Emakunderen Begira Sareak gida bat prestatu du publizistak genero-ikuspegia duten kanpainak eta iragarkiak sortzera bideratzeko

2021-11-18

  • Lana Pablo Vidal sareko kide eta publizitatean adituak egin du eta gaur bertan aurkeztu du online saio baten bitartez
  • Izaskun Landaidak nabarmendu du oso garrantzitsua dela publizitatean rol eta estereotipo sexistak saihestea eta errealitatearekin bat datorren gizartearen irudia erakustea.

 

Komunikazio eta publizitate ez-sexista lortzeko lan egiten duen Emakunderen Begira Sareak hamaseigarren topaketa egin du gaur goizean: "Nola hobetu publizitate-sormena genero-ikuspegiarekin". Horixe da, hain zuzen ere, publizitatean aditu, EHUko doktore eta Begira batzordeko kide Pablo Vidalek aurkeztu duen gidaren izenburua. Eskuliburu honen bitartez publizitate sortzileeo sormen-prozesuan genero-ikuspegia txertatzeko orientabidea eskaini nahi zaie.

Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, hasiera eman dio jardunaldiari Lucía Martínezen Odriozolaren figura gogoratuz. Aurtengo abuztuan hil aurretik sarean aktiboki parte hartu zuen kazetariak. Era berean, eskerrak eman dizkie parte hartzeagatik publizitate-agentziei eta gaur jardunaldian parte hartu duten Publizitateko ikasleei.

Emakundeko zuzendariak azaldu duenez, aurkeztutako gidaren helburua publizitateko profesionalei jarraibide praktiko batzuk eskaintzea da, publizitate-sormenari eta haren prozesuei genero-ikuspegiarekin nola heldu azaltzeko. Horrela, sormen tradizionalari alternatibak planteatzea proposatzen du gidak, gure egungo gizartearen benetako aniztasuna islatzen dutenak. Landaidaren hitzetan, “publizitateak errealitatearen gure iruditeriaren eraikuntzan duen eragina garrantzi handikoa da, eta, beraz, uste dugu garrantzitsua dela esparru honetan rol eta estereotipo sexistak saihestea eta errealitatearekin bat datorren gizartearen irudia proposatzea”.

Briefingean, sormen-estrategian eta mezu-estrategian aplikatzea errazten duten hausnarketa-blokeez gain, eskuliburuak sormen-prozesuaren amaierako check list bat jasotzen du, erabat praktikoa den kontraste-tresna bat izateko asmoa duena.

Material hau Begirak publizitate-agentziei euren zeregin profesionala genero-ikuspegitik egiten laguntzeko tresnak sortzeko konpromisoaren parte da.

 
Euskadi, auzolana