2012ko udaberria – 84. zk

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Aldizkaria
 
Aurkibidea
Artikuluak
Emakunde martxan

Azken eguneratzea: 2012/06/04

Ikerketa

65 urtetik gorako emakumeen autonomia maila ikertu du Emakundek

Emakunde/Emakumearen Euskal Erakundeak “Adineko emakumeen autonomia Euskadin eta ahalduntze-prozesuei egin dien ekarpena” ikerketa aurkeztu du. Honen helburua izan da jakitea zein den Euskadin bizi diren 65 urteko eta hortik gorako emakumeen gaur egungo egoera ahalduntze-prozesuetan eta zer negoziazio-ahalmen duten. Ikerketa hau ahalduntze-prozesuak Euskadiko emakumeen eguneroko jardunean nola gauzatzen edo islatzen diren jakin nahi duen ikerketa-ildoaren barruan dago, Emakundek 2009an abian jarritakoa nerabeen taldeekin. Eta Zahartze aktiboaren eta belaunaldien arteko elkartasunaren urte europarrean aurkezten da.

Ikerketan ikusten da emakumeen belaunaldi horrek autonomia indibidualaren maila handia hautematen dutela. Autonomia indibiduala balio preziatuenetako bat da adineko pertsona horientzat. Balioetsi egiten dute, asko eta gehienek balioetsi ere, beraiei eragiten dieten gauzen inguruan erabakitzeko ahalmena.

Onartzen dute egun bizi diren bizitza-ziklo honek ezinbestean dakarrela fisikoki hondatzen joatea (osasun-mugak izatea, mugikortasun mugak...) eta lagunak galtzea ere eragin dezakeela. Baina “zahartzearen esperientziaren” gaineko beldur nagusietako bat da beraien eguneroko bizitza zuzentzen eta eratzen duten erabakiak hartzeko autonomia galtzea. Eta, izan ere, osasunak txarrera egitea, horrek mugikortasun-arazoak ekartzea eta eguneroko jarduerak egiteko laguntzaren bat behar izatea da autonomia indibiduala murrizten duen faktore nagusia.

Adineko pertsonak bere kasa bizi nahi izaten du (eta beste ikerketa batzuetan ere ikusi da hori), baina horrez gain, autonomia indibidualaren beste alderdi bat ere identifikatu da: alderdi ekonomikoaren kudeaketari dagokiona. Euskadin bizi diren 65 urteko eta hortik gorako emakume gehien-gehienek adierazten dute beren esku dagoela bizikidetza-unitatearen berezko gastuak ordaintzeko diren diru-sarreren kudeaketa, edozein dela ere unitate hori osatzen duten pertsonak eta diru-sarreren jatorria edo iturria. Ekonomia-kudeatzailearen rol hori, botere-arlo hori, ez du beste inoren esku utzi emakumeen belaunaldi horrek.

Ikerketa honek agerian jarri duen beste alderdi interesgarri bat da autonomia horrek iraunkor jarraitu duela emakumearen bizitzan zehar. Belaunaldi horretako emakume gehienek adierazi dute 65 urte betetzeak ez diela aldaketarik ekarri beraien ibilbide biografikoan, jarraipen moduko bat izan dela.

Ikerketaren ondorio interesgarrienetako bat da adineko pertsonek gehiago lagundu dutela beste belaunaldi batzuen arian ariko ahalduntze-prozesuan beraien belaunaldiarenean baino. Ahalduntzearen sozializazioa da, belaunaldiaren eta generoaren ondare garrantzitsu-garrantzitsua. Haien alabak, bilobak edo are birbilobak sozializatu diren ingurunean, ahalduntzearen prozesua adieraz daiteke eta, beraz, eskatu ere egin liteke haren dimentsio guztietan, parte hartzen ari baita gizarte-harremanen eta nortasunen eraketa-moduan.

Badirudi ahalduntzearen gizarte- eta politika-dimentsioak, genero-sistema auzitan gero eta gehiago jartzea, emakumeen ondorengo belaunaldietarantz eskualdatu dutela adineko emakumeek. Gertaera hori, paradoxikoki, autonomia indibidualaren belaunaldien arteko alderaketa egitea eskatzen zaienean adierazten da: adineko emakumeek hautematen dute belaunaldi gazteenek autonomia integral handiagoa dutela. Lan-arloan parte hartzea, gainera, sine qua non baldintza bihurtzen da erabakiak hartzeko autonomia hori lortzeko eta horri eusteko.

Denboraren kudeaketari dagokionez, nahiz eta emakume gehienek adierazten duten denbora gehiago dutela beraientzat, denbora hori ez da beraiek konkistatutako denbora, ahalduntze indibidualeko estrategia kontziente baten ondorioa; aitzitik, liberatutako denbora da “libre” geratzen dena bizitza-ziklo horretan desagertu egiten direlako laneko betebeharrak, familiak eta bikoteak dakartzan betebeharrak, erabateko nagusitasuna zutenak bizitza-ibilbideko aurreko aldian, baldin bazeuden.

Ikerketa honek behin eta berriz jarri du agerian Euskadin bizi diren 65 urteko eta hortik gorako emakumeen talde estatistikoa oso heterogeneoa dela. Ez litzateke, horrenbestez, emakumeen zahartzeaz hitz egin behar baizik eta emakumeen zenbait motatako zahartzez.

Logika horri jarraituz, ikerketa honetan, Euskadiko etxeetan bizi diren 65 urteko eta hortik gorako emakumeen heterogeneotasun horri erantzuteko, adineko emakumeen bost tipologia sortu dira, kontuan hartuta haien egungo egoera eta aurreko ibilbidea, ahalduntzeari dagokionez.

Euskadi, auzolana