2012ko uda – 85. zk

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Aldizkaria
 
Aurkibidea
Artikuluak

Munduko emakume gehienei legeek ez diete ez berdintasun ez justizia handiagorik ekarri

Munduko herrietan bi herenetan etxe barruko indarkeriaren kontrako legeak dauden arren 127 herrialdetan ez da senarrak egindako bortxaketa delitu gisa legeztatzen. NBE Emakumeak-en “ Emakumeen garapena munduan: justiziaren  bila” izeneko txosteneko datuak dira. Txostenaren  arabera, munduko emakume gehienei legeek ez dietela ez berdintasun ez justizia handiagorik ekarri egiaztatzen da.


Datu baikorrak

Egun, 186 herrialdek sinatu dute Emakumearen Edozein Bazterkeriarekin bukatzeko Hitzarmena. Giza eskubide eta neskatoen eskubideen alde lan egiteko adierazpena izateaz gain, berdintasuna eta genero zuzentasunaren aldeko borondatea adierazten du.

Beste datu on batzuk ere jasotzen ditu txostenak: 1.239 Konstituziok bermatzen dute gizon eta emakumeen arteko berdintasuna; 173 herrialdetan amatasuna baimenean soldata kobratzeko berma dago; 117 herrialdetan ordainsarien berdintasunaren aldeko legeak dituzte; 115 herrialdetan emakumeen jabetzarako eskubideen berdintasuna bermaturik dago. 

Datu ezkorrak

Emakumeei maiz ukatzen zaizkie oraindik euren gorputzaren kontrola, erabakiak hartzeko partaidetza eta indarkeriaren aurkako babesa egokia. Mundu mailan lan egiten duten emakumeak 600 miloi dira. Kopuru horren erdiaren lanpostuak ahulak eta  ziurtasun gabekoak izateaz gain, lan legeen kontroletik at egoten dira. Milioka emakumek diote haien bizitzan zehar indarkeria nozitu dutela, gehienetan bikotekideak eraginda. 

Gainera,  61 herrialdetan abortatzeko aukera murriztuta dago; lansariak direla eta, emakume eta gizonen arteko aldea  % 10 eta  % 30 bitartean dago. Emakumeen kontrako bazterkeriak haien giza eskubideen urraketa larria ekartzen du. Baita ere Milenioko Garapenerako Helburuen lorpena mantsotzen du. Helburu horiek nazioartekoak pobrezia bukatzeko adostu zuen. Amen osasuna hobetu zein hezkuntza unibertsala lortu edota VIH eta HIESaren zabalpena gelditu nahi dute, besteak beste.

Nahiz eta 139 herrialdetako Konstituzioetan emakume eta gizonen arteko berdintasuna jasota egon, legeen egokitasun eza edota inplementazio faltagatik berma horiek promesa hutsalak bihurtzen dira, hau da, eragin gabekoak emakumeen eguneroko bizitzan. Emakumeen eskubideak errespetatzeko garaian, egitura judizialak porrot egin du polizia, auzitegi eta judikatura testuinguruetan, bai herrialde pobreetan bai herrialde aberatsetan. Gauzak horrela zerbitzu desegokiak ematen zaizkie emakumeei eta haien beharrei kasu egiteko egon behar zirenek etsaitasunezko jarrera adierazten dute.

NBE Emakumeak-en txostenaren arabera, lege sistemak eta sistema judizialak eraginkorrak direnean emakumeen eskubideen aldeko oinarrizko mekanismoak bihurtzen dira. Hala denean, errazagoa izaten da kontuak eman, boterearen abusua gelditu eta lege berriak sortzea. Auzitegietan aldarrikatu dituzte gehien bat emakumeek haien eskubideak eta hor ezarri dira ere emakumeen aldeko aurrekari legalak.
Legeak aldatzeko eta zerbitzu judizial berriak emateko  gobernuen eta sozietate zibilaren emakumeen aldeko ahaleginak nabarmentzen ditu txostenak. Gainera, aniztasun juridiko edo gatazka baten ondorengo testuingurutan ere, emakume guztiek auzitegira jotzeko eskubidea bermatzeko erronkaren berri ematen du.

Euskadi, auzolana