Arduratsu jokatzeko eta egunero berdintasuna transmititzeko eskatzen die helduei Emakundek, martxoaren 8rako eginiko kanpainan
2018.eko otsailak 26
- “Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna”: horra aurtengo kanpainaren leloa, non helduen jarrerak (nonahi agertzen dituztenak: etxean, kalean, interneten, telebistan…) kopiatzen dituzten neska mutikoak baitira protagonistak.
- Ideia hau azpimarratzen du: berdintasuna etengabe irakatsi behar da, belaunaldi berriek besteak beste etxeko lanen eta besteen zaintzaren ardura partekatuarekin lotutako mezuak jaso ditzaten.
Emakundek aurtengo emakumearen nazioarteko egunerako –martxoak 8–diseinatutako kanpainak zera eskatzen die pertsona helduei: belaunaldi gazteagoekin arduratsu jokatzeko eta egunero transmititzeko berdintasuna bizitzaren arlo guztietan. Hala, “Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna” lelopean, neskatilak eta mutikoak ditu protagonista, haien bidez gogorazten baitigu ikastaldi baten fruitu direla haien jarrerak, balioak, bizitzaren ikuspegia…
Sentsibilizazio-kanpainak azpimarratzen duenez, berdintasunean oinarritutako balioak ez dira berez sortzen; berdintasuna ikasi egiten da, beste balio, jarrera edo gizartean jokatzeko modu batzuk ikasten diren bezala, eta, horrenbestez, pertsonen sozializatzearekin zerikusia duten eragile guztiek erantzukizun handia dute berdintasuna eta eredu berdintzaileak irakasterakoan, eta, zentzu horretan, bereziki belaunaldi gazteengan jarri behar dute arreta.
Izan ere, kanpainaren aurkezpenean, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak azaldu duenez, “ezin dugu gizarte berdintzailea eraiki, baldin eta eskolak, gurasoek, komunikabideek, enpresek, eta azken finean gizartea osatzen dugun pertsona guztiok ez badugu erakusten, gure mezuen bidez, eta batez ere gure ekintzen bidez, errespetuan, pertsonen eskubideetan eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunetan oinarritutako balioak”. Landaidak defendatu du, ildo horretan, gure gizartean berdintasunaren aurkako inertzia indartsuak finkatuta daudela kontuan hartuta, “berdintasuna irakatsi ezean, azkenean, desberdintasuna ikasten dela”.
Zenbait egoera erakusten du kanpainak: esate baterako, gizonak etxeko lanak egiten eta seme-alabak zaintzen, arlo bietan ardura parteka dezaten eta jarraitu beharreko eredu bilaka daitezen; edo beste egoera batzuk non emakumeak protagonistak diren gizonak nagusi diren eremuetan, esaterako, teknologian edo zientzian, eremu horietan ere emakumeak erreferentetzat jo ditzaten belaunaldi berriek. Hala, bada, kanpainak azpimarratzen du zer garrantzitsuak diren helduek etxean, eskolan, kalean, telebistan edo interneten etxeko gazteei transmititzen dizkieten ereduak eta jarrerak.
Aurten, Emakunde- Emakumearen Euskal Erakundearen sorreraren 30. urtemugarekin bat egiten du kanpainak, eta txartelez gain, irratiko iragarkiak, iragarki-bandak eta bideo bat biltzen ditu. Otsailaren 27a eta martxoaren 13a bitartean garatuko da, kanpoko euskarrietan, komunikabideetan eta sare sozialetan. Horrez gain, kartelak bidali dira erakundeetara, ikastetxetara, osasun zentroetara, elkarteetara, enpresetara, kultura-etxeetara, liburutegietara, eta abar.
Orobat, eta egunero belaunaldi berriei berdintasuna irakasten dieten bestelako jarrerak eta ekintzak erakuste aldera, herritarrak gonbidatuko dira sare sozialetan traola hau erabiltzera: #EnseñoIgualdad #BerdintasunaIrakastenDut