Zaintza bizitzaren erdigunean jartzeko beharra aldarrikatu dute Emakundek antolatutako EHUren udako ikastaroan

2021-06-24

  • Maria Angeles Duranek zuzendutako "Nork zaintzen du? Zaintzaren antolaketa sozialaren inguruko ekarpenak " argitalpena aurkeztu da
  • Zaintzaren ikusezintasunaren, desbalorizazioaren eta feminizazioaren aurrean gaiari buruzko hausnarketa sakona behar dela azpimarratu du Izaskun Landaida zuzendariak

 

Emakundek EHUren Udako Ikastaroen barruan antolatutako "Bizitzaren zaintza erdigunean jarriko duen gizarte baterantz urratsak" ikastaroan, zaintzari buruzko adituen hausnarketak jasotzen dituen argitalpen bat aurkeztu du: "Nork zaintzen du? Zaintzaren antolaketa sozialari buruzko ekarpenak" izenekoa. Maria Angeles Duran soziologiako katedradunak eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko ikerketa-irakasleak koordinatu duen lana zaintzari buruzko zazpi artikuluz osatua dago. Argitalpen honetan, besteak beste, honako gai hauek jorratzen dira: zaintzaren banaketan dauden desberdintasun argiak, emakumeen desabantaila sozioekonomikoa indartzen dutenak; zaintza pandemia garaian; edota zaintza zentroan jartzen duten antolaketa-modu alternatiboen proposamenak.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak aipatu duenez, zaintzari buruzko hausnarketa sakon bat beharrezkoa da, eta horregatik antolatu du Emakundek aurten zaintzari buruzko ikastaroa, eta egin du zaintzari buruzko argitalpena eta zaintzari buruzko martxoak 8ko kanpaina, besteak beste. Landaidaren esanetan, Covid19ak eragindako pandemiak inoiz baino ageriago utzi ditu zenbait gauza zaintzaren inguruan: “Zaintza lanen garrantzia, zaintzarik gabe gizarte honek ezin duelako aurrera egin; zaintza lanen ikusezintasuna, oso garrantzizkoak izan arren, ez direlako ikusten; zaintza lanen desbalorizazioa; eta zaintza lanen feminizazioa”.

Landaidaren ustez, “garapen ekonomiko, kultural eta ongizate maila handiko gizarte batek ezin du onartu biztanleriaren zati batek, emakumeek, euren gain hartzea zaintza-lanen ardura gehiena”. Adierazi duenez, “banaketa desorekatu honek emakumeen desabantaila sozioekonomikoa indartzen du, eta mugatu egiten ditu hezkuntzarako, bizitza osasuntsu baterako, bizitza publikorako eta ordaindutako enplegurako dituen aukerak”. Horregatik aldarrikatu du zaintza lanak ikustarazi, balioan jarri eta banatu egin behar direla emakume eta gizonen artean, erakunde eta gizarte osoaren artean.

Maria Angeles Duran, bestalde, politika publikoetan zaintzak suposatzen duen erronkaz aritu da eta aipatu duenez, “zaintzaren inguruko politikak eraginkorrak izateko, lehenik eta behin ados jarri behar gara zaintzaz ulertzen dugunari buruz eta nola neurtzen dugun”. Izan ere, azaldu duenez, ez da gauza bera zaintza zuzenari bakarrik erreparatzea edo zeharkakoari eta askoz zabalagoari ere erreparatzea.

Duranen hitzetan, adinekoen zaintza da erronka nagusietako bat, izan ere, "dituzten pentsioekin adinekoek ezin dute zaintza ordaindu" eta, gizonen kasuan, ez dute zaintzarik erosten "familiako emakumeek doan ematen dietelako".

EUSTATen denboraren erabilerari buruzko datuetan oinarrituta, Duranek ziurtatu du etxeetan janaria prestatzen emandako denbora ordainduko bagenu, EAEko BPGren % 17 izango litzatekeela. Eta ondorioztatu du zaintza zentroan jartzeko beharrezkoa dela zaintza lanak baloratzea eta prestigioa ematea.

Bestalde, Amaia Perez Orozco ekonomian doktore eta ikertzaileak zaintza zer den definitzeko dagoen nahastea aipatu du  eta hori mugatzeko eta definitzeko beharraz hitz egin du. Bere hitzetan, sistemak "ez du zaintza erantzukizun kolektibo gisa hartzen. Bizitza kolokan jartzen duen sistema da, eta zaintza gizartearen zati ikusezin baten esku uzten du ". Horri “sistemaren B aldea" deitu dio, gizarteari eusten diona eta, hala ere, beti arriskuan dagoena. Perez Orozcok "kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazka estrukturala" salatu du.

Mertxe Larrañaga EHUko irakasleak, bestelde, EAEKO adinekoen zaintzen inguruko hausnarketa egin du. Esan duenez, “mendebaldeko ekonomietan adinekoen zaintza etorkizuneko erronka da, batez ere zahartze-prozesuak abiadura hartu duenetik” eta honekin batera, Covid19aren krisiak sistema aldatzeko premia nabarmena azaleratu du. Larrañagak politika publikoen garrantzia azpimarratu du, adineko pertsonen zainketei aurre egiteko.

Bihar ospatuko da ikastaroaren bigarren jardunaldia. Programa.

 
Euskadi, auzolana