Begira sarea bi tresna praktiko lantzen ari da komunikazio eta publizitate ez-sexistan aurrera egiteko

2020-12-17_begira_sarea.jpg

2020.eko abenduak 17

 

• Sarea osatzen duten komunikabideek eta publizitate-agentziek baliabide horiek aztertzeko tailer batean parte hartu dute gaur
• Emakundek bultzatutako sarea emakumeen kontrako indarkeriaren tratamendua lantzen ari da azken bi urtetan


Emakundek bultzatzen duen publizitate eta komunikazio ez sexistarako Begira sareak hamalaugarren jardunaldia ospatu du gaur, on line formatuan.

Bilera praktikoa izan da, emakumeen eta nesken aurkako sexu-indarkeriari buruzko informazio-tratamenduan eta genero-ikuspegiko publizitate-sorkuntzan aurrera egiteko bi tresna baliagarri ebaluatu baitira.

Jardunaldia komunikabideei eta publizitate-agentziei zuzendutako saio bitan banatu da. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak aurkeztu ditu biak, eta bileraren helburuak azaldu ditu: "Aurten, aurrekoan bezala, lantzen ari garen gai nagusia emakumeen aurkako indarkeria da. Zehazki, publizitatean duen irudikapena eta sexu-indarkeria kasuetan ematen den tratamendu informatiboa, eta nola egin behar den hori genero-ikuspegiarekin". Landaidak Begira sareko hedabide eta agentzien inplikazioa eta konpromisoa azpimarratu ditu. "Beharrezko eragileak zarete, gure gizartean hain beharrezkoa den balio-aldaketaren lorpenean funtsezko eragileak zarete. Zuen lana oso garrantzitsua da berdintasunerako".

Saioaren lehen zatian hedabideetako ordezkariek hartu dute parte, eta Norma Vazquez Sortzen-eko zuzendariak zuzendu du. Psikologoak komunikabideetan emakumeen aurkako sexu-indarkeriari buruzko edukiak behar bezala tratatzeko gida aurkeztu du. Begira sareak azken urtean egindako lanaren emaitza den tresna hori prototipo-fasean dago oraindik, eta bertaratu diren hedabideek aztertu dute.

Jardunaldiaren bigarren zatia publizitate agentziei zuzenduta egon da, Pablo Vidal Vanaclocha Begira Batzordeko adituaren eskutik. Atal honetan, beste baliabide praktiko bat ere aurkeztu da, bertaratutako agentziekin eztabaidatu dena: publizitate-piezen sormen-prozesuan genero-ikuspegia txertatzeko tresna praktikoa.

Jardunaldi honetan garatutako lantaldeek beste aurrerapauso bat eman dute Emakunderen ekimen honen helburuan, publizitatean eta komunikazioan sexuagatiko diskriminazio oro ezabatzeko, oraingo honetan emakumeen aurkako indarkeria ardatz hartuta. Horrela, bi saioetako ondorioak eta ekarpenak datorren urtean aurkeztuko diren bi tresnen azken bertsioetan jasoko dira.

 
Euskadi, auzolana