Berdintasunean giltzarri diren bost esparru estrategiko nabarmendu ditu Emakundek Pontevedran egindako politika publikoei buruzko estatu-bileran

IMG_20211014_152028.jpg

2021-10-14

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak Pontevedrako Diputazioak antolatutako Politika Publikoei buruzko Estatu Topaketaren lehen egunean parte hartu du gaur. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari Eva Isturizekin eta Asturiasko Printzerriko Gobernuko Berdintasuneko zuzendari nagusi Nuria Varelarekin partekatu duen mahai batean, euskal berdintasun-politiken errepasoa egin du Landaidak, eta bereziki azpimarratu du 2005ean onartutako Emakumeen Berdintasunerako Legea, Eusko Legebiltzarrak aurten onartuko duena. Nabarmendu duenez, aldaketa horrek bi helburu nagusi ditu: batetik, berdintasun-politikak eta indarkeria matxistaren aurkako politikak indartzea; eta, bestetik, araudia testuinguru arauemaile eta sozial berrira egokitzea, bereziki emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako prebentzioari eta borrokari buruzko Istanbulgo Hitzarmenera, genero-arrazoiengatiko diskriminazioaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren arteko lotura indartzen duena.

Landaidak berdintasun-politiken etorkizuneko erronketan jarri du begirada, eta aldaketa-palanka estrategikoei buruz hitz egin du, horiek aktibatzea edo bultzatzen jarraitzea beharrezkoa baita. Zehazki, bere izaera eraldatzailea dela-eta giltzarritzat jotzen dituen bost esparru nabarmendu ditu: bizitzaren jasangarritasunean aurrera egiteko zaintzak ikusaraztea, baloratzea eta banatzea; emakumeek lan-merkatuan baldintza duinetan duten parte-hartzea areagotzea, haien autonomia ekonomikoa bermatzeko; berdintasunaren irakaskuntza sistematizatzea hezkuntza-eremuan; gizonek berdintasunarekiko duten konpromisoa sustatzea, emakumeen ahalduntzearen osagarri gisa; eta herritar eta erakunde guztiek berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko gizarte baten eraikuntzan parte hartzea.

Landaidak, halaber, ohartarazi du atzera egiteko arriskua dagoela; izan ere, azaldu duenez, “ultraeskuina erakundeetan sartzearekin batera, dagoeneko gainditutzat jotzen ziren eztabaidak zabaltzen ari dira, eta zalantzan jartzen ari dira adostuta zeuden eta ekintza-batasuna zuten emakumeen eskubideetan egindako aurrerapenak”. Bere ustez, “erne egon behar dugu errealitate horren aurrean, eta horri aurre egiteko berdintasun-politika publiko indartsuak eta batasuna behar ditugu, aliantzak eta itun estrategikoak oinarri hartuta”.

 
Euskadi, auzolana