2012ko uda – 85. zk

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Aldizkaria
Aurkibidea
Artikuluak

Raquel Royo Prieto: "Familiek desberdintasun-eskolak bailiran jokatzen jarraitzen dute"

Bere libururako 26 bikote gazterekin norberaren, familiaren eta laneko bizitza uztartzeari buruzko landa-lana egin ondoren, soziologo euskaldunak, Deusto-ko Unibertsitateko emakumeen kontrako bortizkerian esku hartzeko Masterreko zuzendaria denak, egiaztatu du desberdintasuna bultzatzen duten eta oso barneratuta dauden genero-inertziak egoten jarraitzen dutela, baina aldaketa txikiak ere badaudela, baita aitatasun eta amatasun-eredu berriak eta berdintasunezkoagoak ere, eta azken horiek ikusgai bihurtzea garrantzitsua dela, berdintasuna hemen eta orain posible dela adierazten baitute.

“Maternidad, paternidad y conciliación en la CAE.¿Es el trabajo familiar un trabajo de mujeres?” zure liburuak azpitituluan galdera erretorikoa dauka, eta pertsona gutxi ausartuko lirateke galdera horri  baiezkoa ematera. Hala ere, portaera pribatuak ez dira berdintasunezkoak, gutxienez hori ondorioztatzen da 52 pertsonekin egindako landa-lan horretan. Pertsona horiek 30 eta 44 urte bitartekoak dira, beren bikote heterosexualekin eta beren seme-alabekin bizi dira EAE-ko hiri-eremuko herriren batean, erdi mailako ikasketak edo unibertsitate-mailakoak egin dituzte eta ordaindutako lana egiten dute.  

- Gizonezkoek ordezkoak edo  laguntzaileak bezala jokatzen jarraitzen al dute eta emakumezkoek, aldiz, familiako lanen aginpidea hartuz jarraitzen al dute?

Bai, genero inertziak mantendu egiten dira. Desberdintasunak badirau, nahiz eta aldaketa sozialetik ateratako patroiak ere ematen diren.  Badirauten inertziez eta desberdintasunez dihardudanean, maskulinizatuta eta feminizatuta jarraitzen duten emakumeen lanaldi bikoitz horietaz edo etxeko zereginetaz hitz egiten ari naiz. Hori sarri gertatu ohi da berdintasunaren aldeko bikoteetan ere: gizonezkoentzako, etxeko konponketak; emakumezkoentzako, etxearen erantzukizuna, garbitasuneko zereginik errutinazkoenak, plantxa, seme-alaben ardura, eta abar. Modu berean, eta salbuespenik ezean, gizonezkoek beren seme-alabak mediku-kontsultara kasurik larrienetan bakarrik daramatzaten bitartean, emakumezkoak kasu usuenez eta ohikoenez ere arduratzen dira: txertoak, dentistak, mediku-azterketak ..

Inertzia hauetan bikotekide bakoitzak duen denbora propioa ere sartzen da. Gizonezkoek oso argi dute denbora propiorako eskubidea dutela. Aita ona izatea definitzen dutenean ere denbora propioa aurreikusten dute, emakumeek aldiz ez dute hori egiten eta gainera gizonezkoek espontaneoki behintzat aipatu ere egiten ez duten zerbait da, ama onaren ezaugarriez ari direnean. Hori bat dator barneratutako amatasun intentsiboaren ideologiarekin, sakonki alienagarria dena emakumeentzat eta beren errealizazio pertsonalarentzat. Eta txarra da ere gizonentzat, hein batean ukatzen ari zaielako femeninoa bezala definitua izan den baina guztiz gizatiarra den horretan parte hartzea, alegia, seme-alaben zaintzan.

- Hala ere, zerbait aldatzen ari da, behintzat jende gazteenaren artean, ezta?

Zorionez berdintasunezko amatasun eta aitatasun eredu berriak agertu dira eta horrek gizonei ahalbidetzen die patriarkatuak ukatutako eremuak berreskuratzea, hala nola, sentikortasuna eta emozioak. Asko ez dira kontziente aitatasuna ukatzen zaienik ere, eta "erreskate" horrek amatasun ez hain intentsiboak ahalbidetzen ditu emakumeengan, nolabait denbora propioa izan dezakete eta ondorioz amatasuna eta bizitza laborala kulparik gabe bizi dezakete.

- Kulpa, frustrazioa eta niaren disoluzioa dira zuk elkarrizketatutako amek gehien errepikatzen dituzten sentsazioak, aldiz inkestatutako aitek ez dituzte aipatu ere egiten.

Kulpa sentimendu ikaragarria da, emakumeen kontrol-mekanismo bat da. Sentitzen duten kulpa hori ematen da ordaindutako lana egiteagatik eta sozialki eraikitako itxaropenei ez erantzuteagatik. Sozialki eraikitako itxaropen horiek  zorrotzak eta bidegabeak dira ama on batek zer izan behar duen finkatzerako orduan, aitei aldiz ez zaie eskatzen itxaropen horiei erantzuteko. Gainera, bitxia bada ere, gizonezkoek ez dute izaten kulpa sentimendurik, nahiz eta emakumezkoek baino denbora gutxiago eskaini zaintzari.

Nik elkarrizketatu nituen amek beren buruak izaki erlatibo gisa ikusten zituzten, Simone de Beauvoirrek zioen bezala,  izaki osatugabeak bezala, beren burua definitzerakoan  gizonarekin edo beste izaki batzuekin duten erlazioa kontutan hartzen dutenak: norbaiten ama izatea ... Nolabait, rol batean bihurtzeko beraiek izateari uzten zioten, eta horretatik ere askatu beharra dago. Azkenean, hau guztia dator generoagatik zatitutako sozializazioetan sozialki eraikitako alderdietatik.

Gainera, gaur egun etxeak desberdintasun-eskolak bailiran jokatzen ari dira. Seme-alabek  beren aitek eta amek dituzten rolak ikusten dituzte  eta barneratu egiten dituzte. Gizonek emakumeek eskatutako zereginak bufaka egiten dituztenean, horrekin ere erantzukizuna emakumeena dela eta ez gizonena ikasten da. Emakumeok ondokoa diogunean: ken zaitez, ken zaitez, nik eginen dut, desberdintasuna erreproduzitzen ari gara eta sozializazioari erantzuten. Egitura aldetik eta kulturalki ezarrita dagoen zerbaiti erantzuten dio eta gainera sistemari ongi datorkio emakumeek etxeko lanak dohainik egiten jarraitzeko. Horregatik, kate hori apurtzea oso garrantzitsua da.

- Barneratze hori al da berdintasuneranzko aurrerapen motelaren arduradun nagusia ?

Benetan izugarria dena da desberdintasunak ez duela existitzen gizonengandik eta emakumeengandik at bakarrik, barneratu egiten dugu eta berdintasunerako oztopo ikusezin bezala jokatzen duten hautemateko modu, gustu eta  sentimenduak sortzen ditu. Jada Marx-ek bazioen “menderatzailearen ideologia menderatutako klaseak xurgatzen duela”. Baina hori sozialki eraiki bada, modu berean bertan behera gera daiteke. Ez da naturala, artifizialki sortutako zerbait da, boterearen produktu bat da. Beraz, alda daiteke eta aldatu beharra dago gizarte bidezkoago bat eraikitzeko.

-Gizarteak kontziliazioa emakumezkoen gauza balitz bezala ulertzen du. Erantzunkidetasunari buruz hitz egiteko unea iritsi al da?

Aipatu beharra dago bateratze-neurriak sendoki feminizatuta daudela eta horretan bai aldaketa  pertsonalak eman daitezkeela, baina egia da ere aldaketa horiek orokortzeko ekoizpenaz hain arduratua dagoen sistema sozioekonomikoaren erdian zaintza jarriko duen transformazio soziala ezinbestekoa dela. Nolabait, ugalketa-lana ikusezina da eta azken finean horixe da ekoizpen-lana sostengatzen duena. Gizartea bestela antolatu behar da. Kontziliazioak emakumeen ondare esklusiboa izaten bukatzen du eta, horrexegatik, erantzunkidetasun familiar eta sozialaren ideia azpimarratu behar da. Gizarte-eragile guztiek dute erantzukizuna, eta politika publikoek erantzunkidetasun hori bultzatu behar dute.

- Krisi ekonomikoa arlo honetan aurrera ez egiteko aitzakia izango al da?

Soilik epe laburreko eta inteligentzia gutxiko ikuspegi batek pentsa dezake berdintasuna ez dela beharrezkoa krisi garaietan. Orain, inoiz baino gehiago berdintasuna beharrezkoa da. Pentsamolde hori aldatu beharra dago, alegia, emakumeen eskubideak eta berdintasuna loraldi ekonomikoetarako bakarrik gorde behar den luxua dela pentsatzen duena.

Berdintasuna oso inbertsio ona da. Bestela, alferrik galtzen ari gara gizarteak albo batera utzi ezin dezakeen giza kapital bat. Premiazkoa da ordaindutako ekoizpena eta ugalketa lantzeko modu gizatiarragoak aurkitzea. Horrela gertatzen ez den bitartean, emakume askok ordaintzen jarraituko dute ugalketa sozialaren kostua beren uko egite unilateralarekin, beren kulpa sentimenduarekin edo beren gaitzondoarekin; gizon askok beren aitatasunean parte hartu gabe jarraituko dute -horretaz kontzienteak izan gabe ere-; eta familia askok desberdintasun-eskola bat izaten jarraituko dute hurrengo belaunaldietarako. Azken finean, gizarte bezala onartzen jarraitu behar ez dugun gizakiaren potentzialtasunen murrizketak gertatuko dira.

Liburu osoa:

http://www.emakunde.euskadi.net/u72-20010/es/contenidos/informacion/pub_publicaciones/es_def/adjuntos/6904-maternidad.pdf

 

 

Euskadi, auzolana