Emakundek ohartarazi du emakumeen aurkako indarkeriari buruzko datuak "izozmendiaren punta" direla

punto.lila.jpg

2020.eko azaroak 25

  • Institutuak "Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko datuak 2019" txostena argitaratu du gaur bere webgunean, estatistika-datuak testuinguruan kokatu eta interpretatzen dituena.
  • 2019an, Ertzaintzak 5.518 indarkeria matxista kasu erregistratu zituen, eta EAEko 4.419 emakumeri eragin zieten.
  • Emakundeko zuzendariak gizarteari eskatu dio indarkeriaren biktima diren emakumeei adi egoteko eta haiei babesa emateko.

 

Emakundek/Emakumearen Euskal Erakundeak Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, indarkeria sexistaren ondorioz erailak izan diren emakumeak gogoratu ditu eta bere laguntza eta babesa eskaini die beraien senitarteko eta inguruko pertsonei. Gainera, gaur egun indarkeria-egoera desberdinei aurre egiten ari diren emakumeengan jarri nahi du arreta Institutuak, eta gizartea haiekin dagoela adierazi nahi die. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak "indarkeriaren biktima diren emakumeei adi egoteko, babesa emateko eta laguntzeko" eskatu dio gizarteari, eta azaroaren 25ean "publikoki erakusteko emakumeen aurkako indarkeria gaitzesten dutela eta indarkeria pairatzen ari direnei babesa ematen dietela", betiere osasun protokoloak errespetatuz. Ildo horretan, iradoki du hori egiteko moduetako bat indarkeria-mota horren arbuioa sinbolizatzen duen puntu lilaren irudia erakustea dela. (Hemen deskarga daiteke).

Halaber, eskerrak eman dizkie emakume biktimak hainbat espazio eta zerbitzutatik esku-hartzen dituzten profesional guztiei. Eta, bereziki, indarkeriatik bizirik atera diren eta beren testigantza publiko egin duten emakumeei, beste emakume batzuei laguntza handia eskaintzen dietelako. Horregatik, eskerrak eman dizkie bereziki "Entzunez gero, ikusiko duzu" aurtengo kanpainan euren testigantzekin parte hartu duten emakume biktimei.

2019ko txostena

Emakundek "Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko 2019ko datuak" txostena argitaratu du gaur bere webgunean. Txosten horretan, datuen testuingurua azaldu eta haien interpretazioa egiten da. Landaidak gogorarazi du argitara ateratzen diren emakumeen aurkako indarkeriari buruzko datuak arazo larri eta estruktural baten "izozmendiaren punta" direla, eta kasu asko ezkutuan geratzen direla. Txostenak, zehazki, jasotzen duen kalkulua da indarkeria jasaten duten emakumeen % 48 inguruk ez duela poliziarengana, epaitegira edo laguntza-zerbitzuren batera jo. Ildo horretan, Emakundeko zuzendariak gogorarazi du gizarte osoaren erantzukizuna dela indarkeria jasaten duten eta hari aurre egiten dioten emakumeei laguntzeko baldintza egokiak sortzen laguntzea. Horrela, emakumeek beren kasuak profesionalen eskuetan jar ditzaten lagunduko dute.

Txostenak jasotzen duenez, 2019an Ertzaintzak emakumeen aurkako 5.518 indarkeria kasu erregistratu ditu EAEn, eta 4.419 emakumeri eragin die. Indarkeria motari dagokionez, emakume horien % 70,11k genero-indarkeria pairatu dute (bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindako indarkeria), % 20,34k familia-eremuko indarkeria (bikotekideak ez diren familiako beste gizon batzuek eragindakoa, gehienak semeak) eta emakume horien % 9,55ek familiatik kanpoko sexu-indarkeria jasan dute.

Horiek dira emakumeen aurkako indarkeriaren hiru modu ohikoenak, baina gehiago daude, kasu askotan ikusezinagoak direnak, hala nola ziber-jazarpen sexista, sexu-jazarpena eta jazarpen sexista lan-eremuan edo sexu-esplotaziorako salerosketa, besteak beste.

Adinari dagokionez, salaketa jartzen duten emakumeen % 10,6 dira 18 urtetik beherakoak, % 28.1 dira 18 eta 30 urte bitartekoak, % 47,2 dira 31 eta 50 urte bitartekoak eta % 14,1 dira 50 urtetik gorakoak. Indarkeria mota bakoitzaren arabera, adinaren portzentaiak ezberdinak dira, txostenean bertan jasotzen diren datuek islatzen dutenez

Emakundeko zuzendariak gogorarazi du emakumeen aurkako indarkeria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren sinbolorik bortitzena dela gure gizartean, eta, horregatik, berdintasun-politikak aldarrikatu ditu funtsezko tresna bezla egiturazko arazo honekin amaitzeko.

 
Euskadi, auzolana