2012ko udaberria – 84. zk

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Aldizkaria
 
Aurkibidea
Artikuluak
Emakunde martxan

Azken eguneratzea: 2012/06/07

Virginia Woolf Basqueskola

Euskadiko udaletako emakume hautetsientzako lehen eskola sortu da

Euskadiko ehun bat alkate eta zinegotzi andrerekin izan den nazioarteko jardunaldian, EUDELek prestakuntzako eskola berria aurkeztu du gaur, “Virginia Woolf Basqueskola” izenekoa, zeinean Emakundek eta Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak esku hartzen duten. Eskolari hasiera emateko, ikastaroen programa jarriko da abian irailetik aurrera, eta bertako eta nazioarteko emakume hautetsien tokiko sareekiko harremana bultzatuko da.

Euskadiko udaletan erantzukizun politikoko eginkizunak betetzen dituzten emakumeek parte hartu ahal izango dute eskolan, hala gobernukoek, nola oposiziokoek.

‘Virginia Woolf Basqueskola’ izena Ingalaterrako idazle ospetsuaren izenetik eta idazle horren A Room of One’s Own (1929) lanetik jaso da. Era horretan, Euskadiko emakume hautetsiek gune bat izango dute, talde profesional modura hausnartzeko, eta beraien udaletan, egunero politikan aritzean, generoa dela-eta dituzten baldintzak eta mugak aztertzeko.

Mintegi, tailer eta coaching saioen bidez, behar diren prestakuntza eta tresnak eskainiko zaizkie udal-arduradun horiei, beren gaitasun politikoak gara ditzaten, eta berdintasunari buruzko zeharkako ikuspegia bultza dezaten beraien udaletako agenda politikoan.

Proiektu berri honen bidez, EUDELek Euskadiko alkate eta zinegotzi andreen jabekuntza lortu nahi du, hartara, lider gisa aritu daitezen, Euskadiko udalerri guztietan berdintasunari buruzko politikak sendotzeko lanetan.

Sorrera eta nazioarteko alderdia

Udaletako emakume hautetsientzat sortutako gune honen bidez, erantzuna eman nahi zaie Berdinsarea (Berdintasunaren aldeko Euskadiko Udalerrien Sarea) eratzen duten udalerrien eskariei. Gunea sortzeko, tokiko hautetsi diren emakumeen beste sare batzuk hartu dira oinarritzat, adibidez, Suediako Emakume Politikarien Sarea edo Bartzelonako Diputazioaren Emakumeentzako Prestakuntza Politikoaren Institutua.

Eskolak nazioarteko ikuspegia izango du, trukean eta elkarlanean arituko baita beste herrialde batzuetako antzeko eskolekin. EUDELek, Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluko kide den aldetik, bultzada emango du, aldian behingo harremanak izan daitezen erakunde horretako Emakume Hautetsien Batzordearekin, era horretan, Europan izandako azken berritasunak jaso ahal izateko: proiektuak, araudiak, azterketak, jardunaldiak, etab.

Datuak:

Gaur egun, udaletan erantzukizun politikoko kargua duten emakumeen kopurua gizonena baino askoz baxuagoa da.

• Alkate andreak, guztizko kopuruaren %22. Euskadin 251 udal daude, eta, guztira, 55 alkate andre daude.

• Zinegotzi andreak, guztizko kopuruaren %40,6. Euskadin 2.370 zinegotzi-kargu daude guztira, eta emakumeek 963 betetzen dituzte.

GUZTIRA: Euskadiko udaletan 2.621 hautetsi daude guztira, eta, horietatik, tokiko hautetsi andreak 1.020 dira, hau da, %39.

Ikastaroen programa

Programaren lehenbiziko edizioa irailetik abendura bitartean izango da, eta era deszentralizatuan egingo da, hiru lurraldeetako hainbat udalerritan. Mintegiak, tailerrak, coaching saioak eta asteburu bateko iraupena izango duen barnetegi trinko bat eskainiko dira; horren haritik, berdintasun-arloko politiken esparruan adituak diren irakasleek eta aholkularitza-enpresek emango dituzte eskola guztiak.

Programazioa zenbait lan-ildoren inguruan egituratuko da, alde batetik, trebetasunak hartzeko, eta, bestetik, eguneroko esperientziak partekatzeko eta genero-ikuspegitik aztertzeko, konfiantzazko giro batean.

• Komunikazio eta generoko lidergoaren ardatzean, coaching-erako sarrera eskainiko da: emakume hautetsi berriei eta eskarmentu gehien dutenei zuzenduta dagoen saio honen bidez, lidergoa bera sustatu nahi da, taldeko lan-eredu desberdinetan izaten diren generoko ezaugarriak aztertuz.

IRAILA-URRIA-AZAROA

• Generoari buruzko eztabaiden eta argudioen ardatzean, Euskadiko emakume hautetsiek berdintasun-arloko politikei buruz dituzten ezagutzak zabaldu nahi dira, hartara, eztabaida egin eta ekintzak proposatu ahal izan ditzaten beraien erantzukizunpeko tradiziozko esparruetan.

Lehenengo mintegian, aurrekontuak prestatzean generoko ikuspegia zeharka sartzeko prozesua landuko da.

URRIA

• Barnetegi trinkoan, “politikan jarduteko era eta bizitzaren iraunkortasuna” aztertuko dira. Parte-hartzaileen esperientzia eta behaketa abiaburutzat hartuta, berdintasun-arloko politiketan dauden eztabaida eta erronka nagusiak aztertuko dira, zehazki, bateratze, baterako erantzukizun eta mendekotasunari emandako laguntzaren arloetan.

AZAROA

• Mintegia: Politika aldapan gora egiten denean. Erantzukizun politikoen eta bizitza pertsonalaren lan-ardatzari dagokio. Gaur egungo funtzionamenduko ereduak aztertuko dira, eta, batez ere, erantzukizuneko kargu berri batera iristean azaltzen diren zailtasun pertsonalak eta egiturazkoak landuko dira.

ABENDUA

Euskadi, auzolana