Lagun agurgarria:
Badakizunez, Emakunde gizon eta emakumezkoen arteko berdintasuna eremu guztietan lortzeko erakunde publikoa da. Gure jardunak bi ardatz ditu: berdintasunaren aldeko politika publikoak bultzatzea, batetik, eta gizartea bere osotasunean sentsibilizatzea, bestetik.
Testuinguru honetan, Emakundek “Berdintasunerako Gunea” izeneko topaketa martxan jartzea erabaki zuen, emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde lan egiten duten erakundeen, taldeen eta elkarteen lana biltzeko, ikustarazteko eta indartzeko. Berdintasunerako Guneak erakunde publiko eta pribatuek gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako ekimenak koka ditzaten gune aberats eta emankorra izan nahi du.
2004an eman zitzaion hasiera Berdintasunerako Guneari eta urtero ospatu da 2009ra arte (http://www.emakunde.euskadi.net, “sentsibilizazio soziala” arloa). 2009ko edizioa esperientzia positiboa izan zelarik, ildo beretik jarraituko du aurten. Horregatik, ardatz edo gai nagusi bat izango du guneak eta antolatzen diren ekitaldi guztiek, edozein esparru edo arlokoak izanik, ardatz horrekin lotura izan beharko dute, gai hori ikuspegi anitzetik aztertu, hausnartu eta sakonduz.
2010eko ardatz edo gai nagusia honakoa izango da: “Gizarte antolaketa erantzunkiderako denbora berriak”, gizarte antolaketa erantzunkidea Eusko Jaurlaritzaren “EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Plana”-ren zirriborroan jasotzen den bezala ulerturik (www.emakunde.euskadi.net). Beraz, VII. Berdintasunerako Gunea erantzunkidetasuna eta denboraren erabilerak eta bateragarritasun erantzunkidea landuko dituen hausnarketa gune zabal eta anitza izango da.
Ekitaldiren bat antolatzeko interesa duten erakundeekin prestakuntza mintegi bat egingo da ekitaldien inskripzioa zabaldu aurretik. Era berean, foroko ekitaldiak egin ondoren, gaiari buruzko ondorio komunak adostu eta finkatzeko beste lan-mintegi bat egingo da.
Zure elkarte edo erakundeak 2010ko berdintasunerako gune honetan parte hartzea nahiko genuke. Horretarako, pentsatuta daukazuen ekitaldiren bat (jardunaldia, mahai-ingurua, mintegia, hitzaldia, esperientzien aurkezpena, e.a.) marko honetan antolatzera gonbidatzen zaitugu. Horretarako honekin batera doakizuen izena emateko orria bete eta bidali behar diguzue.
VII. Berdintasunerako Gunea 2010eko maiatzaren 10etik 30era ospatuko da. Erakunde bakoitzak bere ekimenaren ardura osoa izango du: edukia, antolamendua (aretoa, ordutegia, hizlariak, deialdia, e.a.) eta ordainketa. Emakundek, berriz, aipatu ditugun bi mintegiak antolatuko ditu, erakunde antolatzaileen koordinazioa eta foroaren idazkaritza lanak egingo ditu eta, azkenik, material komunak (egitaraua, kartelak eta karpetak) prestatu, argitaratu eta parte hartzen duten erakundeei helaraziko dizkie. Bestalde eta paraleloki, foroan egingo diren ekintzak hedatu eta ikustarazteko komunikazio mailan egingo dugu lan.
VII. Berdintasunerako Gune honen antolaketa eta funtzionamendu guztia otsailaren 5ean ospatuko den mintegian zehaztu eta argituko da, ekitaldiak antolatzeko hainbat irizpide eta ideia landuko direlarik.
Ekimen hau zure interesekoa izango delakoan eta topa-gune honetan, ordezkatzen duzun elkarteak parte hartuko duelakoan, agur bero bat.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 21a
Arantxa Elizondo
IDAZKARI NAGUSIA