Emakundek gizonekin egiten duen lana indartu du, lege- eta gizarte-testuinguru berriari erantzuteko

Argitalpen-data: 

  • Gizonduz programak, orain Gizonekin eta Maskulinitateekin Berdintasunaren Alde Lan Egiteko Euskal Zerbitzua denak, aurrekontua % 59 handitu du
  • Asmo handiagoko esku-hartzea proposatzen da, berdintasun-politiketan aurrera egiteko funtsezko esparrua dela sinetsita

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur iragarri duenez, bere sailak, Emakunderen bitartez, % 59 handituko du aurten Gizonduz, berdintasunaren aldeko gizonekin eta maskulinitateekin lan egiteko erreferentziazko gobernu-programaren aurrekontua. Sailburuaren hitzetan, arrazoiak honako hauek dira: arau-testuinguru berria, "Berdintasunerako Lege berrituak gizonei zuzendutako ekintzak planteatzen dituelako", gizarte-testuinguru berria, "gero eta joera neomatxista handiagoa dagoelako mundu mailan, desberdintasuna eta genero-indarkeria ukatzen dituena, eta gazteen artean eragina izaten ari dena", eta "sentsibilizazioan eragiten denean emaitzak lortzen direla egiaztatu delako".

Gaurko agerraldian, sailburuarekin eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariarekin batera, Gizonduzeko prestakuntza ekintzetatik igaro diren bi gizon izan dira. Prestakuntza honek euren bizitza eta lanean izan duen eragin baikorra azaldu dute Iñaki Elexalde, Bilboko Udaleko Herritarren Segurtasuneko Zuzendariak eta Iñigo Esnaola, Gasteizko Medizabala Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko irakasleak.

"Ziur gaude gizonekin lan egiteak berdintasunerako bidea errazten laguntzen digula", adierazi du Melgosak. Horrela, Euskadin urte horietan bilakaera positiboa izan da gizonek zaintzari eta etxeko lanei eskainitako lan-ehunekoan (2007ko % 28tik gaur egungo % 33ra) edo gizonek seme-alabak zaintzeko eskatutako eszedentzien erabileran (2007ko % 5etik gaur egungo % 14era).

Sailburuak nabarmendu du, halaber, EAEn berdintasuna garrantzitsua izatearekin ados edo oso ados dauden gizonen kopurua gora egin duela (2007ko % 77tik egungo % 99ra). 

Aurrekontua handitzeaz gain, Gizonduz Gizonekin eta Maskulinitateekin Berdintasunaren Alde Lan Egiteko Euskal Zerbitzu bihurtuko da, bere helburuak eta jardun-eremuak indartuz. "Horrela -gogorarazi du sailburuak- esku-hartze anbiziotsu, integral eta dibertsifikatuagoa lortuko dugu, berdintasun-politikek aurrera egiten lagunduko duena nahikoa landuta ez dagoen eremu batean, nahiz eta berdintasunerako eta justizia sozialerako funtsezko azeleragailua izan".

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak azaldu duenez, orientazio berri honekin, Gizonduz-ek "emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka konprometituta dauden gizonen kopurua handitzeko asmoa azpimarratuko du, bereziki gazteengan eta lidergo postuetan dauden horiengan eraginez". Gainera, Elgarrestak azaldu duenez, etxeko lanetan eta pertsonak zaintzeko lanetan erantzunkidetasuna orokortu nahi da, erakundeekiko lankidetza areagotu, eta jokabide matxistak dituzten gizonei arreta zabaldu, haien portaerak aldatzeko.

"Berdintasuna sustatzeak eta maskulinotasun tradizionala edo patriarkala zalantzan jartzeak, emakumeei ez ezik, gizarte osoari eta gizonei ere egiten die mesede, beren nortasuna modu integralagoan eta genero-estereotipoetatik askeago garatzen laguntzen baitu", berretsi du Elgarrestak.

Ekintza berriak
Aurten, Gizonduz-ek bere jarduera-ildoekin jarraituko du, hala nola prestakuntza- eta sentsibilizazio-programarekin edo Gazteak Berdintasunean proiektuarekin, gazteen artean berdintasuna eta indarkeriaren prebentzioa sustatzera bideratua. Gazteekiko lana indartuko da, adibidez, adingabeekin lan egiten duten profesionalen prestakuntza sustatuz, edota jokabide matxista problematikoak dituzten eta jarrera horiek aldatzeko prest dauden gizonei, bereziki gazteei, arreta emateko esperientzia pilotu bat martxan jarriz. Neurri horiei beste ekintza batzuk gehituko zaizkie, erakunde publikoei eta pribatuei aholkuak emateko, berdintasunaren aldeko maskulinitateekin lotutako proiektuak diseinatzeko.

Halaber, politika publikoetan gizonen eta maskulinitateen ikuspegia txertatzeko jarraibideak biltzen dituen gida bat egingo da, eta profesionalak prestatuko dira kirolaren arloan sentsibilizatzeko. eLankidetza eta NBE Emakumeekiko lankidetza "Dare to Care" nazioarteko proiektuan eta Euskadin maskulinitate tradizionalari lotutako balioak gizonengan, bereziki gazteengan, duten eragina aztertzeko "La Caja de la Masculinidad" azterlana egitea aurreikusten da.

Ekimen aitzindari baten adibideak
Gizonduz 2007an sortu zen Eusko Jaurlaritzaren ekimen aitzindari gisa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak sustatua, gizonen kontzientziazioa, parte-hartzea eta inplikazioa sustatzeko emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde. 16 urte hauetan, prestakuntza-jarduera ugari, kanpainak, jardunaldiak, gazteriarentzako eta kargu politikoentzako proiektu espezifikoak eta estatuko eta nazioarteko hainbat aliantza egin dira.

Prestakuntza-eskaintza osoari dagokionez, 2009ko martxoan jarri zen abian Gizonduz sentsibilizazio- eta prestakuntza-programaren lehen edizioa. Ordutik, 32.000 pertsona inguruk (% 60 gizonak) parte hartu dute eta gogobetetze-maila handiaz gain, aditzera eman dute gaiari buruzko sentsibilizazioa eta ezagutzak nabarmen areagotu dituztela, Emakundeko sailburuari eta zuzendariari aurkezpen honetan lagundu dieten pertsonek adierazi duten bezala

 

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)