Hizkuntza-irizpideak: LAN-HIZKUNTZA
A) BARNE-KOMUNIKAZIOA ETA LAN-TRESNAK
A.1) Lanari lotutako hizkuntza-paisaia
IRIZPIDE OROKORRA: lanari lotutako hizkuntza-paisaia gutxienez euskaraz egongo da. Ele bietan dagoen kasuetan, lehenik euskaraz egongo da edo euskara lehenetsita.
• Karteleria eta errotulazio informala euskaraz egongo da.
• Karpeten bizkar eta apaletako errotuluak gutxienez euskaraz egongo dira.
• Egitasmo jakinen izenak gutxienez euskaraz idatziko dira.
• Lan-arriskuen prebentzioarekin lotutako errotulazioa euskaraz eta gaztelaniaz egongo da, hurrenkera horretan.
A.2) Idatzizko komunikazioa
• Ohar eta iragarki-taulak: euskaraz eta gaztelaniaz egongo dira, hurrenkera horretan eta euskarari lehentasuna emango zaio.
• Bileretako gai-ordenak eta aktak: gutxienez euskaraz egongo dira. Bilerak euskaraz edo ele bietan direnean, bestelako dokumentazioa euskaraz egotea sustatuko da.
• Emakundeko barneko idatzi orokorrak: euskaraz egongo dira gutxienez.
A.3) Ahozko komunikazioa
• Lan-bilerak: Emakundeko langileak direnean bileraren arduradunak, bileraren lehenengo puntua hizkuntzari emango zaion tratamendua izango da. Denek ulertzen badute, bilera euskaraz izango da nagusiki. Bestela, euskara eta gaztelania modu orekatuan erabiliko dira.
• Lankideen arteko telefonozko harremanak: euskararen erabilera sustatuko da; beraz, lehenengo hitza euskaraz izan dadila gomendatzen da. Batez ere, hartzailea ezezaguna denean (langile berrien kasuan, esate baterako).
• Lankideen arteko aurrez aurreko harremanak: euskararen erabilera sustatuko da. Beraz, lehenengo hitza euskaraz izan dadila gomendatzen da.
A.4) Baliabide informatikoak
• Software estandarra: ordenagailu berrietan euskarazko bertsioak instalatuko dira.
• Gainerako langileen kasuan ere, 2. HEtik gora egiaztatuta dutenei euskarazko bertsioa instalatzeko gonbidapena egingo zaie.
• Langile berriei euskarazko bertsioak jarriko zaizkie.
• Aplikazio berriak: software berriren bat garatzen denean ele bietan egiteko eskatuko zaio hornitzaileari eta interface guztietan hizkuntza aldatzeko aukera ahalbidetu beharko da.
• Euskarazko bertsioen erabilera: langileek euskarazko bertsioak erabil ditzaten sustatuko da.
B) PERTSONEN KUDEAKETA
B.1) Pertsonen kudeaketa
• Harrera protokoloa (langile berri bat Emakundera heltzen denean): lehen hitza euskaraz egingo zaio, eta dokumentazioa gutxienez euskaraz emango zaio. Langile berriak 3. Hizkuntza Eskakizunetik gorako maila egiaztatuta badu, harrera euskaraz egingo zaio.
Emakunderen hizkuntza politikaren (irizpideak, planaren helburuak…) inguruko informazioa eman eta non aurkitu dezakeen esango zaio.
B.2) Euskarazko trebakuntza
• Euskarazko trebakuntza: langileei euren euskara-maila etengabe hobetzen lagunduko zaie beren lan-eginkizunetan euskaraz aritzeko gaitasuna lor dezaten. Horretarako, urtero trebakuntza-beharrak identifikatu eta behar horiei egokituko zaien urteko plangintza diseinatu, garatu eta ebaluatuko da.
Langileek horretarako dituzten kredituen arabera, trebakuntza lan-orduetan izango da, eta matrikula ordaindu egingo zaie.
B.3) Laneko trebakuntza
• Laneko prestakuntza ikastaroen kudeaketa:
- Urteko trebakuntza-plana lantzen denean, hizkuntzaren gaia kontuan izango da.
- Trebatzaileak kontratatzerakoan euskaraz emateko aukera aztertuko da.
- 3. HE eta 4. HE egiaztatuta dutenek euskaraz jasoko dute trebakuntza, horretarako aukera baldin badago.
- Euskara hutsezko saioak antolatzeko taldeak osatzeko minimoa jaitsi egingo da.
- Trebatzaile euskalduna lortuz gero, eta erabakitako ikasle-kopuru minimoa bermatzen bada, ikastaroa euskaraz emango da eta dokumentazioa ere euskaraz banatuko da. Horrela, hornitzailea kontratatzeko baldintza-pleguetan zerbitzua euskaraz emateko baldintza zehatzak jasoko dira.
- Trebatzailea euskalduna bada, baina euskarazko taldea osatzeko adina kide ez dagoenean, eta taldea osatzen dutenen % 50 baino gehiago euskalduna bada, trebakuntza-saioei lotutako alorren bat euskaraz izatea bermatuko da (ahozko sarrera, dokumentazioaren laburpena...).
- Trebakuntza euskaraz egiten duen langileari ez zaio gehituko urteko ikastaro-kopuru osoan.
C) KANPO-HARREMANAK
C.1) Administrazioa
• Administrazio arteko idatzizko harremana: ahal den guztietan euskara hutsean egingo da, Administrazioak berak herritarrei eta erakundeei harremanetarako hizkuntza hautatzeko eskubidea aitortzen dienez gero.
• Administrazio arteko ahozko komunikazioa: lehen hitza beti euskaraz egingo da, eta elkarrizketa solaskideak aukeratzen duen hizkuntzan egingo da.
D) KUDEAKETA SISTEMA
D.1) Estrategia eta kudeaketa
• Emakunden hizkuntza politika arlo estrategiko bat izango da, eta horrela jasoko da prozesuen mapan eta gainontzeko plangintza-agiri guztietan.
• Emakundek eskura jarriko ditu hizkuntza politika garatzeko beharrezko giza baliabideak, baita baliabide ekonomikoak ere.
• Kontratazio-pleguetan hizkuntza-irizpideak txertatuko dira, eta betetzen direla ziurtatuko da.
• Emakunderen Zuzendaritzak lidergoa erakutsiko du hizkuntza politikan eta langileen parte-hartzea sustatuko du.