Emakume nekazariek sektorearen erabaki guneetan parte hartzeari dagozkion erronkak identifikatu dituzte ikerketa batean

2022-03-15

  • "Ordezkatuak eta ikusgarriak. Nekazal emakumeen parte hartzea eta ordezkaritza sektoreko erabaki guneetan” azterlanari beka eman dio Emakundek
  • Ikerketarako banaka elkarrizketatutako emakumeen %67k jarrera sexistak jasan ditu bilera espazioren batean bere ibilbidean zehar

 

Vitoria-Gasteiz, 2022/03/15

"Ordezkatuak eta ikusgarriak. Nekazal emakumeen parte hartzea eta ordezkaritza sektoreko erabaki guneetan” azterlanaren aurkezpena egin dute gaur goizean Emakunderen egoitzan Leire Milikuak, ikerketaren egileak, eta Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendariak.  Emakundek ikerketa hau lagundu du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerketa-lanei emandako beka deialdiaren barruan. Milikuak nekazal-emakumeek sektoreko erabaki organoetan duten egungo parte hartzea aztertu du espazio horietan dauden edo egon diren emakumeen eskutik, nekazal-emakumeen parte hartze bizipenen kartografia eratuz.

Izaskun Landaidak ikerketen garrantzia azpimarratu du, sektoretako informazio espezializatuan eta ezagutzan sakontzeko, eta beka deialdiaren bitartez “arlo desberdinetan genero-adituak prestatzea” lortzen ari dela azpimarratu du. Landaidak gogora ekarri du 2015ean onartutako Emakume Nekazarien Estatutuaren garrantzia, Estatuan aitzindaria baita; izan ere, besteak beste, emakumeen partaidetza orekatua bultzatu nahi du nekazaritzaren sektorean. Haren onespenaren ondorioz, 2019tik aurrera nekazaritzaren arloan jarduten duten eta laguntza edo diru-laguntza publikoak jaso nahi dituzten elkarte edo erakunde profesional, enpresarial, sindikal edo bestelakoek gutxienez emakume bat izan behar dute zuzendaritza-organoetan, eta 2021az geroztik betebeharra gutxienez % 40ra igo da. Hala, Emakundeko zuzendariak emandako datuen arabera, sektoreko organoen %77,63k oreka hori lortu du, eta azken urtean parte-hartzea % 30 handitu da. Horrela eboluzionatu dute datuek azken urteetan: 2019an organoen % 75,51k emakumeren bat zuten, eta % 21,42k gutxienez % 40ko presentzia. Eta 2021ean jada organoen % 98,02k emakumeren bat zuten, eta % 77,63k gutxienez % 40ko presentzia. Hala ere, Landaidaren arabera, bide luzea dago egiteko, eta azterlanak erakusten duen bezala, "ez da soilik emakumeen arazoa, emakumeek konpondu behar dutena; guztion erantzukizuna da, emakumeena, eragileena eta erakundeena".

Ikerketaren arabera, sektorean aurrera pauso handiak eman dira, bereziki 2015ean Emakume Nekazarien Estatutua onartu zenetik, baina, hala ere, nekazal-emakumeek zailtasunak aurkitzen dituzte erabakiguneetan parte hartzeko. Bakarka elkarrizketatutako emakume gehienak bat datoz sektorea historikoki gizonen mundu bezala irudikatu dela. Emakumeen tokia beti izan dela atzean, etxean, itzalean, eta gizonak izan direla feriara, tratura, ordezkaritzara joan direnak. Guzti hau nahiz eta emakumeen lana giltzarri izan ustiapen askoren bizirautean: izan bertako lan eta ardurak eraman dituztelako, edo horiek eraman dituztenen gainerako lan eta ardurak beraien gain hartu dituztelako.

Honela, sektoreko ordezkaritzan eta erabakigunetan parte hartu zuten lehenengo emakumeek, gehienetan, ez zuten panorama samurra aurkitu, baina gaur egun ere rol sexisten eragina eta erresistentzia asko aurkitzen dituzte. Ikerketarako elkarrizketatutako emakumeen %52k bere esanak jarraitzeko erresistentzia topatu du bilera espazioren batean bere ibilbidean zehar, gizonen esanekin gertatu ez bezala. %67k jarrera sexistak jasan ditu bilera espazioren batean eta %52ak jarrera paternalistak. %81ak, orokorrean, desadostasun baten aurrean gizon eta emakumeek ezberdin erantzuten dutela uste du.

Honekin batera, emakumeen %79ak ahalduntze falta orokortua nabari du sektoreko emakumeen artean. Emakumeen %64ak uste du, orokorrean, sektoreko emakumeek beraien burua ekimenetatik kanpo kokatzen dutela, baztertu egiten direla.

Egoera honen aurrean ikerketak egoera aldatzeko zenbait proposamen egiten ditu. Batzuk, emakumeei beraiei zuzenduak, hala nola, kontzientzia eta konfiantza hartzeko edo emakumeen arteko aliantzak sustatzearen beharra. Beste batzuk sektoreko erakunde eta elkarte mailan bultzatu daitezkeen neurriak dira: elkarlana sustatzea, nekazal-jarduera profesionala duten ustiategiak lehenestea, elkarteen kontzeptua berrikustea edo emakumeentzako espazio propioak sortzea. Eta administrazioentzako proposamenak ere jasotzen ditu: sektorera hurbiltzea, formakuntza berrikustea edo neurriak betearaztea elkarteei.  

 
Euskadi, auzolana