Adineko emakumeek jasaten duten indarkeria ezkutuena ikusarazteko kanpaina egin du Emakundek

2020.eko azaroak 09

  • Entzunez gero, ikusiko duzu” da kanpainaren leloa eta gaur hasi eta Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna den azaroaren 25era arte zabalduko da
  • Kanpainak jasotzen dituen lekukotzak benetakoak dira, 55 eta 79 urte bitarteko emakumeekin egindako prozesu baten emaitza, eta gogorra eta zaila izan da haien esperientziak kontatzea

 

Izaskun Landaidak eta Zuriñe Elordik,  Emakundeko zuzendariak eta idazkari nagusiak hurrenez hurren, azaroaren 25a, Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna, dela eta diseinatutako kanpaina aurkeztu dute gaur goizean. Emakundek eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Sailak bultzatutako kanpaina hau ez da ohiko kanpaina bat; izan ere, Emakundek 55 eta 79 urte bitarteko emakumeekin egin duen prozesu baten emaitza da, eta urte askoan bizi izandako indarkeria ezberdinen benetako testigantzekin eratu da. Emakumeak eurak dira kanpainaren protagonistak, eta eurek hautatu dute kanpainaren mezu nagusia zein izan behar duen: euren ikusezintasunarekin bukatzea eta gizarteari dei bat egitea bizi izan dituzten eta bizi dituzten egoerei adi egon dadin.

Kanpainaren leloa da "Entzunez gero, ikusiko duzu. Soilik adi dagoen gizarte batek antzeman dezake indarkeria ezkutuena ", eta gizartea sentsibilizatu nahi du eta enpatia areagotu adineko emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan, bereziki kontuan hartuta haien egoeraren zaurgarritasuna, besteak beste, biktimak ikusezinak direlako. Kanpainak, zentzu horretan, lagundu nahi du kasuak detektatzen eta emakume nagusiei errazten baliabide espezializatuetara gerturatzea.

Kanpainaren helburua da erakustea genero-indarkeria hainbat adinetako emakumek jasaten dutela (ez bakarrik emakume gazteek edo adin ertainekoek, komunikabideek eta kanpaina instituzionalek nagusiki nabarmendu izan duten bezala), baita adineko emakumeak ere. Eta honekin batera, adineko emakumeen aurkako indarkeriak bere berezitasunak dituela: ikusezintasuna; sistema patriarkal batean sozializatuak izana, non senarrei baimena eskatu behar zieten atzerrira joateko, lan egiteko edo banketxean kontu korronte bat irekitzeko; kasu gehienetan, autonomia ekonomikorik eza; euren garaiko gizarteak genero-indarkeria aintzat hartu ez izana, bizitza oso bat beste pertsonak zaintzen egon izana… Adineko emakumeak askotarikoak izan arren eta guztiak profil berekoak ez izan arren, adinak euren zaurgarritasunean eragina du.

Kanpainak 55 eta 79 urte bitarteko zazpi emakumeren testigantzak erabili ditu. Zazpi horietatik bik, indarkeria psikologikoaz gain, indarkeria fisikoa ere jasan dute. Euren testigantza ematea ez da batere erraza izan emakume horientzat, baina guztiek "beste emakume batzuei laguntzeko" helburuarekin egin dute. Hauek dira prozesuan zehar jasotako lekukotzetako batzuk:

  • "Edo zure lagunak edo ni" esan zidan. Ahoa irekitzen nuen eta dena iruditzen zitzaion gaizki. Eta gero eta txikiagoa egiten zara.
  • Berak ez zidan inoiz eraso fisikorik egin, baina badira sendatzeko denbora gehiago behar duten orbainak
  • Ez zen kolperik izan, berak ez ninduen jotzen, dena oso arrunta zen, baina bata bestearen atzean. Eta nabaritzen duzu zerbait ez doala ondo, baina ezin diozu izenik jarri.
  • Kontsulta batera joan nintzen, ni erotuta edo zoratuta nengoela pentsatuta. Han esan zidaten tratu txar psikologikoak jasaten nituen emakumea nintzela
  • Nire figurazioak zirela uste nuen. Uste nuen nik aldatu behar nuela, garaitua sentitzen nintzen, kaletik nenbilenean pentsatzen nuen: ez al dit inork lagunduko?
  • Kaletik jarraitzen zidan, Metrotik jarraitzen zidan, jazarpena etengabekoa zen.
  • Laneko afari bat nuenean esaten zidan "Ez dakit zer egin behar duzun hor". Ez nuen onartzen bizitza bat kanpoan izatea.
  • Igual ni kalera  makillatuta ateratzen nintzen, eta horrela zidan: fulanak bakarrik margotzen dira horrela, zoaz etxera aurpegia garbitzera. Eta ni itzuli egiten nintzen.
  • Zaborra jaisten nuen, eta norbaitekin hitz egiten geratuz gero, interfonotik deitzen zidan igotzeko.

Kanpaina azaroaren 9a eta 25a bitartean hedatuko da telebista, irrati, medio off-line ta online eta sare sozialen bidez.

 

 

 

 

 

 
Euskadi, auzolana