Genero ikuspegiaz egindako kazetaritzari egin dio aitortza 2021eko Emakunde sariak

2021-12-21

  • Lucía Martínez Odriozola (hil ondoren), Berria egunkaria eta Pikara Magazine aldizkaria dira sarituak, emakumeen eta gizonen berdintasunarekin konprometitutako kazetaritza egiteagatik
  • Epaimahaiak aitorpena luzatu die genero-ikuspegia txertatzen duen kalitatezko kazetaritza sustatzen duten komunikazio arloko beste profesionalei

 

2021eko Emakunde Saria genero-ikuspegia txertatzen duen eta emakumeen eta gizonen berdintasunarekin konprometituta dagoen kazetaritzarentzat izan da. Epaimahaiak saria eman die genero-ikuspegia presente duten kazetaritza prestakuntza eta haren aplikazio praktikoa (bai orotariko komunikabidetan zein espezializatuetan) egiten duten hiru figura ezberdinei: saritutako hautagaiak EHUko Informazio Zientzien Fakultateko irakaslea eta kazetaria zen Lucía Martínez Odriozola (hil ondoren), Berria egunkaria eta Pikara Magazine aldizkaria izan dira. Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak adierazi duen bezala, “Ezinbestekoa den genero ikuspegia txertatua duen formakuntzatik, aplikazio praktikora dagoen bidea saritu da”. Sari partekatua emakumeen eta gizonen berdintasunarekin konprometitutako komunikazio eta kazetaritzaren alde egindako ekarpenagatik eman zaie, kazetaritza-zereginean ikuspegi feminista eta genero-ikuspegia sustatzeagatik.

Bereziki, Lucía Martínez Odriozolak arlo akademikoari eta kazetaritzari egindako ekarpen aitzindari eta erreferentziala nabarmendu du epaimahaiak, bai eta kazetaritza generalistari eta kazetaritza espezializatuari egindako ekarpena ere. EHUko Informazio Zientzien Fakultateko irakaslea, Genero ikuspegia duen Kazetarien Euskal sarearen sustatzailea eta Pikara Magazineren sortzailea izan zen. Epaimahaiak nabarmendu du, gainera, Emakundeko Begira, Publizitate eta Komunikazio ez-sexistarako Aholku Batzordeko kidea izan zela 2013tik, eta, bertan, bere trebetasuna eta ezagutza eskaini zituela hil zen arte.

Pikara Magazine aldizkaria, bestalde, aldizkari feminista da, eta epaimahaiaren arabera, erreferentziazko gune bihurtu da giza eskubideekiko konpromisoagatik, batez ere berdintasunarekiko konpromisoagatik, emakumeen mugimenduen jardueren dokumentazioarekiko konpromisoagatik, eta emakumeek hedabideetan parte hartzeko, eztabaidatzeko, komunikatzeko trebetasunak hobetzeko eta sare sozialen erabilera deskubritzeko eskaintzen dituen aukerengatik. Era berean, Euskadin komunikazio eta publizitate ez-sexistarako kode deontologikoari eta autorregulazio-kodeari atxikitzeko sarearen parte dira.

Azkenik, Berria egunkariak berdintasunarekin eta feminismoarekin duen konpromisoa nabarmendu du epaimahaiak, genero-ikuspegia erredakzio-lanean eguneroko praktika gisa txertatzen duen kalitatezko informazioaren bidez. Bereziki nabarmentzekoa da indarkeria matxisten tratamenduari egiten dioten ekarpena. Estilo-liburuak egin ditu, berdintasun-planak diseinatu ditu, Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde gisa aitortu du, eta Begira Komunikazio eta Publizitate ez Sexisten Kode Deontologikoaren sareko kide da eta BAI Sareako kide ere bai, biak Emakundek sustatuak. Ildo horretan, epaimahaiak nabarmendu du jardunbide egoki horiek guztiak erreferentzialak direla orotariko gainerako komunikabideentzat.

Era berean, sari honen bidez, epaimahaiak aitorpen publikoa luzatu nahi die egunero berdintasunarekiko konpromisoa erakusten duten komunikazioko beste profesional batzuei eta ikuspegi feminista eta genero-ikuspegia txertatzen duen kalitatezko kazetaritza sustatzen lan egiten duten hedabide guztiei.

Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea. Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da.  Kasu honetan, hiru hautagaitzen artean banatuko da.

 
Euskadi, auzolana