BAI SAREA osatzen duten entitateak pandemia garaiko zaintza estrategiak eta jarduerak partekatzen ari dira

Webinar_II__2_.png

2020.eko ekainak 08

Azken hilabeteetan, Emakundek sustatutako eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundeek osatutako BAI SAREA-ko erakundeak lan egiteko modu berrietara egokitu dira, eta, egoerak oso zailak izan arren, aurreikusitako jarduerarekin jarraitu dute, pandemia-garai hauetan zaintza-estrategiak eta -jarduerak partekatuz. Pandemiaren garaian enpresetan aurrera eramandako zainketa-praktikak jasotzeko lanean ari dira, eta laster jakinaraziko dituzte, buletin baten bidez.

Hausnarketa norberaren bizitza eta lana uztartzeko neurrietatik harago doa, eta erakundeetan eta erakundeen artean elkar zaintzearen ideiara zabaltzen da. Hain zuzen ere, elkar zaintzea da sare horren ezaugarrietako bat; izan ere, sarea sortu zen erakundeak beren artean laguntzeko, beren esperientziak partekatzeko eta, betiere, kontuan edukitzeko pertsonak direla erakunde guztien egituren eta funtzionamenduaren erdigunea, eta, beraz, haien erabakien erdigunean ere egon behar dutela.

Emakundek ematen duen Berdintasunerako Lankidetza bereizgarria duten 63 erakundek osatutako erakundeen sareak lankidetza-gune bat izatea du helburu, erakundeetako berdintasun-planek lan-merkatuko genero-arrakalak murrizteko duten eragina biderkatzeko.

 
Euskadi, auzolana