2012ko uda – 85. zk

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Aldizkaria
 
Aurkibidea
Artikuluak

Azken eguneratzea: 2012/07/10

EUSTATen ikerketa

Zazpi gizonetik batek bakarrik bere bikotekideak bezainbeste denbora ematen du seme-alabak zaintzen

Landunak izanik 15 urtetik beherako seme-alabak dituzten emakumeen erdiak –zehazki, % 48,8k– lan ordainduan emandako denboraz gain, egunean 5 ordu edo gehiago ematen ditu seme-alabak zaintzen, Eustatek egindako Lana, Familia eta Norberaren Bizitza Uztartzeari buruzko Inkestaren arabera. Era berean, gizon landunen ia erdiak –zehazki, % 49k– 2 ordu edo gutxiagorekin laguntzen du seme-alabak zaintzen. Hala eta guztiz ere, zazpi gizonetik batek –% 13,5ek– emakumeek bezainbeste denbora ematen du seme-alabak zaintzen. Guztira, gizonek egunean 2,8 ordu ematen dituzte adingabeak zaintzen, eta emakumeek, ordea, 4,7 ordu.

Etxeko lanak sexuaren arabera banatzeari dagokionez, EAEn are alde handiagoa dago gizon landunen eta emakume landunen artean: hamar gizonetik bederatzik –% 90,8k– 2 ordu edo gutxiago ematen ditu, eta emakumeen herenak, berriz, zehazki, % 32,2k, 3 ordu edo gehiago.

Nork bere gain hartutako kargen artean dagoen aldearen ondorioz, bizitza pertsonalerako, aisiarako edo prestakuntzarako duen denborarekin gogobetetze-maila desberdinak dituzte gizonek eta emakumeek; horrela, bost emakumetik batek –% 22,2k– adierazi du ez dagoela asebeteta, eta gizonen artean, aldiz, seitik batek baino gutxiagok adierazi du horixe –% 17,9k–. Gogobetetze-maila txiki hori familia osatzen ari diren adinetan kontzentratzen da, hots, 35 urtetik 44 urtera, eta adin horretatik aurrera behera egiten du.

Eginkizunen banaketaren arteko alde horren eraginez, era berean, emakume landun asko, zehazki, seitik bat, batere asebete gabe daude beren ezkontide edo bikotekideek etxeko lanak egiten emandako laguntzarekin. Gizon landun gehienak –zehazki, % 81,2–, aitzitik, oso asebete daude beren bikotekideek etxean egindako lanarekin.

Alabaina, nabarmendu beharrekoa da emakume langileek gizon landunek baino gogobetetze apur bat handiagoa erakutsi dutela seme-alabak zaintzeari dagokionez (% 55,2ren hitzetan, handia), eta baita etxeko lanei dagokienez ere (% 49,3k gogobetetze handia adierazi du); horrela, gizonen artean gogobetetze-mailak % 43,2 eta % 45,9 dira, hurrenez hurren.

EAEko landunen laurdenaren baino gehiagoren hitzetan (% 26,7), zailtasun handiak dituzte lana egiten eta aldi berean adingabeak zaintzen eta jarduera pertsonalak egiten. Zailtasun-maila handi hori landunen % 25,6tan gertatzen da mendeko senitartekoak zaindu behar dituzten kasuan. Era berean, landunen % 23,3ri lan ordaindua egiten emandako denborak kudeaketa burokratikoak egitea nabarmen oztopatzen dio, eta bostetik ia batek –zehazki, % 19,2k– adierazi du zailtasun handiz baino ezin dituela egin etxeko lanak.

Langile enplegatzaileek eta autonomoek landunek baino zailtasun-maila apur bat handiagoak dituzte lan-bizitza eta familia-bizitza bateragarri egiteko. Horrela, % 28,9k eta % 36,3k (hurrenez hurren) aitortu du zailtasun handiak dituela seme-alaba adingabeak zaintzeko, eta herenari (gutxi gorabehera) ere oso zaila egiten zaio soilik pertsonalak diren jarduerak egiteko edo etxeko lanak egiten laguntzeko denbora edukitzea.

Globalki, EAEko landunek lan ordaindua eta bizitza pertsonala eta familia-bizitza bateragarri egiteko duten zailtasun-maila 3,8 puntutara iristen da, gehienekoa 10 izanik eta 10 puntuk uztartzea erabat ezinezkoa dela esan nahi duela kontuan hartuz. Bizkaia batezbestekotik gertu dago, Arabak zailtasun-maila txikiena du (2,9 puntu), eta Gipuzkoak, ostera, handiena, 4,2 punturekin.

Bi bikotekideek lan egiten duten etxeetan edo guraso bakarreko etxeetan, adingabeen zaintza aitaren edo amaren lanalditik kanpo geratzen denean, kasuen % 77tan aitak eta amak hartzen dute beren gain zaintza-lan hori bereziki; alabaina, kasuen % 1,6tan baino ez du aitak hartzen nagusiki zaintza-lan horren ardura, eta ehuneko hori % 11,1era igotzen da zaintza-lana amak hartzen duenean bere gain nagusiki.

Etxe horietan, lanaldian eta eskola-ordutegitik kanpo seme-alabak zaintzeari gagozkiola, kasuen % 52tan senitartekoren batek edo ordaindu gabeko pertsonaren batek hartu ohi du adingabeak zaintzeko ardura nagusiki, % 22,4tan, ostera, bi bikotekideek hartzen dute seme-alabak zaintzeko erantzukizuna

Estadistika taulak

Euskadi, auzolana