Enpresetan generoaren balioa neurtzeko kontabilitate-eredu bat sortu dute Emakundek lagundutako ikerketa baten baitan

2020.eko otsailak 17

  • GWEI [Gender Wage Equality Index] izeneko indize sintetiko bat sortu da, balio-banaketaren oreka genero-ikuspegitik aztertzea ahalbidetzen duena.
  • Sortutako kontabilitate-eredua enpresa eta erakunde mota guztietan erabiltzeko helburuaz diseinatutako kalkulu-orri batean oinarritzen da.

 

"Erakundeetan generoaren balio soziala diru-unitateetan kuantifikatzea: analisi eta esku-hartze proposamen integrala" azterlana Deustuko Unibertsitateko irakasle Leire Gartziak eta irakasle José Luis Retolazak garatu dute, eta Emakundek urtero ematen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerketa-lanei emandako bekari esker egin da.

Azterketa horren abiapuntua izan da enpresek eta erakundeek ez dutela tresna egokirik genero-orekaren egoera eta berdintasunaren arloan lortutako aurrerapenak ikusarazteko. Adibide gisa, Ibex-35eko 16 enpresek 2018ko txosten ez-finantzarioetan soldata-arrakalari buruzko informazioa emateko 9 metodologia desberdin erabili dituzte; horren ondorioz, emaitzen irakurketa ez da homogeneoa, eta, beraz, ezin da konparatu.

Azterlanaren helburua, beraz, gizarte-kontabilitatearen esparruan kontabilitate analitikoa genero-ikuspegitik egitea ahalbidetuko duen eredu bat garatzea izan da. Erakunde batek sortutako balioaren banaketa aztertu ahal izatea du helburu, balio hori jasotzen duten pertsonen generoaren arabera. Hizkuntza monetario-ekonomikoa erakunde eta enpresa pribatuetan ohikoa denez, azterlanak praktikan erraz aplikatzeko tresna bat aurkezten du, diruaren ikuspegitik, erakundeek berdintasunaren arloan sortutako balio soziala ikusarazten laguntzeko.

Ikerketa-lanaren lehen emaitzetako bat GWEI [Gender Wage Equality Index] izeneko indize sintetiko bat sortzea izan da, balio-banaketaren oreka genero-ikuspegitik aztertzea ahalbidetzen duena.

Ordainsarien orekari buruzko indizearen bidez, benetako GWEI bat lor daiteke, gizonen eta emakumeen arteko egungo banaketaren araberakoa; eta GWEI ideal bat, emakume eta gizon langileen arteko ratioaren oreka optimoaren araberakoa.

Azterlanetik lortutako kontabilitate-eredua enpresa eta erakunde mota guztietan erabiltzeko helburuaz diseinatutako kalkulu-orri batean oinarritzen da. Tresna honen funtsezko erabilgarritasuna ez da soilik entitate bakoitzak genero-berdintasunari dagokionez duen egoera bistaratzea; baizik eta genero-berdintasuna balioaren sorrera eta banaketarekin konektatzea ahalbidetuko duen tresna bat izatea, enpresaren estrategiara eramateko.

 
Euskadi, auzolana