Emakundek Garapenerako Nazio Batuen Programak (PNUD) Covid-19 eta generoari buruz antolatutako topaketa batean parte hartu du

webinar_PNUD.JPG

2020.eko maiatzak 29

  • Izaskun Landaida zuzendariak "Covid-19, el desafío de las ciudades con lentes de género" online topaketan parte hartu zuen atzo
  • Azaldu zuenez, EAEn emakumeen aurkako indarkeria matxistaren inguruan aspaldi sortutako koordinazio tresnek posible egin dute era egokian erantzutea aurretik ezagutu gabeko egoera bati

 

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak Garapenerako Nazio Batuen Programak (PNUD) antolatutako "Covid-19, el desafío de las ciudades con lentes de género" webinarrean parte hartu zuen atzo. Webinar hau COVID-19 eta Generoari buruzko ziklo baten barruan dago, PNUD delakoak egin duena Latinoamerikarako eta Kariberako, DELGEN Partzuergoaren esparruan. Sei erakundek, Emakunde barne, osatzen dute partzuergo hori, eta honen helburua da tokiko garapen ekonomikoaren eredua zabaltzea, genero-ikuspegia modu jasangarri eta eraginkorrean txertatzeko.

Webinarraren bideoa

Izaskun Landaidarekin batera, honako hauek parte hartu zuten: Stefan Liller, PNUD Uruguaiko ordezkaria; Solana Quesada, Montevideoko Genero Berdintasunerako Aholkularitzako zuzendaria; Sonia Ruiz, Bartzelonako Udaleko Genero Zerbitzuen eta Denboraren Politiken zuzendaria; Carmen Miralles, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Giza Geografiako irakasle titularra.

Landaidak adierazi zuenez, 2001ean lehen aldiz sinatu zen Emakume Biktimen Arreta Hobetzeko Erakunde arteko Akordioaren bitartez erakundeen artean egindako lankidetza-lan luzeak ahalbidetu du erakunde guztien arteko erantzun koordinatua berehala aktibatzea, inoiz gertatu ez den egoera horren aurrean. Zentzu horretan, adierazi zuenez, "neurri batean, sortutako egitura probatzeko balio izan du, eta beti etengabeko hobekuntza-prozesuetan gaudela ahaztu gabe, agertoki berri honetan erantzuteko gai izan da". Hala eta guztiz ere, azaldu zuenez, "lanean jarraitu behar dugu, erne, eta adi egon behar dugu".

Landaidak azaldu zuen zeintzuk izan diren euskal erakundeen jarduerak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez krisialdi honetan". Ildo horretan, azpimarratu zuen lehentasunetako bat izan dela bermatzea emakumeen aurkako indarkeria matxistaren kasuetarako arreta-zerbitzuen funtzionamendua eta biktima guztiek zerbitzu horietarako sarbidea izatea, haien aniztasuna kontuan hartuta.

Azaldu zuen bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan zerbitzu horiek osasun-eskakizunetara egokituta funtzionatu dute, eta Emakundek, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko eta berdintasun-politikak bultzatzeko eta koordinatzeko ardura duen heinean, inplikatutako gainerako erakundeekin lankidetzan (udalak, aldundiak, Jaurlaritzako sailak), arlo horretako maila anitzeko erakunde-erantzuna koordinatu du, bai eta zabaldu eta herritarren eskura jarri ere.  

Landaidak jakinarazi zuenez, emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako jarduerekin batera, eta pandemiari emandako erantzunean genero-ikuspegia modu integralean txertatzeko ideia indartzeko helburuarekin, nazioarteko eta Europako erakunde nagusiek gomendatu duten bezala, Covid-19a eta berdintasunari buruzko webgune espezifiko bat sortu da, zeinean, gomendio horiez gain, nazioarteko erakundeek gai horri buruz argitaratutako materialak ere jasotzen diren, NBE Emakumeak, PNUD edo UNFPA, artean

 
Euskadi, auzolana