikasketak dituzten emakume halako bi gizon daude okupatuta. Antzeko aldea dago erdi-mailako ikasketak dituztenen artean, baina aldea desagertu egiten da ia goi-mailako ikasketak dituztenen artean. Adina ere okupazioan dagoen genero-aldea azaltzeko aldagai egokia da: 16-24 eta 25-34 adin-taldeetan ez dago ia genero alderik, gizon zein emakume modu bertsuan laneratzen baitira; eta hurrengo belaunaldian 35-44 eta 45-54 tarteetan alde handia dago, ehuneko 19,5ekoa hain zuzen ere.

Lan-merkatuaren azterketarako adierazle orokorren artean, langabezia-tasan dago genero-hesirik txikiena, bai espainiarren artean, bai atzerritarren artean. Atzerritarren artean, emakumeen langabezia-tasa 4 puntu baxuagoa da gizonena baino, eta datu berria da, azken bi urteetan agertu dena langabezia generoaren ikuspegitik aztertzerakoan. Emakumeen eta gizonen langabezia-tasaren arteko aldea 6 puntutik gorakoa da, emakumeen alde, Europar Batasunekoak ez diren herrialdeetako pertsonen artean.

Okupazioari buruzko datu orokorrak generoen arteko aldea murriztu egin dela adierazten duen arren, azpimarratu behar da emakumeek eta gizonek lan-merkatuan duten egoera oso desberdina dela: gainokupatuta dauden pertsonen ia % 75 gizonak dira (egunean 8 ordutik gora lan egiten dutenei esaten zaie horrela); okupatu hertsien % 55 gizonak dira (8 ordu lan egiten dutenei esaten zaie okupatu hertsi); eta okupatuen gainerakoan, 8 ordutik behera egiten dutenen artean, gizonak ez dira % 20ra ere iristen. Lanaldi partzialeko lana emakumeen lana da: kontratu partziala duten pertsonen % 82,3 emakumeak dira. Horrez gain, azpimarratu behar da 2010ean, kontraturik gabeko soldatako 18.600 pertsona okupatu zenbatu zirela guztira, eta 10etik ia 9 emakumeak ziren, 16.400, hain zuzen ere. Lan-merkatuaren ohiko irudia da zenbait sektore maskulinizatuta egotea, hala nola industria eta eraikuntza, eta beste batzuk, aldiz, feminizatuta, zerbitzu-sektorea esaterako. (zerbitzu-sektorean lan egiten duten 10 pertsonatik 6 emakumeak dira). Krisi ekonomikoak zerbitzu-sektoreari eragiten badio, kalte handia egingo dio emakumeen okupazioari, emakumeen % 87,6k sektore horretan egiten baitu lan. Zifrak 2011 txostenak hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen feminizazioari buruzko informazio zehatza ematen du. Lanbidea lan-errenta baldintzatzen duen alderdietako bat da.

Beste desberdintasun bat soldaten arteko aldea da. Okupatutako pertsonen lan-errenten sexuaren araberako aldeak murriztuz joan dira 2001. urtetik, baina handiak izaten jarraitzen dute. Esaterako, 2003an (argitaratutako azken datua da), gizonezko zuzendari kudeatzaile baten lan-errenta 26.830 eurokoa zen, eta emakumezko zuzendari kudeatzaile batena, berriz, 10.195 eurokoa; alegia, erdia baino gutxiago.

2010ean, pertsona ez-aktiboen % 60 emakumeak ziren. Ez-aktibotasun horren arrazoi nagusia etxeko lanetan aritzea da (emakume ez aktiboen % 43), eta arrazoi horren atzetik, erretiroa ez beste pentsioren bat jasotzea (% 19.9). Pertsona ez-aktiboen % 40 baino gutxiago dira gizonak, eta 10etik 7 erretiroa edo aurre-erretiroa hartu dutelako daude egoera horretan. Alde horretatik, azpimarratu behar da gizon ez-aktiboen % 4,3 soilik daudela egoera horretan etxeko lanetan dihardutelako.

Ugalketarekin lotutako lanak lan produktiboan eragiten du, eta, bereziki, emakumeen lan produktiboan, haiek egiten baitituzte, batez ere, etxeko lanak eta haiek zaintzen dituzte menpekotasunak dituzten pertsonak. Belaunaldien arteko elkartasunaz gain, ugalketarekin lotutako lanak lan produktiboan ahalik eragin txikiena izateko formulak abian jarri diren arren, lan produktiboa zati batean, aldi baterako edo betirako uzten dutenak emakumeak izaten dira gehienetan, eta kontuan izan behar da lan produktiboak autonomia ekonomikoa izateko aukera ematen duela. Eta lan uzte horrek, jakina, gizarteak talentu profesionala galtzea eragiten du. Familia-bizitza eta lana bateratzeko laguntzak emakumeentzako laguntzatzat jo izan dira gizartean. lanaldia adin txikikoak zaintzeko murrizteko laguntzen onuradunen % 93,3 emakumeak dira.

Denboraren erabilera

Denboraren banaketa desberdina egiten dute emakumeek eta gizonek. Euskadin, 2008. urtean, etxeko lanaz eta etxeko pertsonen zaintzaz bestelako jardueretan denbora gehiago ematen zuten gizonek emakumeek baino. Azken 15 urteetan, generoen arteko aldea jarduera hauetan murriztu da gehien: lana eta prestakuntzan eta etxeko lanetan. Baina aldeak handiak dira oraindik ere, emakumeek 2 ordu eta 6 minutu gehiago ematen baitituzte etxeko lanetan eta gizonek 17 minutu gehiago lana eta prestakuntzan.

Hezkuntza

Hezkuntza, hein handi batean, pertsonen gizarte-estatusa baldintzatzen duen baliabidea da; izan ere, eragina du lanbidean, eta, beraz, baita diru-sarreretan eta denboraren banaketan ere. Lehen etapan, derrigorrezko hezkuntzan, ikasgeletan mutilek eta neskek duten banaketa ez dago generoen araberako rolek baldintzatuta. 2009/2010 ikasturtean mutikoen eta neskatoen proportzioa antzekoa izan zen, parekotasunekoa. 113.335 ikasle matrikulatu ziren Lehen Hezkuntzan, eta haietako % 51,7 gizonezkoa zen. Antzeko proportzioa dago Haur Hezkuntzan (% 51,7) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (% 51,5). Errendimendu akademikoan daude aldeak, neskek, oro har, mutilek baino emaitza hobeak lortzen dituzte eta.

Hautaketaren bigarren etapan, ordea, mutilen eta nesken arteko banaketa-prozesua hasten da; prozesu hori areagotu egiten da bai Batxilergoa bai Lanbide Heziketa espezialitateak aukeratzean. Lanbide Heziketan ez dago berdintasunik: maila ertaineko Lanbide Heziketan emakumeak % 37,4 soilik dira, eta % 42,2 goi-mailakoan. Generoen araberako rolen eragina oso handia da adarrak aukeratzerakoan, eta generoen arteko aldea handitu egiten da. 2009/2010 ikasturtean, maila ertaineko Lanbide Heziketako 25 adarretatik batean soilik betetzen zen parekotasun-printzipioa ikasgelen osaeran: Komunikazioa, Irudia eta Soinua adarrean. Lanbide Heziketako goi-mailako heziketa-zikloetan, ikasleen banaketari buruzko datuak nahiko antzekoak dira. Izan ere, 25 adarretatik 4tan soilik betetzen da parekotasun-printzipioa ikasgelen osaeran: Ostalaritza eta Turismo Ikasketak, Arte Grafikoak, Merkataritza eta Marketina, eta Kimika adarretan.

Unibertsitate aurreko zein unibertsitateko ikasketetan ere agerian jartzen da ikasleen generoaren araberako espezializazioa, baina aldeak ez dira hain handiak. Batxilergoko hautuak baldintzatzen du, printzipioz, unibertsitate-ikasketen aukera, eta 2009/2010 ikasturtean hain zuzen ere aldatu egin dira hezkuntza-plan berezia dela eta. Hauek dira orain: Arte plastikoak, irudia eta diseinua, Zientzia eta teknologia, eta Giza zientziak eta gizarte-zientziak. Zientzia eta teknologian soilik betetzen da parekotasun-printzipioa, eta ikasleen % 25 eta 35 bitartean dira gizonezkoak Arte plastikoak, irudia eta diseinua, eta Giza zientziak eta gizarte-zientziak arloetan.

Unibertsitate-arloan eskaintzen diren ikasketen artean, Arteak eta giza zientziak alorreko graduetan, emakumeak matrikulazio berrien % 65 ziren, % 79 osasun-zientzietan, % 66,8 gizarte-zientzietan eta zientzia juridikoetan, eta % 50 titulazio bikoitzetan. Feminizazio handiena Ingeles ikasketak, Hizkuntza modernoak eta kudeaketa, Biologia, Zuzendaritzako laguntza, Haur Hezkuntza, eta Gizarte-lana graduetan dago: 10 ikasletik 2 baino gutxiago dira, horietan guztietan, gizonak. Arkitekturan eta Ingeniaritzan, emakumezko ikasleen proportzioa % 25ekoa da, eta titulazio batzuetan parekotasunetik hurbil egon arren, 18 titulazioetatik 9tan maskulinizazioa erabatekoa da, 2 emakume baino gutxiago baitago 10 ikasleko. Unibertsitateko ikasketen artean, diplomaturak dira bereziki emakumeek gehien hautatzen dituztenak. 2009/10 ikasturtean diplomatura ikasten ari zirenen artean, emakumeak % 70,9 ziren. Ingeniaritza teknikoan guztiz alderantzizkoa gertatzen da, 2009/10 ikasturtean matrikulatutako ikasleen % 74,2 gizonak ziren.

Osasuna

Osasuna funtsezkoa da biztanleentzat. Azken 20 urteetan, osasun-arazoak zituzten pertsonen ehunekoak behera egin du, bai emakumeen artean, bai gizonen artean. Esate baterako, 1989. urtean emakumeen % 10ek eta gizonen % 7,8k osasun-arazoren bat zuten, eta 2009. urtean, berriz, bi puntu gutxiago dira osasun-arazoak dituzten emakumeak, eta puntu bat gutxiago, osasun-arazoak dituzten gizonak.

Emakumeek gehiago erabili ohi dituzte osasun-zerbitzuak gizonek baino. Emakumeek kontsulta gehiago egiten dituzte osasun-zentroan edo anbulatorioan, baina ospitaleetako erabilerari eta egonaldiei dagokienez, gizonen ehunekoak handiagoak dira. Esaterako, 2009. urtean, emakumeen % 78,8 joan da azken urtean kontsulta medikoren bat egitera, eta ehuneko 5 gutxiago dira hori egin duten gizonak. 2009ko adierazleek erakusten dute, oro har, emakumeak denbora gutxiago egoten direla, batez beste, gizonak baino (6,72 egun eta 7,48 egun hurrenez hurren).

Drogen kontsumoa pertsonaren osasunari gehien eragiten dion elementuetako bat da. Drogen kontsumoari buruzko azken datu eguneratuak, 2010. urtekoak, cannabisaren eta legez kanpoko beste droga batzuen kontsumoari buruzkoak dira. Cannabisaren kontsumoa ohikoagoa da gizonen artean emakumeen artean baino. Probatzeko kontsumoa, bizitzan zehar uneren batean egin dena, igo egin da 1992tik: urte hartan % 21,9k egin zuen horrelako kontsumoa, eta iaz, berriz, biztanleen erdiak baino gehiagok. Kontsumoaren proportzioan bere horretan dirau generoen arteko aldeak: emakumeen % 27k adierazi zuen probatzeko kontsumitu zuela, eta gizonen % 41ek adierazi zuen hori.

Sedentarismoak pertsonen osasunari eragiten dio. Emakume sedentarioen ehunekoa gizon sedentarioen ehunekoa baino 8 puntu handiagoa da. 2008. urtean, txangoak eta paseoak egiten dituzten gizonek egunean 28 minutu gehiago eman zituzten batez beste horretan emakumeek baino. Datuak ez dira askorik aldatu 1993tik. 2008. urtean, gizon kirolariek kirolean ematen zuten denbora ordu bete eta 40 minutukoa zen, emakumeek ematen zutena baino 20 minutu gehiago.

Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak EAEko kirol-ohiturei buruzko inkesta bat egin zuen 2009. urtean. Azterketaren arabera, emakumeek kirola egiteko duten arrazoi nagusiak hauek dira: lirain egoteko (emakumeen % 36) eta ongi pasatzeko (% 26). Gizonen artean, arrazoi nagusia ongi pasatzea da (% 50), eta lirain egotea bigarren lekuan dago (% 17). Izan ere, gizona ala emakumea izan, kirol mota bat edo beste bat egin ohi da. Emakumeen artean, hauek dira kirol mota nagusiak: gimnasia, aerobic, fitness eta yogak osatutako multzoa, eta ondoren, ibiltzea. Gizonen artean, gehien egiten den kirola futbola da, eta haren atzetik, ibiltzea.

Kirolean ematen den denboraren beste alderdi bat hura modu arautuan egitea da, modalitateren bateko federazioan izena emanda. Euskadin kiroletan federatutako pertsonen % 10 soilik dira emakumeak Lau kiroletan soilik dago parekotasuna: hockeyean, neguko kiroletan, hipikan eta boleibolean. Kirol bat oso feminizatua dago, gimnasia, eta gainerakoak, berriz, maskulinizatuak. 14 kiroletan, emakumeen federazio-fitxak ez dira iristen % 10era ere. Horien artean, hauek nabarmentzekoak dira, komunikabideetan duten oihartzuna dela eta: txirrindularitza (261 emakume federatu eta 6.935 gizon federatu) eta euskal pilota (151 emakume federatu eta 2.557 gizon federatu).

Emakumeekin lotutako alderdi polemikoenetako bat abortuarena da. Estatuko zein Euskal Autonomia Erkidegoko estatistikek agerian jarri dute borondatez etendako haurdunaldiek gora egin dutela pixkana, 1995. urtetik. EAEn, zehazki, haurdunaldiaren borondatezko etenduren tasa hirukoiztu baino gehiago egin da azken urteetan: 2,6koa zen 1995ean, eta 7,03koa, berriz, 2009an. Dena dela, autonomia-erkidegoen artean, haurdunaldiaren borondatezko etenduren tasa txikienak dituzten erkidegoetako bat da EAE, 7,26 puntuko tasa du eta. Adin-taldeen arabera, adierazlerik altuena (12,64) 20 urtetik 24ra bitarteko emakumeei dagokie. 2009. urtean, haurdunaldiaren borondatezko etendura egiteko emandako arrazoi nagusia (kasuen % 92,3) haurdun zegoenaren osasun fisikoa edo psikikoa arriskuan egotea zen.

Presentzia erabaki guneetan

Euskadiko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko zifrak txostenak emakumeek eta gizonek erabakiak hartzen diren guneetan duten presentziari buruzko datuak ere biltzen ditu. Emakumeen presentzia Eusko Legebiltzarrean etengabe haziz joan zen 2009ra arte, eta urte horretan murriztu egin zen: parlamentarien % 45,3 emakumeak ziren. Legebiltzarreko talde guztien artean, gizon baino emakume gehiago duen taldea Euzko Abertzaleak taldea da: % 56,7 dira emakumeak. Atzetik, talde sozialista dago, eta parlamentarien % 44 ditu emakumezko. 2011. urtean, Batzar Orokorretan, % 51 dira emakumeak Araban, % 47,1 Bizkaian eta % 47,9 Gipuzkoan Lurraldeko botere betearazlearen buruak (lehendakaria eta diputatu nagusia) gizonezkoak dira. Alkate emakume gehiago daude lehen baino, baina ez askoz gehiago: udalen % 22k emakumezko alkatea dute, baina biztanleriaren % 11,1 baino ez dira udal horiek. Emakumeek, erabakiak hartzen diren beste gune batzuetan (enpresa-elkarteak, IBEX 35ean kotizatzen duten enpresen administrazio-kontseiluetan eta abarretan) duten presentzia oso txikia da, eta ez da % 20ra ere iristen batzuetan.

Indarkeria

Diskriminazioaren ondorio larrienetako bat genero-indarkeria da. 2010. urtean, genero-indarkeriagatiko 4.285 biktimizazio izan ziren, eta datuak gora eta gora egin du 2002. urtetik. Emakumeen aurkako indarkeriaren ondorioak fisikoak, sexualak eta/edo psikologikoak izan daitezke. Eta zenbaitetan emakumeen heriotza ere eragiten dute. 2010. urtean bi emakume hil ziren bikotekideak edo bikotekide ohiak erasota.

Euskadi, auzolana