Emakumeen aurkako indarkeria publikoki gaitzesteko deia egin dio Emakundek gizarteari

2021-11-25

Emakunde/Emakumearen Euskal Erakundeak emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako eguneroko jarrera aktiboa izatera animatu du gizartea, eta gaur, azaroak 25, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, emakumeen aurkako indarkeria gaitzesten dutela adieraztera, erakundeek eta gizarte-mugimenduek antolatutako ekintzetan parte hartuz, betiere osasun-neurriak errespetatuz, edo indarkeria-mota horren gaitzespena sinbolizatzen duen puntu lila erakutsiz. (Hemen deskarga daiteke).

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidaren hitzetan, “gizarte honek aurrerapauso asko eman ditu sentsibilizazioan, arretan, prebentzioan eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabe eta berdintasunean bizitzeko eskubidea aldarrikatzen du. Badakigu bide luzea dugula egiteko, eta indarkeria matxistarik gabeko berdintasunezko gizartea lortzeko lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu”. Gogorarazi duenez, emakumeen aurkako indarkeria da gure gizartean emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren sinbolorik gogorrena, eta, beraz, berdintasun-politikak aldarrikatu ditu egiturazko arazo horrekin amaitzeko funtsezko tresna gisa.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak parte hartuko du gaur Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarraren egoitzaren aurrean 12:00etan deitutako elkarretaratzean eta mugimendu feministak Bilboko Jesusen Bihotza plazan 19:30etan deitutako manifestazioan.

 

 

 

 
Euskadi, auzolana